Albistea entzun

Gau ilunena, donostiarren begietatik

Toti Martinez de Lezearen 'Bretxa' euskaraz argitaratu du Ereinek. Eleberrian oinarritutako musikal bat estreinatuko dute datorren urtean
Oihan Vega, Toti Martinez de Lezea eta Valen Moñux, Donostian.
Oihan Vega, Toti Martinez de Lezea eta Valen Moñux, Donostian. M. ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko apirilak 12

1813. Gerra galdu du Josef Bonapartek, eta, Wellington jeneralak gidatutako tropa aliatuek jazarrita, frantses gudarostea penintsulatik erretiratzen ari da. Bost urteko okupazioaren ondotik, donostiarrak askatzailetzat dauzkatenen zain daude, eta harresien barruan geratzea erabaki dute askok. Gutxik usteko zuten orduan abuztuaren 31ko hura gaurik ilunena izango zutela. Hilketak, jipoiak eta arpilatzeak izan ziren gau osoan, eta, gerra harrapakin bihurtuta, emakume gehienak bortxatu ere egin zituzten. Herritarrak sarraskitu ondoren, hiriari su ere eman zioten hurrengo egunean. Historiako pasarte ilun hori herritarren begiradatik kontatu zuen Toti Martinez de Lezea idazleak La Brecha eleberrian (2006), eta, Bretxa izenburupean, euskaraz plazaratu du orain Erein argitaletxeak, gaztelerazko edizio berrikusiarekin batera. Halaber, liburu hori oinarri duen musikal bat prestatzen ari dira.

Uxue Razquin editoreak gogorarazi du Martinez de Lezea idazle «oparoa» dela, eta hamaika obra plazaratu dituela haur zein helduentzako literaturan. «Gertaera historikoetan maisutasunez oinarritzen ditu bere istorioak, baina gero, giza harremanetan murgiltzen da erabat». Bretxa nobelan ere, herritar apal bat jarri du protagonistaren lekuan: Maritxu Altuna txokolategilea, alarguna eta alaba baten ama, hiriko harresien barruan gelditzea eta negozioari eustea erabaki duena. Haren bidez kontatuko du nobelak herritarrek bizitako amesgaiztoa. «Gertakari ilun horretatik abiatuta, herritar zibilen bizitzetan zentratuko da idazlea».

Gertaera historiko hura ezaguna dela uste du idazleak, baina beretzat hori guztia jasan zuten herritarrengan zegoen istorioa, eta bereziki emakumeak aipatu ditu. «Denok dakigu zer pasatu zen, baina emakumeen bortxaketak, hilketak, familiak... hori zen istorioa. Normalki, nobela historikoetan, gerra bat dago, eta zenbat ziren hemen, zenbat han, nortzuk ziren jeneralak, nortzuk irabazleak... gerra, gerra, gerra. Baina gu, herritarrak, ez gara agertzen historia handian, eta hori zen asmoa, Donostiako jendeak istorioa kontatzea, zatitxo bat behintzat».

Martinez de Lezeak azaldu du istorioaren hasieran Donostiara iristear daudela espainiarren aliatu ziren tropa ingeles eta portugesak, gerra hartan ustez «onak» zirenak —«onak komatxo artean, zeren gerran zein diren onak eta zein gaiztoak, hori ikusteko dago»—. Idazlearen esanetan, «espainiarrak eta fusilari gipuzkoarrez osatutako bi konpainia Irunera bidali zituzten. Hain zuzen, ideia zelako tropak hirian sartzea eta egin zutena egitea. Zergatik? Hilabete lehenago Gasteiz inguruan zeudelako, eta tropak ez zirelako hirian sartu, Wellington jeneralaren albokoa zen Alava jeneralak han zituelako familia, lagunak, etxeak eta negozioak, eta ez zuelako utzi soldaduak sar zitezen». Mugarantz jo zuten soldaduek, eta oraindik ez zutela soldatarik jaso azaldu du idazleak. «Ordaintzeko moduetako bat izaten zen lapurtzen edo nahi zutena egiten uztea». Hori egin zuten Donostian. «Bretxatik sartu ziren. Donostiarrak kalera atera ziren haiei harrera egitera, eta soldaduek tiro egin zieten, tratu txarrak eman, emakume guztiak bortxatu...». Hurrengo egunean herritar guztiak hiritik bota zituztela gehitu du, eta kale bati salbu hiri osoari su eman ziotela. «Etxeak arpilatu ondoren, etxez etxe, su eman zioten guztiari».

