Kataluniako erreferenduma

Jendeak abiatu du prozesua

Hamabost lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak erreferenduma prestatzea egotzita; Generalitateko goi kargudunak, tartean. Mobilizazio masiboak izan dira Bartzelonan, eta herrialde osora hedatu dira

Milaka lagunek egun osoan bete zituzten atzo Bartzelonako Ramblak, Ekonomia Kontseilaritzaren parean, Guardia Zibilaren operazioaren aurka protesta egiteko. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldea. CUPen egoitza nagusia Espainiako poliziez josita dagoela, aita-semeak iritsi dirakaputxadunak dauden lekura; 7 bat urteko semeak galdetu du: «Aita, zergatik daukate gizon horiek burua estalita?». Aitaren erantzuna hauxe: «Gaiztoak dira, zerbait ezkutatu behar dutelako daude horrela, baina ikusten al duzu hemen jendea aurrean? Beldurrik gabe, aurpegia estali gabe?». Aitaren jarioak jarraitu badu ere, atzo Bartzelonan herritarrek sentitu zutena laburbiltzeko balio du. Azalpen sinplea du, katalanen ustez, gertatzen ari denak: Espainiako Gobernuak errepresioa ezartzen du besterik egiten ez dakielako, argudiorik ez duelako, eta erantzun onena da kalera atera eta nork bere iritzia azaltzea: independentziaren alde, askatasunaren alde, errepresioaren kontra, bozkatzeko eskubidearen alde, demokrazia defendatzeko, duintasunagatik... Urriaren 1ean bozkatzera joateko hamaika arrazoi baitauzkate Carmek, Joanek, Pedrok, Jordik, Miak, Mariak, Jenniferrek, Uhok... Kataluniako jendeak, denak, atzo beren iritzia ematera joan zirenak, milaka eta milaka pertsona bezala, Bartzelonako Rambletara, ideia bakar bat buruan: hautetsontzirik ez dagoen lekuan jendea aurkituko dute. Denetarikoa, gainera: errepresioak itotzen duen guztia.Izan ere, egoera hau ez baitzuen espero Kataluniako gizarteak, eta bozkatzera joaten direnak joaten direla datu bat esanguratsua da: herritarren %80 daude erabakitzearen eskubidearen alde

Poliziek aurpegia jarri zioten atzo, (estalita batzuek), Espainiako Gobernuaren estrategiari, Kataluniako prozesua gerarazteko, baina herritarrak goizean goizetik mobilizatu ziren egoeraren larritasuna sumatu zuten orduko, salbuespenezkoa izaten ari den egunerokoa salbuespenezkoago gertatu zen egunean: «Historikoa» izan zen atzokoa askoren ustez. Inflexio puntu bat.

Goizean goiz, Guardia Zibila han eta hemen miaketak egiten hasi zen, aurreko egunetako jardunari ekinez, baina berezitasun batekin: gobernuari eraso zion bete-betean. Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzan sartu zen, Bartzelonako Rambletan, Oriol Junqueras presidenteordeak zuzentzen duen eremuan, baita Atzerri Kotseilaritzan ere, Raul Romevak gidatua, beste agintari askoren artean. Gutxienez hamabost kargudun atxilotu zituzten atzo, gobernuan pisu handia dutenak. 40 miaketa baino gehiago, kontseilaritza, instituzio eta beste hainbat guneren artean. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, ikerketa joan den otsailetik dago abian, eta hogei bat ikertu daude. Autoaren arabera, erreferenduma antolatzea da delitua.

Egunak aurrera egin ahala, informazioa zetorren handik eta hemendik, baina Carles Puigdemont presidenteak eta bere taldeak agerraldi instituzionala egin arte, prentsa arduradun guztiek zioten zekiten guztia komunikabideetatik zetorkiela, eta itxaron beharra zegoela gobernuak hitz egin arte. Bien bitartean, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek Rambletara joatera dei egin zuten, Jordi Sanchez ANCko presidenteak esan bezala, «modu baketsuan protesta egitera». Gobernuari erasotzeko eguna atzokoa zela konturatu zen jendea, eta eguerdirako, Rambletako Generalitatearen egoitzaren aurrean jarri ziren, hantxe, ehunka, eta denborak aurrera egiten zuen heinean milaka. Guardia Zibilaren bi patrol besterik ez zeuden egoitzaren atarian, eta, inguruan, beste hainbat auto ilun. Patrolak erreferendumaren eta demokraziaren aldeko afitxez josita amaitu zuten, lore sortaz ere bai, eta txantxa bat lirudike, horren larria ez balitz gertatzen ari dena, baina jendeak umorez eta bizi pozez erantzun zion egun osoan egoerari. Orduak eta orduak egin zituzten han, eta eguzkia sartu zenean ere han jarraitu zuten.

CUPen egoitza

Rambletan jendetza Bozkatuko dugu, Gora Katalunia libre, eta segurtasun indarren kontrako sloganak egiten egon zen orduak eta orduak, eta ANCren boluntarioek ere egin zuten giza katea, helikopteroak Bartzelonako zerua urratzen hasi zirenean, eta Ramblak husteko beldur, baina ez zen halakorik gertatu. Alarma piztu zen, ordea, sare sozialetatik iritsi zenean Espainiako Polizia CUPeko egoitzara sartu zela, eta bi pertsona eraman zituztela atxilo. Gerora jakin zen ez zutela inor eraman, baina bai egoitzara sartu zirela. Eguerdian Espainiako Polizia joan zen, baina epailearen agindurik gabe, eta, beraz, handik aterarazi zituzten. Anna Gabriel CUPeko diputatua atera zen esatera ez zirela sartu, baina agindua izan bezain laster han agertuko zirela. Dena den, egoitzatik atera zitzaketen dokumentuak publikoak zirela, eta kanpainako materiala «nonahi» eskuragarri jarriko zutela berriz ere. «Erresistentzia baketsua egitera» deitu zuen. Ehunka lagunek inguratu zuten egoitza, eta segurtasun indarren harresiaren aurrean jarri ziren. Agindurik ez zen iritsi, edo behintzat, ez zitzaien egokia iruditu sartzea, eta ordu batzuk geroago, alde egin zuten.

Iluntzerako, mobilizazioak Katalunia osora hedatuak ziren, eta Rambletan ezarri zen berriro arreta nagusia. Edizio hau ixterakoan, mossoen istiluen aurkako poliziak agertu ziren Ekonomia Kontseilaritzara, guardia zibilei eraikinetik ateratzen laguntzeko. «Gau hau hemen pasatuko duzue!», oihukatu zien jendetzak.

Botopaperak, bahituta

Bigues i Riells herrian, hiriburutik 45 kilometro ingurura, hamar milioi botopaper inguru bahitu zituen Guardia Zibilak pabilioi batean. Horrekin batera, erreferenduma antolatzeko bestelako materiala ere ermana zuten. Atzoko bi atxilotu, hain zuzen, pabilioi horren jabeak ziren. Dozenaka lagun elkartu ziren protestara, eta irteera blokeatu zieten guardia zibilei. Mossoekin adostu ondoren utzi zieten ateratzen.

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Katalunian dituzten agenteei oporrak eta baimenak bertan behera utzi dizkiete, eta gobernuak lau ferry eraman ditu Kataluniara, beste lurraldeetatik iritsitako agenteek horietan ostatu har dezaten. Generalitateak Palamosera iritsitako ferryari ez zion utzi atrakatzen, portua beteta zegoela argudiatuta. Horietako ferry bakar batek 600 bidaiarirentzako tokia du, Bartzelonako portuko iturrien arabera.

Alkateen aurkako ekinaldiari dagokionez, Maties Serracant Sabadellgoak uko egin zion atrzo fiskalaren aurrera joateari, eta Dolors Sabater badalonakoak adierazi du gaur ez dela agertuko. Marta Madrenas Gironakoa eta Josep Piferrer Palafrugellekoa fiskalaren aurretik igaro ziren atzo, baina ez zuten deklaratu. 2.000 herritar inguru joan ziren haiei babesa ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.