ATZEKOZ AURRERA. Miren Gonzalez Goikoetxea. Artista

«Nik neure burua harritzea magia da!»

Ttok galerian paratu berri duen 'Ber' erakusketari esker, Gonzalezek teknika berriak deskubritu ditu, eta bere burua are gehiago ezagutu du, ohartzeraino zein duen betiko gaia: zatien gregarismoa.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Uztaritze
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Miren Gonzalez Goikoetxearen (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) abstrakzioak kukutu dezakeen zehaztasun mugagabea du. Bakar baten hauskortasunak eta troparen indarrak talka egiten dute harmonia koloretsuan. Zapart kolektiboaren parte da artista, eta Ber erakusketa paratu du Uztaritzeko (Lapurdi) Ttok galerian, uztailaren 4a arte.

Berretsi duzu badakizula zeure burua birziklatzen.

Oso garrantzitsua zait birziklatzea, hala artean nola bizitzan: gustatzen zait beste bizitza bat ematea, bigarren eskuko gauzak janztea, erabiltzea...

Erakusketarako zure bizitzako zenbat zati bateratu dituzu?

Hiru. 2014tik 2017ra bitartean, hizkuntza plastiko ezberdinak nahasten saiatu nintzen koadro bidimentsionaletan. Hemen, plano ezberdinak ikusten dira: lehena berdea da, bigarrena bola, azkenekoa hondoa... Estudioan beti badira soberakinak; ba, zati horiek hartuta hasi nintzen probak egiten. Begira, koaderno honetan ikus daitezke: utzitako zatiak moztu eta landu.

Azkenean, collage fisikoarekin egitea iruditu zitzaidan egokiena. Beraz, nire obraren parte handi bat transformatzen bukatu nuen: mozten, kolatzen, grapatzen... Emaitza hau gustatu zitzaidan, iraunkorra eta txukuna. Zati bakoitzak iltze bat dauka, baina ez dira ikusten, eta hori gustatzen zait, ez baita ikusten zer min egin zaion. Eta bata bestearen gainean iltzatzeak bolumena ematen dio. Ikerketa bat izan da, hiru urtekoa. Modurik sinpleenean hasita, urdin hauekin, adibidez, borobilean, eta, gero, intentzio jakinagoekin bideak eginez.

Eta hirugarren zatia?

Hiru urtez iltzatzen ibili eta gero, interesatzen zitzaidana zen zatiak alboetatik ikustea. Beraz, argazki asko atera ditut. Horiek dira collagetan ikusten direnak.

Orain, koadro handiak margotzen ari naiz. Ikusten dudana marrazten hasten naiz beti, baina, gero, abstrakziora joaten naiz, makro, mikro...

Bolumena, 2Dn eta 3Dn.

Orain gehiago lantzen ari naiz koadro bat bestearen gainean ezartzea. Elkarren artean konektatuz eta deskonektatuz. Asko behatu behar zaie, ikusteko non apurtzen diren eta non ikusten den koadro osoa.

Zerk egiten du Ber-en batasuna?

Proiektu honek erantzunak eman dizkit: zein den, azken finean, betitik interesatzen zaidan gaia. 49 urterekin konturatu naiz beti ari naizela frakzioaz hitz egiten, unitateaz, zatiak elkartzeko moduaz, non konektatzen diren, non deskonektatzen... Collagearen bidez ikus daiteke hori, bai 2Dn bai 3Dn. Askotan pentsatzen dut zati bakoitza pertsona bat dela, bere abstrakzioan, baina immigrazioa, Saharako jendea...

«Tiriki-trauki mailuaren hotsa».

Asko gozatu dut isipua utzi eta mailua, guraizeak eta iltzeak erabilita. Sortzeko erritmoa guztiz ezberdina da; pinturarekin ez bezala, ez naiz zikindu... Guztiz bestelako harremana da. Margotzeari hiru urtez utzi izanak indarberritu nau. Collagea beste modu bat izan da konposatzeko, eta lehengaia nire material propioa.

Min ematen dua nork bere koadroak ebakitzeak?

Ez, sakrifikatu behar dudan horrek irabazten baitu. Ez da apurketa bat, transformatzea baizik. Arnasa ematen dit.

Tradizioaren definizio bat izan daiteke.

Bai. Niretzat, garrantzitsua da egunero estudiora joatea eta jarraitzeko ilusioa izatea. Eta horrek esaten badit nire gauza bat berrerabiltzeko, ongi etorria da.

Odolberoa zarea?

Ez, asko pentsatutakoak baitira proiektu hauek.

Aurreko proiektuek badute sakon landutako gairen bat; zein da honena?

Ikerketa prozesu oso luze baten bukaera da hemen ikusten dena; teknikoki arazo asko daudelako. Aurkitu behar da, adibidez, denborarekin kizkurtuko ez den tamaina...

Gaiaren aldetik?

Lehenik, borobilarekin hasi nintzen: mundua bezala. Abstrakzioak uzten du esanahirako irekidura, norberak nahi duen bezala ikusteko; hori gustatzen zait. Nire gaia hau da: zatien konbinazioa, hizkuntza plastiko ezberdinen arteko konbinazioa. Horrek aukera ematen dit zentzu filosofikoa emateko. Hor nago nire ibilbidea borobiltzen: zatia eta osotasuna... Neure burua argitzeko eta ezagutzeko, sortzen ari naiz beti. Inportanteena da niretzat, azken finean.

Zer unibertsotan barna bidaiatu duzu Ber ateratzeko?

Prozesuak berak eraman ninduen collagea egitera. Harrituena neroni nintzen! Eta nik neure burua harritzea magia da! Horregatik margotzen dut.

Kolore asko eta biziak darabiltzazu.

Behin baino gehiagotan saiatu naiz zuri-beltzean egiten, baina ezin dut hori kontrolatu! Atera egiten zait!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.