Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Erantzunak bai, erantzuleak ez

Estreinatu dute Hego Euskal Herriko zinemetan 'Non dago Mikel?' dokumentala. «Hunkituta» eta «barruak mugituta» irten dira Donostiako Principe zineman lehenengoz ikusi dutenak.
Mikel Zabalza zenaren irudia, Donostiako Principe zinemako pantailan, atzo arratsaldean.
Mikel Zabalza zenaren irudia, Donostiako Principe zinemako pantailan, atzo arratsaldean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko otsailak 27 - Donostia

Isiltasun ozen bat. Zirkinik apenas Donostiako Principe zinemako zazpigarren aretoan. 17:00etako saioa, goiztiarrena. 40 lagun azkena sartu diren bi horiekin. Galdera bat pantailan, eta hasperenak airean. Buruarekin keinu bat ezezkoa Barrionuevoren adierazpenetan. Eskuarekin besaulkiari oratu bat amorruzkoa Espainiako Poliziaren keinu bortitzean. Hotzikara bat izotzezkoa ibaitik ateratako gorpua hilkutxara sartzean. Malkoak bat baino gehiago maskarapean, Jon Arretxek torturen testigantza amaitu eta kameraren aurrean apurtu denean. Irribarre iheslari bat Garbiñe Garate amaren ateraldi batean. «Gure mutikoa» dio behin eta berriz. Gure mutikoa: Mikel Zabalza. 35 urte geroago, non ote dagoen galdezka.

Galdera baten jiran eta galdera horren atzean dauden itzal eta ilun guztien bueltan osatu baitute Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zinemagileek Non dago Mikel? dokumentala. Joan den Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, Zinemira sailean, eta atzo estreinatu zuten Hego Euskal Herriko zinemetan. «Hunkituta» eta «barrua mugituta» irten dira gehienak aretoetatik. Ikusi dituztelako erantzunak han, baina erantzulerik ez inon.

Mikel Zabalzarena Euskal Herriaren historian gertakari ezaguna dela pentsa liteke, baina izan da aretoan bertan deskubritu duenik. Akatsak ikasteko balio ei duten gisara, aretoz nahasteak ere bai, kasu honetan. «Ni Father ikustera nentorren, baina okertu eta areto honetan sartu gara. Garbi esango dizut: hunkituta nago erabat. Uste dut honi zabalpen handiagoa eman behar litzaiokeela. Horixe da nire pentsamendua oraintxe», azaldu du Elena Cadarsok. Iñigo Lopez de Tejadarekin batera ikusi du dokumentala. «Hunkituta» dago hura ere, «ikaragarria» iruditu zaio ikusi duena: «Sekulako injustizia iruditzen zait estatuko segurtasun indarrek ekintza hauek eta haien inplikazioa aitortu ez izana. Egindako minaren aitortzan ere egon behar da oreka bat. Badirudi alde bakarrari eskatzen zaiola, eta beste aldeak ez duela berea onartzen. Ironia garratz bat da. Are gehiago, berea onartzen ez duen alde hori legea ordezkatzen duena denean».

Izan ere, berezia izan da astea. Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren artean izandako elkarrizketa baten grabazioa eman zuen argitara astelehenean Público-k. Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zutela frogatzen duen grabazio bat, finean. Dokumentalaren tesiari ahotsa eta oihartzuna ematen diona, eta oraindik irekita dagoen zauriari, ozpina eta gatza.

«Era guztietako sentsazioak» ditu Rosa Zufiak aretotik irtendakoan: «Kazetari gisa bizi izan nuen garai hura guztia. Dokumentalak berresten duena da Zabalza Intxaurrondon ez zutela hil pentsatzea inteligentziari burla egitea dela. Ez dago beste erantzunik. Asko mugitu dizkit barrenak; pila bat».

Miguel Angel Llamas zuzendaria pozik dago dokumentalak izan duen harrerarekin. Dio jendea «hitzik gabe» geratzen dela pelikula ikusitakoan, eta izan direla txalo zaparrada batekin amaitu diren emanaldiak Iruñean, esaterako—. «Gero, solasaldian, jendeak adierazten digu gehiago ikusi nahi duela. Egun horietan gertatu zenaz aparte, Zabalza auziaren inguruko ondorengo pasarteak ere ikusi nahi dituztela. Baina pelikula batean ezin da dena kontatu. Gehiago jakin nahi duenarentzat, Galdutako Objektuak websaila osatzen ari gara, eta www.mikelzabalza.eus webgunean ikus daiteke».

Llamasek onartu du aste honetan argitara emandako grabazioek «aktualitatera» ekarri duela berriz Zabalzaren afera. «Duela 35 urte gertatu zena belaunaldi gazteei hurbiltzea ez da erraza, eta honek lagunduko du». Faltan ere sumatu du zerbait: «Espainiako agintarien aldetik egin beharreko urratsa: argitara ditzatela auzi hori buruz duten informazio guztia; argitu dezatela zer gertatu zen. Eta behingoz onar dezatela Euskal Herrian torturatu egin dela». Erantzunekin, erantzuleak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Juan Beistegi oso zintzoa zen bere buruarekin eta besteekin»

Jakes Goikoetxea

Altxor bat izan du esku artean: Juan Beistegi komandantearen memoriak, 1936ko gerran oinarrituak. Kontaketa soila, baina oso aberatsa.
Jose Otanoren bizi-heriotzen argitaratzaile Josu Aldai, Hernaniko hilerriko kriptan. ©ZALDI ERO

Oroitzapena eta Gorazarrea

Miel A. Elustondo

Elizgizon klaretarra zen Jose Otano Miqueliz nafarra. 1936ko urriaren 23an fusilatu zuten Hernanin, hainbat apaiz abertzalerekin bateratsu. Laurogeitaka urte geroago, kongregaziokidearen urratsak berregin ditu Josu Aldai Otxoa de Olanok (Agurain, 1944), Lergan hasi eta Hernaniko kripta izugarriraino.
<em>3 Ene kantak</em> saioko aurkezle eta pertsonaiak. ETB1en eta ETB3n ematen dute. ©ETB

Ene Kantak taldekoek marrazki berriak eskatu dituzte ETBrako

Urtzi Urkizu

Ene Kantak-ek bat egin du Pantailak Euskaraz egitasmoarekin. Babes handia jaso du egitasmoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.