Donostiako 59. Zinemaldia

Euskal Zinemaren Galak Elias Kerejeta omenduko du gaur

Imanol Rayoren 'Bi anai' eta Gregorio Muroren 'Zeinek gehiago iraun' estreinatuko dituzte Viktoria Eugenian

Elias Kerejeta. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Donostia
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ekoitzitako zinemak badu bere agertokia Donostiako Zinemaldian, 2009an Zinemira zikloa sortu zutenetik. Aurten, zazpi film aurkeztu dituzte sail horretan, eta horietatik bat emango dute gaur Viktoria Eugenia antzokian, Euskal Zinemaren Galan: Imanol Rayoren Bi anai, zeina atzo estreinatu zen. 20:30ean hasiko da ekitaldia, eta Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako film luze horretaz gain, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun film laburra ere emango dute. Kimuak film laburren aurtengo katalogoko bederatzi lan emango ditu Zinemirak, eta horietatik bat da Murorena.

Gaurko galan, ordea, Elias Kerejeta ekoizle hernaniarra izango da protagonista, berak jasoko baitu aurten Zinemira saria. 1963tik, bere ekoizpen etxea sortu zuenetik, 50 filmetik gora ekoitzi ditu Kerejetak, tartean Victor Erizeren El espíritu de la colmena (1973) eta Montxo Armendarizen Tasio (1984). Gidoigile lanetan ere jardun da, Feroz (1984) eta La espalda del mundo (2000) lanetan, adibidez, eta baita zuzendari gisa ere.Eterio Ortega Santillanaren Al final del tunel filmeko argumentua ere egin du. Aurtengo jaialdian dago film hori.

Euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea saritzeko sortu zuten Zinemira saria. Aurreko urteetako sarituak Imanol Uribe zuzendari eta ekoizleaeta Alex Angulo aktorea izan dira, hurrenez hurren.

Serbitzu Zinema saria

Bi anai euskarazko lanaz gain, David Aguilarren Nao Yik eta Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren Azken bidaia dokumentalak estreinatu dituzte Zinemiran. Hiru filmotako batek Serbitzu zinema saria jasoko du. Serbitzu elkartearen babesean sortutako sari horrekin euskal kultura eta industria zinematografikoa indartzeko helburua dute, eta irabazten duen filmaren ekoizpen etxeak 20.000 euro jasoko ditu.

Zinemirako beste lau filma luzeak Panorama atalean ematen ari dira: Alberto Gorritiberearen Arriya, Ibarretxe anaien Un mundo casi perfecto, Pedro Aguileraren Naufragio eta Fermin Muguruzaren Next Music Station: Lebanon dokumentala. Horretaz gain, Euskadiko Filmategiak zaharberritutako Gontzal Elortzaren hiru euskarazko film ere emango dituzte Zinemiran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.