Euskal Elkargoa eta Nafarroa prest daude Share egitasmora batzeko

Eusko Jaurlaritzak sustatu du, eta Europako Batasuneko migrazio politiketan eragitea du xede

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Europako hauteskundeetarako hogei egun besterik falta ez dela, Europako Batasuneko estatuz azpiko zortzi gobernu prest agertu dira Eusko Jaurlaritzak udazkenean aurkeztu zuen Share proposamenean parte hartzeko, eta beste hogei gobernu ere aztertzen ari dira parte hartzeko aukera. Hauek dira oraingoz proposamenarekin bat egin dutenak: Euskal Elkargoa, Nafarroa, Katalunia, Akitania Berria (Frantzia), Atika (Grezia) eta Melilla (Espainia); Europako erakundeetara eta bakoitzari dagokion estatuko gobernura joko dute orain.

Joan den udazkenean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Share egitasmoa, Europara iristen diren migratzaileen «harrera eta integrazioa» erregulatzeko asmoarekin. Migratzaileak hartzeko irizpide batzuk ezartzea aipatu zuten, besteak beste: lurralde bakoitzaren egoera zein den, horren araberakoa izatea migratzaile kopurua. Lurraldearen zerga bidezko diru sarrerak, biztanle kopurua eta langabezia tasa hartu nahi lituzkete kontuan.

«Migrazio arloan, hobeto eta gehiago egin daiteke Europan», adierazi zuen Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetzako idazkari nagusiak, proposamenaren bilakaera aurkezteko atzo egin zuten prentsaurrekoan. Gaur egun ematen den erantzuna ez dela «nahikoa» kontsideratu, eta gakoa «erantzukidetasun printzipioa partekatzea» dela adierazi zuen.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, migrazio «krisia» abiatu zenetik, asilo eskaera egin duten 2.000 pertsona artatu ditu gobernu autonomikoak. Fernandezen hitzetan, urte guziz, 10.000 etorkin inguru EAEko bizitza sozialean eta lan munduan integratzen dira, «normaltasun osoz».

Europa guzian batera

Europa guzian zehar momentu berean komunikatu zuten hartu duten engaiamenduari buruz. Hala, Nafarroako Gobernuak ere agerraldia egin zuen atzo, eta Miguel Laparra Giza Eskubideetarako presidente ordeak adierazi zuen «eskualdeetako» gobernuak «behetik gora» ari direla mezua zabaltzen. Nafarroan 700 migrante baino gehiago ari zaizkie harrera egiten.

Euskal Elkargoari dagokionez, Sharen sartuko dela erranez Jean Rene Etxegarai lehendakariak Iñigo Urkullu lehendakariari bidalitako gutuna publiko egin dute. «Harro» agertu da Etxegarai, gobernuen «inertziaren» aurrean ekiten ari direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.