Kaleko saltzaileen aurka Bilboko udaltzainek duten jarrera salatu dute

Lekukoen arabera, herenegun gauean materiala kendu eta borrekin jo zituzten. Udalak dio gazte batzuek eragin zituztela istiluak

Kaleko saltzaileen protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko Udaltzaingoak bi pertsona atxilotu zituen herenegun gauean, Areatzako zubian zeuden kaleko saltzaileei materiala kendu ondoren inguruan sortu ziren istiluengatik. Aste Nagusiko jai eremuan zeuden gazte batzuek udaltzainei protesta egin zieten kaleko saltzaileei egindakoagatik. Udalak azaldu duenez, kalea jendez lepo zegoelako eta bidea errazteko kendu zieten materiala, eta gaineratu du Aste Nagusian arratsaldero egiten duten «ohiko esku hartzea» izan zela, pertsonen joan-etorria errazteko.

Lekukoen arabera, baina, udaltzainek borrekin jo zituzten kale saltzaileak eta haiek babestera joandakoak. Udalak, berriz, azaldu du azken horiek «oso bortizki» egin zutela udaltzainen aurka, eta horregatik jokatu zutela poliziek jokatu zuten moduan. Istiluak Areatzatik Plaza Biribilerantz egin zuen, eta hara jo zuten Ertzaintzaren bost bat furgonetak; hango jai eremuan zeuden herritar asko korrika hasi ziren, eta tentsio uneak izan ziren. Poliziek ingurua hesituta eduki zuten, eta bi pertsona atxilotu zituzten; haietako bat adingabea da. Agintearen aurkako atentatua leporatzen diete.

Bilboko konpartsek udaltzainen esku hartze «bortitz eta neurrigabea» salatu dute ohar batean, eta berretsi dute «oso bestelako bideak» daudela jai eremuan segurtasuna bermatzeko. Bilbao Dendak plataformak, berriz, udalaren erabakia eta udaltzainen jarrera babestu ditu.

Aurreko astean, SOS Arrazakeriak udalari eskatu zion udaltzainek ez dezatela «oztopatu» saltzaileen lana, eta kanpaina bat jarri zuen martxan, «indarkeria arrazistarik gabeko» jaien alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.