Jaurlaritzak 54,4 milioi gehiago inbertitzeko baimena lortu du

Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Zerga bilketa oparoari esker, Eusko Jaurlaritzak aukera izango du urtea amaitu baino lehen inbertsioari bultzada bat emateko. Hain zuzen ere, ogasunek bildutako aparteko diru baliabideetatik 54,4 milioi euro gastatuko ditu Iñigo Urkulluren gobernuak garraio, osasun, industria eta hezkuntza alorretan. Diru horrekin, aurten egindako inbertsio publikoari %5 gehituko zaio.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak eman zuen erabakiaren berri atzo. Ez da urte amaieran inbertsioak egiteko aukera ireki den lehen aldia. Joan den urtean ere kupoaren akordiotik eskuratutako sosen parte bat erabili zen gastua igotzeko.

Eusko Jaurlaritzak Espainiako aurrekontuen 116. xedapena baliatu du gastua justifikatzeko. Arau horrek ezarri zuen superabita duen administrazio publikoak noiz eta zertarako erabil dezakeen sobran utzitako diru hori. Egonkortasun Legearen mugak betetzea da lehen baldintza. Jaurlaritzaren kasuan, gastu araua ez du bete aurreko bi urteotan, eta baimena eskatu behar izan dio Espainiako Ogasunari. Azpiazuk aurreratu zuen jada jaso dutela Madrilen oniritzia.

Ogasun Sailak adierazi du inbertsioak posible direla joan den urtean eta aurten aurrekontuak superabitarekin itxiko dituztelako, eta bete dutelako berankortasun nahiz zorpetze mugek diotena. Jasangarriak direnez, inbertsio horietan jarriko den dirua ez da kontuan hartuko aurtengo gastu araua bete den edo ez kalkulatzeko tenorean.

Aparteko gastua egiteko bidea emango duten erabaki ofizialak aurki onartuko ditu Gobernu Kontseiluak. Edonola ere, zertarako erabiliko den erabakia du Jaurlaritzak. Sail handiena, 22 milioi euro, garraiorako erabiliko du; hain zuzen ere, tren unitate berri «eraginkorragoak» martxan jarriko dituzte. Osasun Sailak 15,3 milioi eramango ditu ospitaleetan goi teknologia eta erradiologia ekipamendu berriak erosteko. Beste 7,7 milioi Eskuzaitzeta industrialdea urbanizatzeko izango dira, Donostian. Azkenik, lanbide heziketako ekipamenduak (5,2 milioi) eta uraren nahiz airearen kalitatea hobetzeko (4,3 milioi) diru sailak aurreikusiak dituzte.

Azpiazuk datorren astean aurkeztuko du 2019ko aurrekontu proiektua, baina hasi da oposizioko alderdiekin negoziatzen. Atzo,ELAk ohar bat bidali zien ezkerreko alderdiei. «Ez da bateragarria ezkerreko jarrerak izatea, eta Jaurlaritzak jarritako oinarriekin akordio bat posible dela sinetsaraztea», salatu zuen Mikel Noval sindikatuko ordezkariak, ohar baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.