KRITIKA. Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Ez daukat nahikoa Gershwin

2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra eta Andra Mari abesbatza

Zuzendaria: Wayne Marshall. Sopranoa: Indira Mahajan. Baritonoa: Eric Greene. Egitaraua: George Gershwinen 'Rhapsody in Blue' eta 'Porgy and Bess' operaren zatiak. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 20.

George Gershwinen obra funtsezkoa da XX. mende hasieran Ameriketako Estatu Batuetan izandako musika aldaketak ulertu eta ezagutzeko, gerora Europara ere iritsi zirenak eta, gaur egun, gure soinu-paisaiak inguratzen dituztenak. Eta, hala ere, haren izena nekez irakur daiteke inguruko esku-programetan. Musika Hamabostaldiak hutsune hori betetzeko aukera paregabea eskaini zuen larunbatean; gainera, Wayne Marshall espezialista pianoan eta batutan zela.

1923ko abenduaren eta 1924ko urtarrilaren artean konposatutako Rhapsody in Blue obra ezagunak ireki zuen kontzertua. 1924ko otsailean estreinatu zenetik — Paul Whitemanen orkestrarekin eta Gershwin bera pianoan zela—, bertsio ugari izan dira. 1942an, Ferde Gofrek orkestra sinfonikorako moldatu zuen, jazzaren eta tradizio klasikoaren arteko lotura estutuz. Rhapsody in Blue estatubatuarra da guztiz, Gershwinek adierazi zuen bezala, «arrunkeriaz betetako» obra: «Horretan datza bere handitasuna». Klarinetearen irekieratik pianoaren sarrera sutsuetara, Marshallek gidaritza lan bikaina egin zuen, nahiz eta jazz kutsua tarteka orkestraren atzean ezkutatu zen.

Atsedenaldiaren ostean, Porgy and Bess operaren zatien aukeraketak Gershwinek landutako kolore eta ehunduretan barneratzeko bidea ireki zuen. Tamalez, aria ezagunena, Clara pertsonaiak hasieran abesten duen Summertime lo-kanta, gehiegi puztu zuen Indira Mahajan sopranoak, distira eta goxotasuna erauziz. Baina izan ziren une gogoangarriak, esaterako, Eric Greenek I Got Plenty o' Nuttin' aria ironikoan egindako ekarpen freskoa. Andra Mari abesbatzak ere lan fina egin zuen, hala nola lehen aktoa ixten duen Oh, The Train is at The Station zatian erritmo eta dinamikak menderatuz, baita Where is Brudder Robbins? dramatikoan ere, zeinetan Ana Sagastizabal eta Jesus Garcia Arejularen parte-hartze garbiak nabarmendu baitziren. Opera amaieran Porgyk eta komunitateak abesten duten Oh Lawd, I'm On My Way zatiak zirraraz itxi zuen emanaldia.

Mandatu bat, besterik ez: Gershwin gehiago behar dugu Gershwin hobea entzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.