ATZEKOZ AURRERA. Joana Jauregizar. EHUko irakaslea

«Adin guztietan ager daiteke depresioa»

Haurren depresioari aurre egiteko azterlan bat egin dute EHUn, Jauregizar tartean dela. 'Pozik Bizi' izeneko programa sortu dute, 8-10 urteko haurretan emozioak eta depresio sintomak hobetzeko.
LAURA LOPEZ / EHU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko uztailak 3
Edozein adin eta maila sozioekonomikotako pertsonek izan dezakete depresioa, Joana Jauregizar (Bermeo, Bizkaia, 1976) irakasleak dioenez. Umeetan zailagoa izaten da detektatzea, beti helduekin erlazionatzen delako, baina, hainbat ikerketatan, ikusi dute haurtzaroan ere agertzen direla autoestimu apala, gaitasunik eza eta halako sentimenduak. Horiek horrela, haurren depresioari aurre egiteko, EHUko talde batek Pozik Bizi programa sortu du, eskolei eta irakasleei zuzendua. Jauregizarrekin batera aritu dira Maite Garaigordobil eta Elena Bernaras irakasleak; Alicia Klopowitz fundazioak finantzatu du azterlana.

Zer sintoma agertzen dituzte depresioa duten haurrek?

Loan eta gosean aldaketa nabariak izaten dituzte. Bestalde, askotan hiperaktibitatea agertu edota egonezina haserrearekin erakusten dute: suminkor egoten dira. Antsietatea ere sintoma bat da, helduetan ere agertzen dena. Haurrek haserrearen bitartez adierazten dute antsietatea, ez baitakite zer den sentitzen duten hori, eta oso zaila egiten zaie hitzez adieraztea.

Bakartzeko joera izan daiteke sintoma adierazgarriena?

Osotasunean hainbat sintoma agertzen dira, eta bakartzea beste sintoma batzuekin agertzen da. Baina egia da sintoma garrantzitsua dela, erlazioetan arazoak agertzea oso adierazgarria baita.

Noiz agertzen dituzte lehen sintomak?

Edozein adinetan ager daiteke depresioa. Aurrez egindako ikerketa batzuetan, 7 urtetik 18 urtera arteko haurrak aztertu genituen, eta ikusi genuen adin guztietan agertzen zela. Horrez gain, ikusi genuen 8 urte adin adierazgarria zela, gorakada bat gertatzen zelako, batez ere mutiletan. Nerabezarora gehiago hurbildu ahala, aldiz, gorakada nesketan izaten da.

Zein dira Pozik Bizi programaren helburuak?

Helburu nagusia egoera zailetan umeei laguntzea da, estrategiak eskuratu eta emozioak kudea ditzaten. Hala ere, programa ez dago soilik depresioa duten umeei bideratua; unibertsala da, ume guztiei zuzendua, eta hiru bloketan banatu dugu: hasteko, ikaskideen arteko harremanak hobetu eta estres soziala kudeatzen erakusten zaie; bigarrenik, emozio negatiboak identifikatzen ikasten dute; eta, azkenik, antsietatea kudeatzea lortzen dute. Programaren barruan, hori guztia lortzeko, irakasleak trebatzen ditugu, eta haiek ikastetxeetan saioak egiten dituzte ikasleekin. Gehienbat, 8-10 urteko haurrekin lantzen da programa.

Zein da eskolaren eragina haurren depresioan?

Eskolak garrantzi handia du depresioa detektatzeko orduan, umeen heziketan eta umeei balioak transmititzerakoan ezinbesteko rola duelako, eta askotan etxean ikusten ez ditugun portaerak eskolan agertzen direlako. Baina umearen testuinguru guztiak hartu behar dira kontuan, eta garrantzitsua da guztien artean koordinatzea.

Irakasleek badute depresioa detektatzeko formakuntza nahikoa?

Gehiago beharko lukete. Ez da beraien lana diagnostiko bat egitea, baina alarma seinaleak ikusteko bai, trebatu beharko lukete.

Eta gurasoek zer funtzio dute seme-alabetan depresioa antzematerakoan?

Garrantzitsua da gurasoak ikastetxearekin ondo koordinatuta egotea, informazioa partekatzea eta konfiantza izatea irakasleengan. Susmoren bat izanez gero, beraiekin komentatzea. Ez da kontsulta egiteko beldurrik eduki behar, kronifikatu egin baitaiteke, eta umearen sufrimendu areagotu.

Eskola jazarpenak zenbateko eragina du?

Eskola jazarpena eta depresioa eskutik lotuta doaz. Eskolan seguru sentitzen ez den ume bat, ez dena talde bateko kide sentitzen, nahi eta nahi ez gaizki sentituko da, eta errudun sentituko da.

Nola prebenitu daiteke haurren depresioa?

Alde batetik, lehenengo mailako prebentzioa dago; horren adibide da Pozik Bizi programa. Haur guztiei komeni zaie estres eta antsietate egoerei aurre egiteko abileziak eskuratzea. Bestetik, irakasleak eta gurasoak trebatu behar dira haurren depresioan, halakorik agertuz gero arazoa behar bezala bideratzeko. Autoestimuan, adibidez, gurasoek eta irakasleek zeregin handia dute.

Zer tresna eman behar zaizkie haurrei antsietatea eta estresa kudeatzeko?

Garrantzitsua da beren burua kontrolatzen jakitea, mindfulness motako erlaxazio teknikak erabiliz, adibidez. Bestalde, ezinbestekoa da emozioei buruz hitz egiten ikastea, emozioak eta pentsamenduak kontrolatzea. Teknika horiek eguneroko bizitzan txertatzen badituzte, asko lagunduko die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria