Angel Erro.
JIRA

Atzera begira

2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Argi dago kontramanifestazio guztiak ez direla berdinak. Manifestazio faxista baten kontra elkarretaratzea, esaterako, zilegitasunetik eta behar moralaren arteko toki batean kokatuko nuke. Kontramanifestazio guztiak ez dira berdinak, argi dago. Baina ostegunean Madrilen gertatu zenari (Ortega Smith eta Voxeko lau katu gehiago Madrilgo udalak, hilketa berri bat salatzeko, bortxakeria matxista antolatu duen agerraldi instituzionalaren kontra beste pankarta batekin agertzea) antz handia ikusi diogu, formetan, Euskal Herrian egiten ziren kontramanifestazioei.

Adina izanen da, baina gero eta gauza gehiagok eramaten naute gazteagoa nintzeneko garaira. Ordukoetan ere bortxakeriaren jatorria gehiago zabaltzera jotzen zuten. Ez noa orain arrazoia nork eta zer egoeratan zeukan. Esaterako, esanen nuke Voxen asmoa ez dela bortxaren jatorria ugaritzea, besteek salatutakoa ezeztatzea baizik.

Pentsatu nahi dut Euskal Herrikoetan bi aldeetako sufrimenduaren ukazioa zela salatu nahi zutena. Paralelismoa beste toki batetik eraman nahi dut. Egokiera falta. Destenorea. Gurean horrelakoetan parte hartutakoak ohartuko ziren, erretrospektiboki, ostegunekoa ikusita, zer trakets aritu ziren? Ohartzean ere egiten da herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.