ATZEKOZ AURRERA. Unai Ugartemendia. Kazetaria

«Iker Karrerak dena eman du»

Iker Karrera mendi korrikalariaren ibilbide luze eta oparoari buruzko liburua kaleratu du, harekin izandako solasaldietan oinarrituta. Argi eta garbi kontatu dituzte ultratrailetan bizitutakoak, epikarik gabe.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Andoain
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Iker Karrera mendi korrikalariari buruzko artikulu mordoxka bat argitaratua da Unai Ugartemendia kazetari eta BERRIAko kolaboratzailea (Andoain, Gipuzkoa, 1975), baina material interesgarri asko geratzen zitzaion kanpoan. Hortik abiatuta sortu zen liburua idazteko ideia. Iker Karrera ere hitz egiteko prest zegoen. Biek euskaraz argitaratu nahi zuten, eta, azkenean, ezustean, Desnivel argitaletxea animatu zen liburua euskaraz argitaratzera. Emaitza: Bidea ipar. Apaindurarik eta epikarik gabeko liburua, zuzena eta zintzoa.

Iker Karrera al da ultra distantzietako historiako Euskal Herriko korrikalaririk onena?

Bai. Palmaresak hala dio, baina baita goi mailako korrikalari gehienek ere. UTMBn bigarren egin du bi aldiz, bietan Kilian Jorneten atzetik. Bere garaian, 2011 eta 2014 artean, munduko bigarren korrikalaririk onena izan zela esango nuke.

Jorneten atzetik bigarren izatea lurtarren artean lehena izatea da.

Kilian Kilian da, beste maila bateko korrikalaria. Karrerak berak kontatzen du, haiek estu zihoazen bitartean, Kilian txistu joka joaten zela.

Zenbat lan dago Karreraren lorpenen atzean?

Sekulakoa. Hutsetik hasi da, baina oso metodikoa izan da; pila bat entrenatu du; elikadura asko zaindu du; lasterketa eta erronka garrantzitsuetan beti joan izan da aste batzuk lehenago, ibilbidea ondo ezagutzeko; eta altuera handiko lasterketak baino lehen, hipoxia erabili du. Ikusi zuen maila horretan egoteko guztia zaindu behar zuela. Prestakuntza mugaraino eraman du, dena eman du.

Entrenamenduen iraupenari eta gogortasunari dagokionez, astakeria batzuk ere egin ditu.

Berak ere onartzen du lehen urteetan sekulako astakeriak egin zituela, baina ezjakintasunagatik. Egia esan, duela hamar-hamabost urte ez zegoen informazio askorik ultrak entrenatzeko moduaz.

Tor des Geants (356 kilometro, +27.390 metro) egin baino bi aste lehenago ehun miliako lasterketa bat, esaterako.

Gaur egun ez luke hala egingo, orain badakielako.

Zenbat eta ordu eta kilometro gehiago, hobeto... esaten zen.

Konturatu dira ezetz. Gaur egun ultretako korrikalari batzuek hiru orduko entrenamenduak egiten dituzte.

Ultratrailetako aitzindariek kolpeen eta akatsen bidez ikasi dute?

Bai. Kepa Larrea kirol medikuak berak galdetzen zion bere buruari: «Nola entrenatu behar zenuen korrikalari bat 24 orduan gora eta behera korrika ibiltzeko?». Ez zegoen oinarririk. Gaur egun bai, ikerketa asko egin dira, eta asko hobetu da.

Nabari da gustura dagoela bere ibilbidearekin, lorpenez harago, ez dielako printzipioei uko egin.

Berak ezarri du bere ibilbidea, eta, oro har, nahi izan duen bezala egin du.

Korrikalari zentzuduna izan da, baina zentzugabekeria batzuk egin ditu: ehun miliako lasterketa bat lesionatuta, beste bat odol analisien emaitzen eta medikuen iritziaren kontra...

Baditu bere kontraesanak, eta onartzen ditu. Kasu horietako batean, lasterketa batera joateko hitza eman zuen, eta markak behartu egin zuen. Irabazi egin zuen, baina oso gaizki pasatu zuen.

Salomon. Mendi lasterketetarako material ekoizle ezagunena. Korrikalari onenen taldea. Baina liburuan agerian geratzen da markaren eta kirolariaren arteko lotura desorekatua eta hauskorra dela.

Batzuek pentsatu izan dute Iker mendi lasterketetatik bizi zela, baina gehien irabazi duen urtean 5.000 euro irabazi ditu, sekulako emaitzak lortuta. Gaur egun markek material apur baten truke lotzen dituzte korrikalariak, eta sare sozialetan haien burua eta materiala saltzera behartzen dituzte.

Marketina gailentzen ari zaio kirolari eta kirolariei?

Neurri batean, bai. Ikerrek berak dio azkeneko urteetan ohartu zela Salomonek ia garrantzi handiagoa ematen ziela korrikalarien marketin eta sare sozialetako gaitasunari, kirol emaitzei baino.

Korrikalari ibilbidea bukatu berritan esan zuenez, goi mailan egoteko exijentziaz gain, asko nekatu zuen mendi lasterketen inguruko parafernaliak.

Ikerri ere esan diote sare sozialetan gehiago idazteko, baina ez da horrelakoa, ez zaio ateratzen goizean jaiki eta jarraitzaileei «egun on» idaztea. Mendi lasterketen mundua asko aldatu da azkeneko bost urteetan.

Sare sozialetan gutxi idatzi du, baina idatzi duenean gogoeta pertsonalak zabaldu ditu, kasu askotan gogoeta kritikoak egiteko.

Bai. Ultrak bukatzeko moduez, behartuta egindako lasterketez, ultretako gauaren xarmaz... Gauaren xarma? Korrikalari gehienak eguna noiz iritsiko zain egoten direla dio Ikerrek. Salatu izan du mistika asko dagoela mendi lasterketei buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.