Joxe Mari Auzmendiren legatua

2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hezkuntzan eta bizitzan (desberdintasunik ba al dago?) Joxe Mari Auzmendik ez du ezer delegatu, bera saiatu izan baita lanak, direnak eta ez direnak, bideratzen. Bideak ireki ditu, baina, agian, bide horiek antzuak izan al dira? Ezta pentsatu ere! Bere garaian Irakasleen Elkartea bertan behera geratu zenean, segida Hik Hasi aldizkariak hartu zuen. Irekitako bide askok ekarri dute beren ondorengoa eta haren heriotzaren ostean ezin dut hori ohartu gabe utzi.

Gogora dezagun, EAJ eta PSE gobernuan, 1993an, hiru sareen arazoa konpontzeko ahalegina egin zela, azkena, haien ustez. Etorkizunean beste aukera berririk ez zela izango mehatxatuz, esanez atea betirako itxita geldituko zela, EAEn orain arte iraun duen legea gauzatu zen (berez, bi lege izan baziren ere).

Garai hartan Ikastolen existentziak sortzen zuen ustezko «anomalia» konpontzeko, Buesa sozialistak (EAJren baimenaz) indarrean jarri zituen Euskal Eskola Publikoaren bi lege haiek. Ikastolen mundua bitan zatitzea lortu zuten, administraziotik onura ekonomikoen eta lanpostuen ziurtasuna erabiliz. Asmoa ez zen izan bi sareen arteko baterakuntza lortzea, eredu nazional euskaldun eta publiko berri baten bidean, baizik eta orduko ikastolak sare publiko espainiarrean harrapatuta geratzea.

Hego Euskal Herrian hiru sare zeuden funtzionamenduan. Lehendik zetozen eskola nazionalak, indar handia zuten zentro erlijiosoak, eta herritarren ahaleginez sortu zen ikastolen sarea. Arraroa egiten zitzaien hirutasun hura bitasunean ohituta zeuden buru batzuei. EAEko gobernura iritsi zirenean premiazko ahalegina egin zuten Ikastolak sare publiko autonomikoan barneratzeko. Horretarako idatzi zituzten legeak, eta nahiko itota zebiltzan ikastolei berme ekonomikoak eskaini zizkien, sarreraren truke.

Ikastoletan zatitu egin ziren iritziak. Batzuk, «publiko» bihurtzea erabaki zuten, egoera hartan erabaki egokiena zela pentsatuz. Beste batzuk, nahiz eta arriskuak ikusi, autonomismoaren barrutik eragitea pentsatuz integratu ziren. Hirugarren iritzi batek pentsatu zuen onena zela ikastolen mugimendua kosta ahala kosta mantentzea, proiektua arriskuan jarri gabe, joko arauak euskaldunon esku ez dauden bitartean.

Esan daiteke azken urte hauetan iritzi bakoitzak bereari eutsi diola, batzuek pentsatuz sistema estataletik aldaketa ederrak lortu direla, batez ere euskararen hedapenean eta atzerritarren inklusioan, eta besteek pentsatuz Ikastolak mantentzea erabaki egokia izan zela, euskalduntasunean, pedagogian eta antolamendu herritarrean aurrerapenak erraztu dituztelako.

Zerk eragiten zuen urte haietan gobernu autonomikoaren buruhaustea? Bistan da: Ikastolen existentziak sortzen zuen ezinegona. Herriak sortutako hezkuntza ildo propio hori zen mugatu behar zena eta, bide batez, argi uztea Euskal Herriak ezin duela, normaltasunez, bere sare publiko euskaldun nazional bat antolatu. Estatu espainiarrean beste inon gertatzen ez den horrekin amaitzea erabaki zuten ohiko eskema bikoitzera errendituz ( publikoa/pribatua).

Joxe Marik ulertu zuen goitik behartutako prozesu horrek, hezkuntza komunitatea zatitzeaz gain, berrikuntza pedagogikoa Jaurlaritza autonomiko batek arlorako agintzen zituen ildo nagusien mendera uzten zuela, oinarrizko hezkuntza eragileen ekimena murriztuz. Handik bi urtera martxan zegoen Hik Hasi aldizkaria, haren pedagogia jardunaldiak eta, sareen gainetik, euskal hezkuntzaren aldeko mugimendu bateratzailea. Laster hogeita bost urte.

Herritar askok zioten, ordea, ikastolekin eta transferituekin baterakuntza bat lortu behar zela eredu publiko euskaldun berri baten bidean, eta hor egon zen Joxe Mari, klientelismo merkeaz gaindi eta sareen arteko loturak zainduz, teorian eta praktikan, lanak, direnak eta ez direnak, delegatu gabe. Hauxe izan da bere legatua. Jarraitzeko daukagun bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.