Etxean bezala

Jon Fernandez Iriondo
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Abuztuan sartu gara. Urtero bezala, Euskal Herriko familia, bikote eta kuadrilla asko udako oporrak aprobetxatzen ari dira nonbaitera joateko. Neuk ere halaxe egin dut. Espainiako Gobernuak gazteontzat ezarritako deskontuaz baliatuta, Interrail bidaiatxo bat egin dut Alemaniako eta Frantziako estatuetatik. Oporretan banengoen ere, euskalduna eta nazionalismoan aditua izanda, nekez itzul nintekeen Paristik eta Baionatik inolako gogoetarik gabe. Konkretuki, naziotasunaren eta etxekotasunaren arteko loturaz hausnartu nahi dut hurrengo lerroetan.

 

Zenbait teorialariren arabera, harreman estua dago bion artean. Izan ere, atzerrian egonda, nekez sentituko gara «etxean bezala» ezin badugu gure hizkuntza (edo gure hizkuntzetako bat) erabili, ezin baditugu produktu jakin batzuk erosi eta kontsumitu, edota ez baditugu bertako kode sozialak ezagutzen, ezta espazio publikoko sinbologiaren esanahia ulertzen ere. Halaber, ez gara etxean sentituko ez baditugu ezagutzen herrialde horretako geografia, historia, musika, telesaioak, gastronomia eta bestelako erreferentzia kulturalak. Azken finean, Nicola Miller Londresko University College-ko irakasleak dioenez, nazioak «ezagutza partekatua» duten komunitateak dira. Ezagutza hori partekatzen ez dutenak arrotz sentituko dira, eta beste aberkide batzuengan bilatuko dute etxekotasuna, urtero-urtero Erasmus ikasle ugarik egiten duten bezalaxe.

Neu ere arrotz sentitu nintzen Parisera heldu bezain laster. Espero izatekoa zen, nahiz eta frantsesez jakin pixka bat. Bereziki harritu ninduen eraikin ofizial guzti-guztietan zazpi bat bandera frantziar ikusteak, denak elkarren aldamenean. Ezin nituen ekidin honako pentsamendu hauek: «Hau bai obsesioa frantziarrek euren banderarekin dutena... Ez ote zaie gehiegizkoa iruditzen? Zer datorkie burura sinbolo hauek ikustean?». Hango lagun batek konfirmatu zidan banderaren nonahikotasuna ohiko paisaiaren parte dela, eta ez zuela inoiz pentsatu gehiegizkoa izan zitekeenik.

Neure buruari galdetu nion: «Baionan ere horren arrotz sentituko al naiz? Paristar bat baino atzerritarrago sentituko al naiz?». Erantzuna ez da erraza. Batetik, Baionan, Parisen bezala, nazionalismo frantziarraren zantzuak daude kaleen izendegian («Place de la République») eta monumentu historikoetan («morts pour la patrie»). Bandera urdin, zuri eta gorria ez nuen hainbestetan ikusi; bai, ordea, batere espero ez nuen leku batean: lehen mailako eskola baten aurrealdean, hain zuzen, umeek goizero ikus dezaten. Horrekin batera, otorduen ordutegiak ere oroitarazten zidan nolabait ez nengoela «etxean», goizago afaldu behar nuen eta.

Bestetik, gauza ugarik etxekotasuna sentiarazi zidaten: kaleetako eta autoen matrikuletako ikurrinak eta lauburuak; paisaia linguistiko elebidunaren (edo hirueledunaren) eta errealitate diglosikoaren arteko kontrasteak; Elkar liburu-dendan edo giro euskalduneko taberna batean sartu eta euskaraz egiteak; beste leku askotan gazteleraz egin ahal izateak; EHUren mugaz gaindiko ikastaro batera joan eta Hego Euskal Herriko nahiz Ipar Euskal Herriko euskaldunekin solastatzeak; aititaren erbestealdiko etxea aurkitzeak, euskal gatazkari buruzko horma-irudiak ikusteak... Paristarrek (edo frantziarrek, oro har) arrazoi asko dituzte Baionan etxean bezala sentitzeko, baina Hegoaldeko euskaldunok ere ez dugu gehiegi bilatu behar horretarako.

Opor-garaian gaudenez, honek guztiak zer pentsatua eman dit. Euskaldunok oporretan goazenean, non sentitzen gara etxean eta non ez? Roberto Uriarte EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle eta Podemos Euskadiko idazkari nagusi ohiak esan zuen behin bera ez zela atzerritarra sentitzen ez Castro Urdialesen, ez Baionan. Neu abertzalea izanda ere, ezin ukatu mugak, ofizialak nahiz aldarrikatutakoak, beti edo ia beti izaten direla artifizialak, eta zenbait leku konkretutan, Castron edo Baionan kasurako, naziotasuna eta etxekotasuna bizitzeko oso modu ezberdinak egon daitezkeela; beharbada, pertsona bezainbeste modu egongo dira. Nazioa uste duguna baino askoz ere fenomeno subjektiboagoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.