Neurriak eskatu dituzte osasuna «sustatzeko» eta «zaintzeko»

SATSEk «aldaketak» galdegin ditu Osasun Publikoaren Lege proiektuan. Osaldek eta ESK-k «gabeziak» sumatu dizkiote arauari

Amaia Mayor eta Marta Ferrero SATSEko kideak, atzo, legebiltzarrean. SATSE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari dira Osasun Publikoaren Lege proiektua, eta, taldeek eskatuta, Osasun Batzordean agerraldiak egin dituzte hainbat eragilek, nork bere ekarpenak egiteko. Atzo, besteak beste, batzordean izan ziren SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuko ordezkariak, Osalde elkartekoak eta ESK sindikatukoak. Hirurek «gabeziak» ikusi zizkioten proiektuaren hainbat atalei, eta ezinbestekotzat jo zuten osasun publikoarendefinizioa zabaltzea.

SATSE sindikatuko bozeramaile Amaia Mayorrek mezu argia eman zuen batzordean: «Pertsonen osasuna bizitzako etapa guztietan bermatu nahi bada, lege proiektuan aldaketak egin beharko dira osasuna sustatzeko, prebenitzeko eta zaintzeko». Azpimarratu zuenez, lege proiektua, bere horretan, ez dator bat osasun errealitatearekin, eta ez dio aurre egiten zerbitzu publikoak indartzeko premiari eta profesionalen eskasiari, besteak beste. Sistema publikoan aspaldi errotuak dauden arazoei nahiz jokaleku berriei erantzutera behartuta dago lege hori, ohartarazi zuenez.

Sindikatuak lege proiektuari sumatu dizkion hainbat gabezia aletu zituen Mayorrek, eta, besteak beste, eskola osasunean jarri zuen arreta. SATSEko arduradunak ohartarazi zuen lege egitasmoak ez dituela ezartzen ikasleen benetako osasun hezkuntza ahalbidetuko duten mekanismorik, adibidez, eskoletan erizain bat egotea. Haren ustez, eskola orduetan osasun eskubidea babestea funtsezkoa da haurren eta nerabeen arretari egoki erantzuteko: «Eskolako erizaina funtsezkoa da osasunerako hezkuntzan eta gaixotasunaren prebentzioan».

Buru osasunari ere aipamen egin zion Mayorrek hitza hartu zuenean. Izan ere, lege proiektuak ez du jasotzen osasun mentala artatzeko neurri espezifikorik, nahiz eta COVID-19aren pandemiak nabarmen areagotu dituen buruko gaitzak: «Pandemiak arazo hori areagotu egin du herritar guztien artean, bereziki haurren eta nerabeen artean. Beraz, uste dugu gaiak entitate propioa izan behar duela lege honetan».

Halaber, espetxe osasunari buruzko atal baten falta sumatu du sindikatuak lege proiektuan: «Prestazioen eta jardueren erregulazio espezifikoa ezarri behar da, presoen osasuna babesteko». Ekarpen horiekin batera, sindikatuarentzat lehentasuna du lege proiektuak berariaz aitortzeaemakumeek eskubidea dutela osasun eskubidea berdintasunez jasotzeko, eta zaintzak osasun publikoaren prestazioa izan behar duela.

Osasun langileak, ahaztuta

Osalde Osasun Eskubidearen Aldeko Elkarteko buru Jose Maeso ere lege proiektuaren «gabeziez» aritu zen. Haren ustez, COVID-19aren pandemiak agerian utzi zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak «egitura ahula» duela eta osasun langileak ahaztuta dauzkala. «Osasun publikoa osatzen duten zientzien multzoak oso parte hartze eskasa izan zuen pandemian», laburbildu zuen. Maesoren iritziz, gabezia horiei erantzuteko ondu du Jaurlaritzak Osasun Publikoaren Lege proiektua. Besteak beste, azpimarratu zuen osasun publikoaren sistemaren definizioak «zehaztasuna» falta duela, ez duela aipatzen nolakoa behar duen sistemari bera eusten dion egiturak, eta ahaztu egiten dituela eskoletako eta adineko pertsonen osasuna.

Osaldeko arduradunaren iritziz, Osasun Plana aurrera eramateko baliabide nahikorik ere ez du jasotzen lege egitasmoak, eta ateak zabalik uzten dizkio enpresa pribatuak azpikontratatzeko aukerari. Herritarrak osasunean «alfabetatzeko» neurririk ez jasotzea kritikatu zuen, halaber.

ESK sindikatuak ere bide berdintsuan egin zizkion kritikak lege proiektuari. Patxi Nicolau sindikatuko kideak hitz egin zuen sindikatuaren izenean: «Paradigma aldatu behar dugu: Osasun Publikoko Legea baino gehiago, lege soziosanitario publikoa izan behar du». Haren ustez, legeak ez ditu aintzat hartzen osasuna baldintzatzen dituen aldagai sozialak, eta «zehaztasuna falta zaio» osasunari eragiten dizkioten faktoreak identifikatzeko orduan.

Gainera, salatu zuen ez dituela aurreikusten botika enpresen «boterea» desagerrarazteko eta osasun mentala artatzeko neurririk. Era berean, lege proiektuak lan osasunari lotuta jasotzen dituen neurriak «adarjotzea» direla salatu zuen: «Osasunak esku pribatuetan den bitartean, ezin da lan osasunaz hitz egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.