Gorrotxategik marketintzat jo du EH Bilduren aurrekontu ituna

Erredakzioa
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen esanetan, «marketin politikoa» da EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei abstentzioa eman izana. Asteazkenean iragarri zuten akordioa, eta, trukean, koalizioa abstenitu egingo da aurrekontuen bozketan. Esan duenez, «egiaz 66 milioi euro baino ez ditu baldintzatuko». Itundutako 253 milioi horietatik 90 salbuetsi egin behar dira, energia iraunkortasunerako legean lehendik ere hitzartuta zeudelako, Gorrotxategiren arabera. Etxebizitzaren alorreko akordioa ere egina zegoen, Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen esanetan. Aitzitik, «hitzarmenean aipaturik ez datozen hutsuneak» azpimarratu ditu, eta berdintasuna eta euskara aipatu.

Otegiren ustez, «hobetuta»

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere hizpide izan zuen aurrekontuen inguruko akordioa. Atzo Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan, Otegik adierazi zuen lehen ez zeuden 253 milioi baliatuko direla etxebizitza alorrean, gazteei bideratutako politiketan, trantsizio energetikoan eta Osakidetzan. Esan zuen ez direla EH Bilduk egingo lituzkeen aurrekontuak, egiturazko aldaketarik ez dagoela, baina, bestela ere aurrekontu horiek atera egingo zirenez, «halabeharrez», EH Bilduk «aurrekontuak ezkerrerantz hobetzea lortu» duela. EAJren lehentasuna AHTa izatea zilegi dela esan zuen, baina ez datorrela bat EH Bildurekin: «EAJren kezka da trenak lur azpitik igarotzea, azpiegiturak eta zementua, eta gure kezka da etxerik ez duen jendea, gazteak, pobrezia energetikoa...». Akordio zabalagoetarako atea ireki ote den galdetuta, zera esan zuen: «Etxebizitza, hezkuntza, estatutu berria... estatu itun handi bat izan liteke? Hori sustatuko lukeen elkarrizketa dinamika bat egon beharko litzateke. Gai batzuetan egongo da akordioa, beste batzuetan ez, eta desdramatizatu egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.