Erosketak egitean erabilitako poltsa arinak ordaindu egin beharko dira Hego Euskal Herrian, datorren uztailetik aurrera. Orain artean, poltsa handiengatik ordaintzen zen saltoki gehienetan, baina poltsa guztien salmenta erregulatzeko dekretu bat onartu zuen atzo Espainiako Gobernuak. Hala, hamabost mikra baino lodiago diren poltsa guztiak ordaindu egin beharko dira aurrerantzean.
Gobernuaren arabera, poltsa arinek «izugarri» kutsatzen dutelako hartu dute neurria. Isabel Garcia Tejerina Ingurumen ministroaren esanetan, «berrerabilpen tasa txikia» dute poltsa horiek, eta oso erraz barreiatzen dira lurrean, duten pisu txikiarengatik. 15 eta 50 mikra arteko lodiera duten plastikozko poltsak dira «arin» gisa izendatuak, eta haiei eragingo die neurriak, batik bat. 50 mikra baino gehiago dituztenengatik ere derrigor ordaindu beharko da neurria martxan jartzen denean; orain artean, saltoki askok beren kasa ezarritako neurria zen horiengatik ordaintzea, sarri berrerabiltzen direlako.
Dekretuak salbuespen bakarra egin du plastikozko poltsen doakotasunari dagokionez; «oso arin» gisa kalifikatutako poltsengatik ez da ordaindu beharrik izango. Hamabost mikratik behera duten poltsak dira horiek, eta higiene produktuekin nahiz ontziratu gabeko jakiekin erabiltzen dira gehienbat; hala nola fruta, haragia eta arrainarekin. Ingurumen Ministerioak azaldu duenez, «higiene kontuengatik» utzi dituzte neurritik kanpo. Iraupen zehatza izango du dekretuak, 2021etik aurrera debekatuta egongo baitira «oso arin» eta «arin» kategoriako poltsak, biodegradagarriak izan ezean.
Garcia Tejerinak zehaztu du plastikoaren kontsumoa erregulatzea dela neurriaren xedea: «Plastikoen erabilera murrizteko bidean, anbizio handiko legedia osatzea ahalbidetuko du neurri honek». Ipar Euskal Herrian antzeko neurriak indarrean daude jada. Halaber, Garcia Tejerinak azaldu du poltsa horien %90 behin bakarrik erabiltzen direla, eta erabilera 12 eta 15 minutu artekoa izan ohi dela, batez beste: «Hori bai, 100 eta 500 urte artean behar dituzte deskonposatzeko». Halaber, ohartarazi du itsasoan gehien dauden hondakinen artean daudela plastikozko poltsak; bost eta hamahiru milioi tona inguru iristen dira urtero itsasora, Ingurumen ministroak nabarmendu duenez. Datu horiek kontuan, plastikoaren kontsumoa murrizteko «bide orri espezifiko bat» abiatzeko asmoa agertu du gobernuak.
Gaia, puri-purian
Plastikoaren gaia zeresana ematen ari da azken boladan. Duela hilabete batzuk sortu zuten erabilera bakarreko plastikoen aurka protestan ari den Break Free From Plastic (plastikoarekin hautsi) mugimendua. Mundu osoko 1.100 elkartek baino gehiagok osatzen dute mugimendu hori; Euskal Herrian, Greenpeace elkarte ekologista ari da kanpaina horretan, batik bat. Apirilean protestak egin zituen Greenpeacek Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko saltoki handi batzuen atarian, plastikoa amaitzea eskatzen duen kanpaina horren barruan.
Poltsa arinak ordaindu egin beharko dira
Uztailetik aurrera plastikozko poltsak kobratu egingo dituzte Hegoaldeko saltokietan. Hamabost mikratik beherakoak, salbuetsita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu