ATZEKOZ AURRERA. Amina Hussein. Kazetari kurdua

«Andreak iraultzaren protagonistak dira»

Kurdistango auzia erdigunean jartzen du Amina Hussein kazetari kurduak. Sare sozialetan eta hitzaldietan, zapalkuntzaz, emakumeen herriez, iraultzaz, borrokaz eta erresistentziaz hitz egiten du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Burlata
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Tarteka Kurdistanera itzultzen da Amina Hussein (Qamishli, Rojava, 1988) kazetaria, hango istorioak jaso eta zabaltzeko. Bartzelonan bizi da, eta etxetik kilometro askora egon arren, herria eta familia beti presente ditu. Hitzaldi, hedabide eta sare sozialen bidez, Estatu Islamikoak (EI) hango herritarrei eta batez ere emakume kurdu-yazidiei egiten dieten jazarpena salatzen du. Horren adibide da Burlatan (Nafarroa) lehengo astean emandako hitzaldia. Argi utzi nahi du emakumeak iraultzaren eta borrokaren protagonistak direla eta ez duela haien ahotsa izan nahi.

Kurdistango zer lurralde nabarmenduko zenuke?

Rojava, han hasi zelako iraultza, 2012ko ekainaren 19an, Emakumeen iraultza ere esaten diotena; batez ere, urte hauetan Estatu Islamikoari aurre egiteko orduan izandako rolagatik. Oraingo egoera esan dezakegu konplikatua dela, baina segurua, duela urte batzuetako egoerarekin konparatuta.

Nola jorratzen ari dira hedabideakRojavako auzia?

Iraultza armatuaren inguruan hitz egiten saiatzen dira, baina, berez, ez da hori. Autodefentsa da: eraso egiten dizutenean, eraso egiten duzu, zeure burua babesten ari baitzara. Ekologismoarekin, genero berdintasunarekin eta emakumeen herriak sortzearekin zerikusia duen iraultza bat da. Hedabideek objektu gisa tratatzen dituzte emakumeak, baina ez dira objektu: iraultzaren protagonistak dira.

Protagonista horietako bat Sherin Shivan da;nor da?

Niretzat heroi bat da. 24 urteko neska yazidi bat da. Estatu Islamikoak familia osoa bahitu zion; bera ez zuten bahitu, ihes egitea lortu zuelako. Auzoko lagun guztiak bahitu, eta gehienak hil zituzten. Sufrimendua borroka bilakatu, eta besteei laguntzeko eta erresistentzia egiteko erabili zuen.

Zer egiten ari da?

Amorrua eta tristura hartu, eta gobernuz kanpoko erakunde bat sortu zuen. Oraingoz, 22 emakume askatzea lortu du. Niretzat heroi bat da; hain gaztea izanda eta ia baliabiderik gabe, ikaragarria da kriminalen eskuetatik hainbeste emakume askatzea.

Gazte aktibo gehiago daude?

5.000 emakumetik gora bahitu zituzten, eta oraindik ez dakigu non dauden horietatik 3.000 baino gehiago. Neska gazte asko, mozorrotu, eta EIren kanpalekura sartzen dira, bahitutako lagunak eta senideak aurkitu nahian. Niretzat, emakumeak protagonistak dira; egia esan, heroiak dira.

Nola lagundu ahal zaie?

Dena ahazteko eta aurre egiteko, zentro psikologikoak eta laguntza espezifikoa behar dituzte. Batez ere, babesa, munduak beste alde batera begiratzen baitu.

Zer da Jinwar?

Emakume talde batek 2017. urtean sortutako emakumeen herria, Siriako iparraldean dagoena. Bertan emakumeak soilik bizi dira. Tratu txarrak jasan dituztenak, soilik emakumeekin bizi nahi dutela erabaki dutenak eta gerraren biktima izandakoak.

Auzi asko salatzen dituzu Twitterren, uste duzu aktibismorako baliagarria dela?

Seguruenik bai. Twitterreko hari batek dena aldatzen du. Nik ez dut eragin handiko hedabideekin kontraturik, baina Twitter bidez kontu asko salatu ditzaket. Twitter bidez, herritartasuna lortu nuen, bai eta jendeak ez zekizkien Kurdistanen inguruko gauza asko salatzea ere. Jendearengana zuzenean iristeko modu bat da.

Sareetan, behin baino gehiagotan,Kurdistan eta Palestinako egoerak konparatzen dituzu; zergatik?

Batzuk nire kontra agertu dira horregatik, baina konparatzeak ez du esan nahi auziaren alde bat babesten dudala, ez da zuzenean Israel babesten dudala. Gazari erasotzen ari zitzaizkion aldi berean nire hiriari erasotzen ari zitzaizkion, eta ez zen hedabideetan agertzen.

Zergatik uste duzu dela?

Erdoganek inpunitatea dauka, eta heroitzat hartzen dute. Europaren kontra errefuxiatuen txartela erabiltzeko mehatxuagatik eta beste herrialdeekin dituen interes politiko-ekonomikoengatik izan daiteke.

Zertan uste duzu huts egiten duela hemengo gizarteak?

Gazaren inguruan informatzen diren bezala, Kurdistanen inguruan informatu beharko lukete. Injustizia ezagutu, informatu, eta ikertu.

Ondo informatzeko, zer hedabide gomendatzen dituzu?

Rudawa-k nahiko ondo ematen du gaiaren berri. Kurdistan 24 ere badago. Hawar News-ek Rojavako auzi guztiak jorratzen ditu, gazteleraz.

Zer egin daiteke zapalkuntzaren kontra?

Ez gelditu, ez etsi, erresistentzia egin eta borrokan jarraitu. Kurdueraz esaten dugu erresistentzia bizitza da, Berxwedan Jiyane. Niretzat beti horrela izan da; mendeak daramatzagu horrela, eta horrela jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.