Koronabirusa

Labiren zain, Aste Santuko murrizketei so

Aste Santurako planean bat dira Espainia eta autonomiak: murriztuko dira erkidego arteko joan-etorriak, eta etxeratze ordua egongo da

Osasun profesional bat, PCR proba bat egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
EAEko Babes Zibileko Planaren aholku batzorde Labiren bileraren ostean gaur zehaztuko dira Araba, Bizkai eta GipuzkoanCOVID-19aren izurriari aurre egite aldera hemendik aurrera zerprebentzio neurri ezarriko diren. Igaro egunetan adierazi dituzte Eusko Jaurlaritzako buruzagiek «zuhurtasunaren» aldeko mezuak, eta atzo berritu egin zituen gobernuko eledun Bingen Zupiriak: «Mugikortasunean aldaketaren bat balego ere, kontuan izan behar dugu kontuz eta neurri zorrotzak betez ibili beharreko 3-4 hilabete ditugula aurretik». Nafarroako Gobernuak ere, etorkizun hurbileko eta ertaineko erabakiak hizpide, egina du «zuhurtasunaren» aldeko hautua.

Hainbat iturriren arabera, izurriaren datuek azken asteotan hobera egin dutela iritzita, espero da gaur Labiak arintzea herrien arteko joan-etorriak egiteko ezarrita dauden murrizketak. Aldaketa izango da; egun, kasu baimenduetan bakarrik —lanerako, ikasketetarako, zaintza lanetarako...— irten daitezke herritarrak bizileku dituzten herrietatik: soilik mugakide dituzten herrietarako egin ditzakete joan-etorriak libre, inork argibiderik eskatzeko arriskurik gabe. Arratsaldean 16:30ean dira batzordeko ordezkariak bilera egitekoak, eta gero agerraldia egingo dute erabakiak jakinarazteko.

Bide batez, atzo ezagutarazi zen Espainiako Gobernuak Aste Santura begira ondu duen plana. Osasun ministro Carolina Dariasek asteazken gauean argi utzi zuen gobernuaren asmoa ez dela inondik inora ere prebentzio neurriak sobera arintzea Aste Santuan. «Gure helburua bizitzak salbatzea da, ez asteak salbatzea». Lelo hori errepikatu zuen behin eta berriz, mugikortasuna mugatzen jarraitzeak garrantzi handia duela oroitarazi zuen, eta onena autonomia erkidego guztiek ikuspegi «homogeneo» batekin jardutea dela adierazi zuen. Zupiriak ere atzo onartu egin zuen garrantzitsua dela gobernu autonomiko guztiek «oinarrizko akordio» bat hitzartzea Madrilekin batera, eta horren araberako erantzun bateratu bat prestatzea Aste Santurako.

Efe albiste agentziak atzo zabaldu zuen Espainiako Gobernuak propio egun horietan pentsatuta prestatu duten planean zehazten dela erkidegoen arteko mugimendurik ezingo dela baimendu oraindik, eta deia egingo dela, oro har, «beharrezkoak» ez diren bidaiarik ez egiteko. Jende «pilaketak» saihestea ere proposatzen da plan horretan. Atzo arratsaldean jakin zen Osasun Publikoaren Batzordean elkarturik onetsi zutela autonomia erkidegoek, oro har, proposamen horren gaineko itun bat. Horiek horrela, Aste Santuan itxita egongo dira erkidegoak; batetik besteraezingo da joan baldin eta baimendutako motiboren batengatik ez bada. Bide batez, etxeratze agindua ere indarrean egongo da: 22:00etarako erretiratu beharko da etxera egun horietan ere. Neurri horiek, hala ere, datorren astean berretsi beharko dituzte.

Iparraldean, neurriak oraino

Ipar Euskal Herriko intzidentzia tasa Frantziako Estatuko apalenetarikoa da gaur egun: 20 eta 50 kasu dira, 100.000 biztanleko. Hala eta guztiz ere, neurriak ez dituzte arinduko, eta etxeratze aginduak indarrean jarraituko du, 18:00etan, gutxienez lau astez. Bi hilabete dira neurri hori bete behar dutela herritarrek.

Jean Castex Frantziako lehen ministroa mintzatu zen atzo arratsaldean: «Egoera ezberdinak dira departamenduz departamendu, baina egoera nahiko ona den lekuetan ere, zuhurtziaz jokatu behar dugu. Intzidentzia kolpez igotzea gerta daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.