Angel Erro.
JIRA

Abangoardian

2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Beroaldia hasita-edo dagoenez, ematen du gas errusiarraren auzia bromatan har daitekeela zenbait hilabetez. Eta Errusiak herrialde batzuei (errublotan ordaintzeari uko egiteagatik-edo) horniketa eteteari ekin dion honetan, gure agintariek (egokitu zaizkigunek, zer erremedio) adierazpen xelebreak egiteko baimena eman diotela beren buruari. Borrellek ez-arduratuarena egin berri du: gasa guri saldu nahi ez badigute, haientzat kalte, merkeago saldu beharko die hirugarren herrialdeei.

Askoz bitxiagoak, eta neurri handian aurrekoekin kontraesanean, Ursula von der Leyenen lehenagoko adierazpenak, esan baitu petrolio errusiarra erostera behartuta dagoela Europa, Errusiak ez dezan diru gehiago irabaz besteei salduta.

Nik berez bigarren hauekin identifikatuago ikusten dut neure burua. Justifikazioa ematen diote nire zenbait jarrerari. Jatekoa ateratzen dutenean oldartu ohi naiz mauka-mauka jatera, orain badakit, besteok lodi ez daitezen. Itsusienekin eta toxikoenekin ligatu izan dudanean, ni bezain abstraktu-zalea edo ernea ez den batek eraman ez dezan egin dut.

Eta, ni bezala, beste asko. Tabernetan egunkari fatxena akaparatzen dutenak, esaterako, bestea eskuragai uzteko. Europa beti abangoardian, beti solidarioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.