Desiotan

2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Politikan helburuak ezartzea garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa bidea eta bidean asmatzea. Sentimendu desberdinak elkarrekin biziko diren Euskadi nahi dut, guztion artean eraikitako herri proiektua, partekatua. Desio dut herritarren borondatea bizikidetzaren oinarria izatea eta akordio zabalak baliagarriak gertatzea erronken aurrean. Egunero lantzen eta irabazten den etorkizuneko proiektu batean sinesten dut, denok gara goiz ireki eta zabal horren ezinbesteko parte eta. Elkarrekiko harremanaren eta interdependentziaren aldeko apustu irekian sinesten dut. Merezi baitu saiakerak. Zeren fedea ez baita ikustea ez duguna sinestea, amestutakoa egia bihurtzea baizik. Sinesten dut politikaren helburua pertsona dela, haren duintasuna eta ongizatea. Uste dut bizikidetza normalizatua behar duen gizartea dela gurea, etorkizun politiko partekatua bermatuko duen eszenatoki baten eraikuntza kudeatzekoa, alajaina. Eta, horretarako, funtsezkoa da iraganaren irakurketa kritikoa egitea, egindako akatsetatik ikasi egin behar. Ezin, beraz, jarraitu samina arrastaka eramaten. Erabilitako indarkeria politikoa irakurketa epikotik erabat biluztu beharra aldarrikatzen dut. Ez gaitezen tranpa eginaz iruzur tristagarri horretan murgildu, ezta gatazkaren eufemismoak eragindako mina justifikatzen duen kontakizun justifikagarri bati heldu ere. Kaltetako gezurra historikoa baita.

Berretsi behar indarkeriak mina besterik ez dakarrela. Ez duela ezer positiborik eraikitzeko balio. Errespetua eskatu behar zaiela euskaldun izan nahi duten euskaldunei eta baita espainiar izan nahi dutenei ere. Joko politikoaren arau demokratikoetan sinesten dut, halaber euskaldunok dugun erabakitzeko eskubidean. Esku luzatuen alde egiten dut. Ez dut nahasten negoziatzea ahultasunarekin, uste dut negoziatzea bizkorra izatea dela eta osasungarria, ez traizioa. Ez zaizkit gustatzen inora ez daramaten bideak. Ez naiz fidatzen marra gorriekin, ezta lokarri sanitarioekin ere, intoleranteei eta sektarioei jarri beharrekoak izan ezik. Ilusioa pizten dit Euskadik, euskal nazioak, auzolanean eraikia, kohesionatua, solidarioa, justua eta inklusiboa. Espero dut egunen batean onartuko dela naturaltasun osoz abertzaletasunak euskal gizartearen maila zabaleko borondate legitimo eta demokratikoari erantzuten diola. Guztiak legitimoak diren identitate-pertzepzio desberdinak normaltasunean elkarrekin biziko diren eguna ikustea edota sumatzea espero dut. Elkarri jaurtitzeko armak izango ez diren identitate partekatuak zein egunetan aitortuko diren amesten dut. Erreformatu beharrekoa eraberrituko da eta gehiengoaren hitza eta borondatea errespetatuko. Han eta hemen negoziatu eta adostuko dugu.

Euskadin ez dugu ezer inposatuko. Ezer eragotziko Madrilen. Pragmatikotasun eraikitzailea landuko dugu. Ez ditugu printzipioak koiunturarekin nahastuko, mendi ertzetik tontorrerantz doan idi-pausoen gisa, aurrera eginez, eraikiz eta hobetuz. Maximoa onaren etsaia izatea saihestuko dugu, onena ahal denaren etsai izatea bezalaxe. Atxikimendu askearen eta gehiengo zabalaren beti alde. Konfiantza dut Euskadin, bertako emakume eta gizonengan, gure nortasunean; oraina eta etorkizuna marrazteko eskubidean sinesten dut. Integratzeko eta negoziatzeko dugun gaitasun zuhur eta ausartean sinesten dut, urrats seguru eta begirada luzean. Iragana idatzita dago, deskribatu dezakegu, ez aldatu. Etorkizuna da oparirik onena hurrengo belaunaldientzat. Hazi asko ez dira inoiz ernatzen, baina bada fruitu bat inoiz ernatzen ez dena, landatzeko adorerik izan ez dena. Euskadi gehiegi maite dut bata bestearen aurrean eraikitzen uzteko. Ez, ez dut lubaki politikoen erosotasunean sinesten, bai ideia demokratiko guztien zilegitasunean. Estatutua betetzearen eta euskal lurren autogobernuak sakontzearen alde nago, aldebikotasunaren eta eskumenen blindatzearen alde. Zubi politiko eta aldamio posibilista eta pragmatikoetan sinesten dut. Eta kontzertu politikoa galdatu. Eta landa eta ernatzen diren hazi guztietan. Bedi bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.