Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Nafarroa

EH Bildu hirugarren geratu da, eta PSNk diputatu bat galdu du

Partaidetza hiru puntu jaitsi bada ere, koalizio abertzaleak 9.600 boto gehiago lortu ditu. Navarra Sumak, PSNk eta Unidas Podemosek 11.000 boz baino gehiago galdu dituzte

EH Bildu hirugarren geratu da, eta PSNk diputatu bat galdu du.
joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Bel Pozuetak, ustekabea eman, eta diputatu akta izango du. Apirilaren 28an, EH Bildu 406 botoren faltan geratu zen diputatua lortzeko; bost hilabete geroago, aise gailendu du langa: botoen %100 zenbatuta, 56.387 boto eskuratu ditu, apirilean baino ia 9.622 boto gehiago. Koalizio abertzalea hirugarren geratu da, Unidas Podemosen aurretik. Koalizio moreak 13.202 boto galdu ditu, baina galera ez dute askorik nozitu, eutsi egin baitiote diputatuari. Ironikoki, Nafarroan PSNren kaltetan izan da hauteskundeen errepikapena: bai EH Bilduk eta bai Unidas Podemosek sozialisten botoen erdiak baino gehiago lortu dituzte. Aise.

Aldez aurretik argi zegoen partaidetzak behera egingo zuela, eta desmobilizazioa gehien ordaintzen zuen alderdiak galduko zuela diputatua;alderantziz, botoak igotzea lortzen zuen indarrak ezustea eman zezakeen. Eta halaxe gertatu da, azkenik. Partaidetza hiru puntu jaitsi da, eta, testuinguru horretan, EH Bilduk lau puntu pasa egin du gora: botoen %12,8tik %17ra pasatu da. Maiatzeko foru hauteskundeetako emaitzak (50.630 boto) nabarmen hobetu ditu.



Geroa Baik elikatu du igoera hori. Apirilean, diputatua lortzeko lehiatik urrun geratu zen, eta, oraingo honetan, are urrutiago geratu da: 9.687 boto inguru galdu ditu.

Gainerako alderdi nagusiek desmobilizazioari igarri diote, eta botoak galdu. Navarra Sumak hauteskundeak irabazi ditu berriro ere, baina politikoki garesti ordain dezake. Apiriletik hona, 9.171 boto jaitsi da —botoen ehunekoan %29,5i eutsi egin dio—. Hala ere, perspektiba historikotik begiratuta galera handiagoa da. Eskuineko hiru alderdi elkartuta ere, aspaldiko emaitzarik txarrena izan dute. 2000tik gutxienez, UPNk eta PPk, elkarrekin edo bananduta, 120.000 bototik gora lortu izan dituzte; Navarra Sumak, berriz, 98.448 boto besterik ez du bildu.

Galdutako botoen parte txiki bat Vox eskuin muturreko taldeak bereganatu ditu: 817 boto gehiago eskuratu ditu.

PSNk 11.300 boto gutxiago

Adierazgarria izan da Nafarroako Gobernua osatu duten alderdi guztien beherakada. Baita PSNrena ere. Alderdi sozialista ehunekoetan zazpi hamarren jaitsi da, baina kolpe handiagoa izan du boto kopuruan: 11.309 boto egin du behera. Apirilean, EH Bilduri kendu zion azken eserlekua; orain ez da lehiarik izan. Koalizio abertzalearen igoerak eta sozialisten jaitsierak ezinezko egin dute PSNk bigarren diputatua izatea.

Horretarako, Unidas Podemosen hondamendi bat behar zuen. Koalizio moreak, boto ugari galdu baditu ere, erraz lortu du azken diputatua, bildutako 54.917 botoekin.

Senatuari dagokionez, ez da ezustekorik izan, eta lehen indarraren eta bigarrenaren artean banatu dituzte lau senatariak: Navarra Sumak, hiru; PSNk, bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.