Mintzo direnak hormak direnean

Donostia 2016ren eta Ereiten-en 'Hormek diote' proiektuan hainbat ekintza egingo dituzte martxoan, kaleko arteaz gogoeta sortzeko

Atzo aurkeztu zuten Hormek diote egitasmoko bigarren fasea, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Bost mural margotu dituzte Donostia aldeko hormetan. Hiru Donostian, bat Pasaian eta bestea Errenterian. Donostia 2016ren Bakearen Itsasargiak eta Ereiten Kultur Zerbitzuak joan den urrian jarri zuten abian Hormek diote egitasmoa. Harresiak oztopo diren gizartean, hormak bizikidetzaren ikur bihurtzea da asmoa. Bost artistak bost mural margotzea zen proiektuaren abiapuntua, eta, behin lehen fasea amaituta, iritsi da bigarrena. Mural horien mapa fisikoa aurkeztu dute, eta zenbait tailer antolatu dituzte kaleko artearen inguruan.

«Ez dugu nahi muralak eta kale artearen inguruko hausnarketa paretetan soilik geratzea», azaldu du Koldo Almandoz egitasmoaren koordinatzaileak. «Proiektu kritikoa eta autokritikoa da; ez du apaintzeko helburua soilik». Kalean sortzen den artearen inguruan gogoeta piztu nahi dute, «halako ekintzak ondo hartu ez diren hiri batean».

Proiektua herritarrengana hurbiltzeko, muralak bisitatzea xede duen ibilbide bat proposatu dute. Ohiko zirkuituetatik at dago bide hori, eta, hala, Donostia eta inguruen ikuspegi berri bat eman nahi dute. Mapa bat kaleratu dute horretarako: besteak beste, muralen argazkiak, egilearen inguruko informazioa eta kokapena jaso dituzte. Oraingoz, Donostia 2016ren egoitzan eta kultur etxeetan eskura daiteke mapa. Bisita gidatuak antolatzeko asmoa ere badute, egunik zehaztu ez badute ere.

Gogoeta pizteko tailerrak

Horrez gain, martxoaren 2tik 12ra askotariko tailerrak antolatu dituzte. Ekitaldiei hasiera emateko, BYG artista kolektiboak mural bat margotuko du. Handik bi egunera, Kontadores zentroan collage tailer bat egingo dute, eta kolektibo berak parte hartuko du han ere. Gazteek kale artearen inguruan gogoeta egitea da saioaren helburua, eta parte hartzeko martxoren 3a baino lehen eman behar da izena zentroaren webgunean.

Iñigo Salaberria artistak eta Las Chicas de Pasaik kolektiboak bideomural bana sortu dute, Donostia 2016ren enkarguz. Salaberria hamasei auzotan grabatzen hasi zen, zer aurkituko zuen jakin gabe, eta ohartu zen bi gai gailentzen zirela gizartean: genero indarkeria eta Euskal Herriko gatazka politikoa. Hainbat irratsaioere entzun ditu lana egiteko. Bestelakoa da Las Chicas de Pasaik taldeko Maria Elorzak eta Maider Fernandezek sortutako ikus-entzunezkoa. Espazio publikoaren eta pribatuaren arteko muga gisa irudikatu dituzte hormak, eta gai hori emakume izaerarekin lotu dute. Lehen aldiz ikusi ahal izango dira bi lan horiek martxoaren 5ean Tabakaleran, Blu grafiti egilearen film labur batekin batera.

Egun eta toki berean omenduko dute Keywan Karimi zinemagile kurdua. Writing on the City filma egiteagatik urtebeteko kartzela zigorra jarri diote Iranen, eta 223 zigorkada jasotzera kondenatu. Hari elkartasuna adierazteko, 223 words film laburra sortu dute nazioarteko hainbat zuzendarik, Ikuspuntu jaialdiak ekoitzita. Bi filmak proiektatuko dituzte zinemagileari elkartasuna adierazteko antolatu duten saioan.

Xabier Gantzarainek Arteak kale egiten duenean hitzaldia emango du Garoa liburu dendan, artearen eta bizitzaren arteko harreman gatazkatsuaren inguruan. Hark azaldu duenez, kultur politikari buruz hitz egiteko gogoa du. «Hobe da, beharbada, arteak kale egitea, ez egitea baino».

Planetak dantzan haurrentzako tailerra izango da ekintzei amaiera emango diena. Judas Arrieta artistak gidatuko du saioa, eta identitatearen inguruan ikertzea da xedea. Horretarako, haur bakoitzak planeta bat margotuko du lurrean klerarekin, bere mundua irudikatuko du, eta, gero, mundu horiek bisitatuko dituzte denen artean. «Mundu ezberdinen artean harmonia bat egon daitekeela erakutsi nahi diet».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.