Horren ondotik donostiarrek hiria berreraikitzeko hartu zuten ekimena ere izan du hizpide idazleak. Eta erre aurretik zuen itxura ia berbera eman zioten Donostia berreraikiari. «Egun, Parte Zaharretik paseatzen baduzu, 1813an egon zintezke; bi kale izan ezik, berberak dira kaleen zabalerak, eraikinen garaierak, plazak... Horrek niri asko lagundu zidan nobela idazten, ez nuelako irudikatu behar, bistara nuelako».

Bere liburuak euskaraz argitaratuta ikustea «plazer handi bat» dela adierazi du idazleak. «Opari handi-handi bat da niretzat». Miren Arratibel «itzultzaile bikainak» euskaratu du Bretxa.

Hiria, inoiz ikusi ez bezala

Liburuaren aurkezpenean, hura oinarri duen musikala prestatzen ari direla jakinarazi dute Oihan Vegak eta Valen Moñuxek. Bergara Antzerki Musikala elkarteak jarri du martxan egitasmoa. Duela sei urte, idazlearen etxera joan ziren asmoa azaltzera, eta ondo gogoan du Vegak Martinez de Lezeak bota zien esaldia: «Harrituta begiratu gintuen, eta esan zigun: 'Zuek erotuta zaudete, eta eroak etxe honetan ongi etorriak dira'». Ordutik, harekin lan egitea plazera izan dela azaldu du. «Hasieratik ulertu zuen zer egin nahi genuen, eta dena erraztu digu».

Vegak nabarmendu du istorioaren atzean «drama bat» dagoela, eta horixe dela taularatuko dutena. «Geurea den drama bat da, geurea den istorio bat, eta kontatu nahi dugu orain arte kontatu ez den bezala». Urteotan gaiari buruz gauza ugari egin direla ekarri du gogora, «baina beharbada ez tamaina handiko musikal baten formatuan». 150 artistak parte hartuko dute bertan —abeslariak, aktoreak, dantzariak, musikariak...—, baita kultur elkarte ugarik ere, hala nola Bergarako Musika Eskolak, Donostiako Tempo 22 dantza akademiak eta Union Artesana elkarteak, besteak beste.

Buruan bi premisa zituztela lan egin dute: eleberriak kontatzen duena «erabat» errespetatzea, eta zehaztasun historikoa gordetzea. Horretan, Jose Maria Leclercq historialari eta arkeologoaren eta Jose Javier Pi Chevrot arkitektoaren laguntza eta aholkuak izan dituzte.

Vega arduratu da musika konposatzeaz, eta Moñux eszenografia «naturalista» bat diseinatzeaz; biek zuzenduko dute obra, eta 2023ko urtarrilaren 13an estreinatuko dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte

Itziar Ugarte Irizar

'Haragizko mamuak' du izenburu Mitxelenaren lehen narrazio liburuak, eta 'Behin batean Loiolan' antzerkiaren alorreko Ciden lanak. Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak irabazi dituzte biek, eta Elkarrek eman ditu lanok argitara.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurtengo Durangoko Azokak argitu dezakeen argazkia

Itziar Ugarte Irizar

Digitalizazioaren aroak galdera ikur handiak ezarri ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta begi-bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.

Mona Hatoum artistaren <em>Still Life</em> instalazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.