Barkamena eskatu behar diot Onintza Enbeita zutabekideari, oso berandura arte ez dudalako jakin haren kontrako jazarpenaren berri eta, ondorioz, ezin izan diodala, orain arte, elkartasuna adierazi.
Barkamena eskatu nahi diot, halaber, kantaria gertutik ezagutu zutenei kasu hau, nahi gabe, Imanol Lartzabalenarekin erkatu dudalako nire gogoan. Ez da bidezkoa ordukoa oraingoarekin konparatzea. Imanolek, H. Canok pertsonaia literario bihurtu aurretik, liburu formatuan jaso baino askoz elkartasun gutxiago bildu zuen. Etsai gauzazkoagoak ziren ordukoak. Mehatxuak seguruenik ere bai. Gizartearen isila eta aiherga nabarmenagoa. Gaur hamasei urte hil zen Imanol haragizkoa erbestean. Bejondeiela paperaren bidez edo denboraren distantziaz harekin berradiskidetu direnei.
Barkamena eskatu behar diot Aingeru Epaltzari ere. Aspaldian Zaldiko-Maldikoko irakurle taldera etorri zen bera (uste dut nik aurkeztu nuela). Irteeran haren kontrako papertxoak topatu genituen lurrean: «Zu bai tristea» (Epaltzak zutabe batean «esa triste banda» errana zuen) eta hainbat abisu-mehatxu, kontuz ibiltzeko esanez kritikatik haratago zihoazelako bere hitzak. Guztiak bildu eta ez dakit esan genion. Koldarragoak ginen orduan denok.

JIRA
Barkamen eskea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu