Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Joxe Mari Aizega. BCCko zuzendari nagusia

«Sabairik ez dago; sekulako erronkak daude»

Hamar urte bete ditu Basque Culinary Centerrek, eta hamar urte zuzendaritzan Aizegak. Ekitaldi bat egin dute Donostian. BCCren espiritua laburbildu du: «Beti dago zerbait berria egiteko aukera».
MAIALEN ANDRES / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko irailak 28 - Donostia

Zalaparta giroa dabil Basque Culinaryren egoitzan. Azken orduko aginduak ikasleei, harrera sukaldariei, eta diosala agintariei. Joxe Mari Aizega zuzendariak (Hernani, Gipuzkoa, 1970) ez du tenplerik galtzen. Hamargarren urteurreneko ekitaldia da; hartu du tarte bat atzera begiratzeko, aurrera nola egin erabakitzeko.

Urduri dago zuzendaria?

Oraintxe, apur bat bai.

Ohituta egon behar zenuke?

Eta hala nago, baina gaur [atzo] dena intentsitate berezi batez ari gara bizitzen.

Zer gosaldu duzu?

Egunero bezala: proteina apur bat frutarekin, tostada bat, kafea eta laranja zukua.

Hamar urte zaharragoa zara?

Eta nabaritzen da, nahiz eta oraindik espiritu gaztea daukadan.

Zer galdu duzu, eta zer irabazi?

Galdu, ezertxo ere ez. Irabazi, lagun asko, lan zoragarri bat, eta sektore zoragarri bat.

Eta ikasi?

Gauza asko. Jendearen grinari buruz ikasi dut, batez ere. Eta kozinatzen ere bai!

Non egon dira oztopoak?

Gauza berriak egin nahi direnean, beti daude oztopoak. Mota guztietakoak: pertsonei gauza berri horietara jartzea kostatzen zaiela, baliabideak behar direla, aukera topatu behar dela... Baina gai izan gara horietako gehienak gainditzeko.

Garestia da Basque Culinary Center?

Hau fundazio bat da, eta autofinantzaketa behar du. Kobratzen dugu guri kostatzen zaiguna. Garestia dela? Nondik begiratzen diozun. Azkenean, goi mailako zerbitzu bat jasotzen duzu, eta prestatzen zaitu ibilbide profesional baterako.

Elitista da Basque Culinary Center?

Elitista ez, ez da elitista.

Euskal gizarteak bat egin du Basque Culinary Centerrekin?

Uste dut baietz. Hasieran erabaki genuen mundu mailan jokatu nahi genuela, eta ingelesez jarri genion izena. Baina gauza asko egin ditugu gure jarduera euskal gizarteari hurbiltzeko. 10.000 zale pasatu dira hemendik, gure jatetxeak hemengo jendez gainezka daude beti... Jende askok bizi izan du Basque Culinary Center.

Izenean ez, baina euskara presente dago BCCn?

Noski; gure identitatea, euskal identitatea, oso errotuta dago hemen. Komunikazioan, menuetan, afixetan... Nazioarte mailan jokatu nahi dugu, baina bertakoak gara eta bertan gaude, nahiz eta uztarketa hori ez den beti erraza izaten. Hori da gure erronka.

Zer ateratzen dira BCCtik, sukaldariak?

Eta askoz gehiago. Gastronomia, zentzu zabalean, sektore oso handia da, eta lanbide asko dauzka.

Irteera profesionala izan da beti honen helburua?

Mondragon Unibertsitatetik ere bagatoz, eta enpresekiko eta lanarekiko lotura oso funtsezkoa da guretzat. Hibrido bat gara: gastronomia eta unibertsitatea.

Zer da 360 graduko gastronomia?

Errealitatea eta gizartea modu holistiko batean aztertzea, ez modu partzelatu batean, baizik eta ahalik eta zabalen. Ikuspegi zabal horrek ematen digu aukera proiektu pila bat garatzeko.

BCCk sabaia jo du?

Ez dago sabairik. 360 graduko ikuspegi horretatik ikusten duguna da elikadurarekin eta gastronomiarekin sekulako erronkak daudela etorkizunean: jasangarritasuna, osasuna, plazera... oraindik asko dago egiteko.

Eta zuen etxea berritasunaren erreferente da?

Pentsatu izan dut batzuetan bukatuko ote zaigun berrikuntzaren ibilbide hori, baina konturatzen zara beti dagoela zerbait berria egiteko aukera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kritika egingo dugu, tokikotik globalera»

Urtzi Urkizu

Bilboko Seriesland jaialdian 'Zikings' animaziozko websailaren lehen atala proiektatu dute. Abenduan sarean izango dira ikusgai aurreneko bost atalak. Proiektua «monetizatu» egin nahiko lukete.
 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

«Musikan dena dut egiteko»

Gorka Erostarbe Leunda

Pandemiak apenas utzi dion 'Rueda' azken lana behar bezala aurkezten; Bilboko Euskeria abesbatzaz lagunduta kontzertua emango du etzi, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Haurrak lurperatzen zituzten eremuaren indusketa, Begoñako hilerrian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Autopsia hilerri bati

Jakes Goikoetxea

Begoñako hilerria kendu eta parke bat egingo dute Bilbon. Aurretik, ordea, bertako hezurrak ateratzen, aztertzen eta sailkatzen ari da Aranzadi zientzia elkartea. Hilerriko gainerako elementuak ere aztertzen ari da. 'Begoñako Argia' izena du proiektuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.