Angel Erro.
JIRA

Beste greba bat

2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Protestari eutsiko diote sindikatuek Frantziako Konstituzionalak erretretei buruzko erreferenduma ukatu ondoren. Langileek arma hori dute beren eskubideak defendatzeko: greba, eta, batez ere, grebari eustea. Zaila da, baina, halako erronka bat denboran luzatzea. Horretarako ezinbestekoa da antolatuta egotea eta ez da beti gertatzen. Alde horretatik, Bilboko Novaltiako langileena epikoa izan da, hiru urte eta zortzi hilabeteko grebari eutsi baitiote eta, ondorioz, haien soldata %26 igotzea lortu. Orain hilabete bat izan da.

Beste baliabide bat da greba noiz deitu jakitea, negoziazioa erraztu baitezake, xantaia egitearen akusazio mediatikoei aurre egiten jakinez gero. Halako bat ikusi berri dugu Nafarroako autobus gidarien artean; haiek deitutako grebak Osasuna zale askori Sevillako futbol sariketa baten finalera joatea galaraziko zien, hondamendia!, eta gauza jakina da futbola gauza guztien artean dagoela. Eskatutakoa lortuta, bertan behera utzi dute.

Beste bat deitu dutela Nafarroako ostalaritza langileek, hain justu uztailaren 7rako. Gremio baten arrakastak besteena ere badakar. Ez du aurrera eginen. Pozgarria, baina kasu honetan jakin mina nuen tabernarik gabeko San Fermin bat nolakoa izanen zen. Ez dugu inoiz jakinen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.