ATZEKOZ AURRERA. Luca Ricci. Erroman Euskaraz egitasmoko gida turistikoa

«Turismo sistema da gaixorik dagoena»

Talde txikitan eta euskaraz, hala egiten ditu bisita turistikoak Riccik. Erromako Alde Zaharrean sortu zen, eta auzoko ikuspegitik aritzen da: «Bisita gidatuetan harreman txiki bat sortzen saiatzen naiz».

BERRIA.
Iker Tubia.
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Erroman euskaraz. Bai, Erroman ere euskaraz egin liteke, baita bisita gidatu bat ere, Alde Zaharreko karriketan barrena. Erroman Euskaraz egitasmoa sortu du Luca Riccigida turistikoak (Erroma, 1987), bisitariei bere txikitako auzoaren nondik norakoak euskaraz kontatzeko. Sare sozialen bidez, aise jar daiteke harremanetan harekin.

Nola hasi zinen Erroman bisita gidatuak euskaraz eskaintzen?

2014an, Bilbora bizitzera joan nintzen. Bueltan, lagunek deitzen zidaten haien lagun bat etortzen zenean, eta hasi nintzen Erroman euskaldunekin elkartzen. Ni Alde Zaharrean jaio nintzen, eta artea eta historia asko gustatzen zaizkit. Prozesu naturala izan zen: lagunen artean hasi nintzen; orain, lana da.

2014an Euskal Herrira etorri zinenean ikasi zenuen euskaraz?

Bai. Euskal Herrian 2008an egon nintzen lehenengo aldiz, eta askotan bidaiatu nuen hara. Euskal Herrira bizitzera joan nahi nuen, eta euskaraz bizi. Hasieran ez nekien gaztelaniaz, soilik euskaraz. Gaur egun hango euskaldunekin euskaraz aritzen naiz, eta lehenengo hitza euskaraz egiten dut han.

Zerk eraman zintuen Erroman Euskaraz proiektua sortzera?

Euskaldunek mundu osoan bidaiatzen dute, baina gaztelaniara, ingelesera... jo behar dute. Gainera, euskara bultzatu nahi dut. Erromara etortzen diren batzuek gaztelaniaz egiten dute egunerokoa, baina nirekin elkartzean euskaraz aritzen dira.

Erromara bueltatuta, zaila izan zitzaizun euskarari eustea?

Alde Zaharrean bizi naizenez, errazago elkartzen naiz jendearekin, eta, euskaraz entzuten baditut, galdetzen diet ea nongoak diren.

Zer jende mota joaten zaizu?

Denetarik: bikoteak, familiak, jende gaztea, kuadrillak... Momentuz, Iparraldeko lagunik ez dut egin, baina Hegoaldeko herrialde guztietatik etorri zaizkit. Normalean, bizpahiru pertsonarekin edo talde txikitan egiten dugu. Bisita gidatuetan harreman txiki bat sortzen saiatzen naiz; ezin da talde handirik egin.

Zer eskaintzen dute formatu txikiko bisitek?

Erroman sekulako arazoa dugu turismo masiboarekin; tour-etan, 30-50-60 laguneko taldeak sortzen dira. Lauzpabostekin harremana askoz ere gertuagokoa da, lagunenaren parekoa, eta kalitatea, hobea.

Kezkaturik zaude turismo masiboarekin, beraz?

Guk, Alde Zaharreko auzokide gisa, auzoko historia kontatu behar dugu. Azaldu behar ditugu gentrifikazioaren arazoak ere, nolako aldaketak izan diren, gauza onak eta txarrak... Gustatzen zait nire txikitako bizipenak kontatzea. Navona plaza inguruan bizi nintzen, eta hori asko aldatu da.

Zenbateraino aldatu da Erromako Alde Zaharra azken urteetan?

Asko. Orain dela 20-25 urte, auzoko bizitza zegoen: auzoko tabernak, auzoko jendea... Orain ez dago. Ni, txikitan, Navona plazan jolasten nintzen, eta txikitako lagun gehienak Erromatik kanpo bizi dira orain. Trasteveren bizi naiz; nahiko berezko auzoa da, baina asko aldatzen ari da hura ere: badugu auzotarrentzako gune bat, eta beste partea galduta dago.

Buelta ematen ahal zaio gentrifikazio prozesu horri?

Zaila da. Hala ere, komunitatea oso garrantzitsua da. Trasteveren saiatzen ari gara: gure tabernak, gure auzoko egunkaria... auzoko elkarteekin zer edo zer egin dezakegu. Baina auzoko bizitza desagertzen bada, gentrifikazioak erabat irabazten du.

Turismoari lotutako lana izanda, kontraesanik sentitu duzu inoiz?

Ez. Turismo masiboaren munduan gida gehienak ez dira hemengoak, ez dute kritikarik egiten, edo ez dute harremanik auzoko eragileekin. Turismo sistema da gaixorik dagoena, baina, bidaiatzen badugu, denak gara turistak. Orduan, auzokook parte hartu behar dugu.

Zer dute bereizgarri zure bisitek?

Ikuspegi historikoa hor dago: monumentuak, elizak... hori sekulakoa da; baina beti auzoko ikuspegia transmititzen saiatzen naiz. Bai, turistak zarete, baina saiatu behar duzue auzotar bihurtzen egun hauetan: jendearekin egon, edo auzoko giroa ikusi. Benetakoagoa da hori. Gezurrak ere sortzen dira: Fontana di Trevin txanponak botatzearena turismo masiboarekin sortu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.