Maite Elizondo. Liburuan elkarrizketatua

«Gizonek eraiki dute Gasteizko gertakariei buruzko imajinarioa»

BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Barrua hustu du Maite Elizondok (Gasteiz, 1949) bere lekukotzarekin. Liburuan jasota dago haren bizipena. Martxoaren 3ko gertakarietan andreen rola «ezkutatuta» egon dela dio.

26 urte zenituen, eta langile borroketan parte hartze aktiboa izan zenuen.

Emakumeok lehen pausoak ematen hasiak ginen lan munduan. Kamioiak konpondu eta saltzen zituen enpresa batean egiten nuen nik lan, eta langile batzordeko ordezkaria nintzen. Garai hartan enpresa asko greban zeuden, eta guk ere lanuzteak egiten genituen haiei elkartasuna adierazteko. Batzarretara joaten nintzen, kalean borrokatzen nintzen...

Emakume asko zineten kaleko protestetan?

Uste denaren kontra, emakume asko ginen borrokan, eta ez genuen asmorik amore emateko.

San Frantzisko elizako batzarrean egon zinen. Orduan gertatu zen sarraskia.

Orduko irudi asko gordeta dauzkat memorian... Lagun batekin joan nintzen, emakumea hura ere. Kanpoan Poliziaren tiroak entzuten genituen, eta ni erabat beldurtuta nengoen. Bat-batean, leiho batetik ke pote bat bota zuten, eta haren atzetik mordo bat, bata bestearen atzetik. Eliza guztia kez bete zen. Ez nuen kanpora irten nahi izan, eta pentsatu nuen nahiago nuela elizan itota hil, kalean tirokatuta hil baino. Hori dena kontatzera ausartu naiz lehen aldiz liburuan.

Zauria sendatzeko balio izan dizu?

Bai. Beti uste izan dut nire sentimenduak kontatzea dramatikoegia zela, eta lotsa handia ematen zidan. Lehen aldia izan da modu horretan kontatu dudala. Barrutik egin dut.

Emakumeek Martxoaren 3an izan zenuten rola ezkutatuta egon da?

Gizonek emakumeoi eman diguten rolari buruz hitz egiten da, gizonek eraiki dutelako Gasteizko gertakariei buruzko imajinarioa. Adibide bat: eskultura bat dago Gasteizen kalera poltsekin protesta egitera atera ziren emakumeak omentzeko. Eta nik galdetzen dut: zergatik ez dago eskultura bat aurpegia zapi batekin estalita eta harriak botatzen dituen emakumeari buruz? Halako emakumeak ere baziren, baina ez dira inon ateratzen.

Isilik gorde direnen ahotsa entzuteko balio al du liburuak?

Emakumeoi hitza emateko ez ezik, gertakari horietan andre askok parte hartu genuela erakusteko ere balio du. Aurten, Martxoaren 3ko urtemugan, emakumeok hartu genuen protagonis- moa, eta gu ikusarazteko pausoa izan zen. Liburua beste urrats bat da isilduta egon den emakumeon historia ezagutarazteko, guk geuk kontatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.