ATZEKOZ AURRERA. Imanol Miner. Hizkuntza teknikaria

«Maorieraz bizitzeko aukeraren aurka jokatzen du egoerak»

Duela hamabost urte ezagutu zuen Minerrek maorieraren biziberritze prozesua. Kultur ohiturei buruz ikasteko aukera ere izan zuen: maorien ohiturak egungo gizartera eguneratzen dabiltza.

JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Urtebetez egon zen Zeelanda Berrian Imanol Miner (Errenteria, Gipuzkoa, 1974), duela hamabost urte. Maorieraren biziberritze prozesua ezagutzeaz gain, haiekin esperientziak trukatzeko aukera izan zuen. Zeelanda Berriko indigenen hizkuntza da maoriera. Europarrak hara heldu zirenean aurkitu zituzten jatorrizko biztanleen ondorengoak dira maoriak. Aotearoa deitzen diote haiek Zeelanda Berriari. Han bizitakoa kontatzeko asmoz, hitzaldia emango du Minerrek gaur, Hitz Adina Mintzo zikloaren barruan, Gasteizen.

Nolakoa da maorieraren egoera egun?

Orain hamabost urte egon nintzen han, urtebetez; egiten dabiltzan biziberritze prozesua guretzat interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen. Hizkuntza gutxitu horrek egun 150.000 hiztun inguru ditu; datu horietan elkarrizketa bat maorieraz egiteko aukera dutenak sartzen dira. Hiztun joriak, ordea, 50.000 dira. Kolapsatutako hizkuntza komunitate batez ari gara hitz egiten. Egoera konplexua da, komunitateetan maorieraz hitz egiten dutenen dentsitatea ez da handia, gutxi dira, eta sakabanatuta daude; maorieraz bizitzeko aukeraren kontra jokatzen du egoerak.

Hiztunen datuak, beraz, kezkagarriak dira. Zein da erabileraren atzean dagoen arrazoia?

Bigarren Mundu Gerrara arte maori gehienek maorieraz hitz egin arren, hurrengo hamarkadetako hirietarako migrazio prozesu basatiarekin, komunitateen jatorrizko egiturak apurtu, eta hizkuntza ordezkatzeko prozesua azkartu zen. Halere, 70eko hamarkadako gizarte mugimenduei esker, arreta jarri zen jatorrizko kulturetan; tribuetako buruzagiek ohartarazi zuten hizkuntzaren transmisioa etenda zerbait egin beharra zegoela. Izateko nahia eta borondatea dago biziberritzean.

Ingelesaren aurrean, estigmatizatuta dagoen hizkuntza al da?

Zalantzarik gabe. Gauzak aldatzen ari dira, baina ingelesaren edo bestelako hizkuntza handi baten ondoan, beste hizkuntza guztiak daude estigmatizatuta edo gutxietsita. Maoriek gogotik ordaindu zuten kolonoen lapurreta eta gehiegikerien aurrean erresistentziara jo izana; kolonizazio hitzaren atzean gatazka bat dago, oraindik ere badena.

Hizkuntzan ez ezik, kultur ohituretan ere izan zuen eragina kolonizazioak. Ezagutu al zenituen maorien jatorrizko ohiturak?

Zeelanda Berriak maorien kultura moduan turismorako saltzen duen folklorea da ikusgarriena. Ordea, maorien eguneroko bizitzan euren jatorrizko ohiturak, moduak eta lekuak dituzte. Interesa izanik, zirrikitu bat ikusi orduko, bertakoa ezagutzeko eta esperientziak kontatzeko aukera baliatzen ahalegindu naiz; prozesu bat izan da, hara egindako hiru bidaietan joan naiz ezagutzen bertatik bertara zertan dabiltzan.

Egun, ba al dago talkarik kultura europarraren eta maoriaren artean?

Gertatzen da maoriak Mendebaldeko gizarte moldeetan bizi direla, eta talka baino gehiago uztarketa bat egiten ari direla, oinordekotzan jaso duten ondareari eusteko eta XXI. mendera egokitu ahal izateko. Hemengo egoerarekin alderatuta, ikuspegi holistikoagoarekin ari dira, kosmogoniari eutsiz. Tradizionala dena berreskuratzen eta egungo gizarte moldeetara eguneratzen dabiltza, eta gazteen artean ere bada interesa; gero eta presentzia handiagoa dute, eta aurrera doaz.

Hizkuntzaren arloan ez ezik, sexu askapenaren mugimenduan ere aritutakoa zara. Zein egoera dualor horrek kultura maorian?

Halako galderak mendebaldeko ikuspegi eta eskemetatik egiten ditugu, maorien komunitateetan, eta kultura polinesiarretan, rolak eta praktikak beste molde batzuetan antolatu izan baitira. Jatorrizko tribu eta senitarte zabaletan takatapui-ak [homosexualak] zeuden, beren izaera eta rol aitortuekin, baina kolonizazioarekin estigmatizatuak izan ziren. Egun, euren sexu-genero identitatea eta, ondorioz, sexu praktikak era heteroarautik at kokatzen dituztenak dira takatapui-ak; 70eko eta 80ko hamarkadetatik aurrera diskurtso ez-kolonialetik egindako berrinterpretazioei esker, euren lekua eta duintasuna berreskuratzeko bidean dabiltza.

Beraz, biziberritze prozesuan hizkuntzaz gain bestelako ohiturak ere hartu dituzte kontuan.

Hizkuntzaz gain, lurra bera, munduari begiratzeko era eta naturaz haragoko indarra ere garrantzitsua dira haientzat. Espazio sakratuak ere badituzte, esaterako. Tribu egiturei eusten diete, eta baita autoritate figurei ere. Hizkuntza horrekin guztiarekin doa lotuta, eta biziberritzean dena uztartzen dute maoriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.