Presidenteen bileran parte hartzeko deia

Sanchezek azaldu du «lehenbailehen» egingo dela aldebiko bilera. Otegik uste du oraingo polemika «menpekotasunaren» froga bat dela

Urkullu eta Sanchez, iaz, Donostian egindako kongresu batean. JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak autonomietako presidenteen konferentzian parte hartzeko eskatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, gutun baten bitartez. Haren arabera, garrantzitsua da lehendakariak batzar horretan parte hartzea, «erabakigarria» izango dela iritzita. Gainera, konpromisoa hartu du kontzertu ekonomikoaren batzorde mistora «lehenbailehen» deitzeko, baina jarduneko lehendakariari eskatu dio birusak azken hilabeteotan izan duen «eragina ere uler dezala».

Sanchezek gutuna bidaltzea erabaki du, Urkulluk jakinarazi baitzuen ez zuela batzarrean parte hartuko batzorde mistora deitu ezean. Hain zuzen, martxoaren 11n batzartu ziren azkenekoz Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza, eta erabaki zuten lehen seihilekoa amaitu aurretik berriro ere elkartzea. Epe hori amaituta, Jaurlaritzak batzordera «berehala» deitzeko eskatu zion joan den astean Madrili. Jaurlaritzak adostu nahi du zenbateraino zorpetu ahal izango den COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko, eta jakin nahi du zenbateko defizita edukiko duen.

Bihar batzartuko dira, Donemiliaga Kukulan (Espainia). Sanchezek Urkulluri bidalitako gutunean adierazi duenez, mahai gainean «funtsezkoak» diren bi erronka nagusi egongo dira. Batetik, osasun krisiaren egoera eta koordinazioa izango da hizketagai, eta, bestetik, Europako Batasunak onartutako suspertze funtsa. Izan ere, Espainiako Gobernua 140.000 milioi euro jasotzekoa da. Espainiako presidentearen arabera,«kohesio sozial eta ekonomiko handiena elkarrekin lortzea» da batzarraren helburua. Areago: erantsi du osasun larrialdian Urkulluk «batasunaren eta lankidetzaren espiritu leiala» erakutsi duela. «Jarrai dezagun erakusten gobernantza partekatua, elkarrizketa eta lankidetza direla aurrez aurre ditugun egoera zailak gainditzeko bideak», azaldu du Sanchezek.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere gogoan izan du presidenteen batzarra Haren ustez, bileraren polemika «menpekotasunaren» froga bat da: «Espainiako eredu autonomikoak eta konstituzionalak ezartzen duen menpekotasunean oinarrituriko harreman hierarkikoaren beste froga bat da exijitzea». Are, uste du aldebiko batzordearekin gauza bera gertatzen dela. «Aldebiko harremana dagoela azpimarratzea fikzioa eta zentzugabekeria politikoa da».

Torrari ere gutuna

Quim Torra Kataluniako presidenteari ere gutun bat bidali dio Sanchezek, oraingoz ez baitu batzarrera joateko asmorik. Uste du ez dela batzartzeko garaia, birusaren agerraldiak daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.