Errefuxiatuen krisia. Europako Batasunaren erantzuna

Hungariaren erantzuna: beste hesi bat

Bruselan gutxieneko akordio bat lortu dute iheslarien etorrera mugatzeko.Serbiaren eta Kroaziaren arteko giroa erabat gaiztotu da

Hungariako soldaduak, duela astebete, hesia eraikitzen Kroaziako mugaldean. TAMAS SOKI / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko eta Schengengo eremuko kanpo mugak hobeto kontrolatzeko premian bat datoz 28 estatu kideetako agintariak, eta horren erakusgarri da atzo goizaldean estatu eta gobernuetako buruzagiek Bruselan hitzartutako adierazpen bateratua. Gutxieneko akordio bat besterik ezin izan zuten adostu Mediterraneotik Grezia eta Italiara eta Turkiatik Bulgariara sartzen ari den iheslari uholdeak bereziki Balkanetako igarobidean eragindako presioa arintzeko ahaleginean. Europa zaharreko eta ekialdeko estatuen arteko desadostasunak, ordea, sakonak eta agerikoak dira —EBko Barne ministroek gehiengoz erabaki zuen errefuxiatu banaketak areagotu egin ditu—, eta ohiko bihurtzen ari den estiloarekin erantzun du Hungariak: beste hesi bat hasi da eraikitzen, oraingoan Esloveniako mugaldean.

Aurrena Serbiako muga itxi zuen Viktor Orbanen gobernuak, 175 kilometroko burdin sare batekin; ondoren, Errumania eta Kroaziako mugan ere hesiak altxatzen hasi zen; eta herrialdearen hegoalde osoa hesitzeko bidean da, Esloveniako hesiarekin. Aurten 220.000 errefuxiatu baino gehiago atxiki ditu Hungariak, baina gehienek Alemania eta Europa iparralderako bidea jarraitu dute. Alemania, Frantzia, Italia, Suedia eta beste hainbat herrialdetako agintariek gogor gaitzetsi izan dituzte Orbanen erabakiak eta Hungaria errefuxiatuei ematen ari zaien tratua. Baina Orban tematuta dago bere herrialdearen mugak babesteko, eta arazoak jatorria Hungarian barik Grezian duela arrazoitzen du, Atenasek gainez egin eta ezin baitu migratzaileen jarioa kontrolatu.

Errefuxiatuen iritsiera apaltzeko neurriak adostu zituzten asteazken gaueko bilera informalean Europako Batasuneko estatu eta gobernuetako buruek. Alemania eta Frantzia batetik, eta ekialdeko estatuak bestetik, Europak agertu beharreko balio eta printzipioei buruz hain ikuspuntu bateraezinak dituzten agintariak bat etorri izanak ematen du hitzartutako adierazpenaren neurria.

Merkelek gehiago nahi du

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak «akordio iraunkor bat» nahi du errefuxiatuak estatu kideen artean banatu eta krisiari luzerako aterabidea emateko, eta Bruselan «aurrerapauso bat» eman dutela onartu arren «bukaeratik oso urrun» daudela nabarmendu zuen atzo.

Bien bitartean, Europara trumilka iritsi eta iritsi ari dira errefuxiatuak —Greziako kostazainek abuztuan 107.843 iheslari erreskatatu zituztela jakinarazi zuten atzo—, eta Balkanak «desegonkortzen» ari direla ohartarazi du Esloveniako lehen ministro Miro Cerarek.

Horren erakusgarri da Serbia eta Kroaziaren arteko gatazka, biak ari baitira elkarren arteko pasabideak ixten. Egunean 5.000 iheslari baino gehiago iritsiz gero, Serbiako muga itxi egingo duela jakinarazi du Zagrebek; eta erabaki hori «iraganean Kroaziako estatu faxistak hartzen zituen neurriekin» alderatu du Belgradek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.