Torrealdai, memoria ez galtzeko

Jexux Mari Zalakain Garaikoetxea
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Joan da Juan Mari, utzi gaitu, ez ordea umezurtz. Gizon dotorea, langilea, konprometitua, egunotan aipatu diren hainbat ezaugarriren jabe izandako euskaltzale eragile, ikertzaile nekaezin, autore oparo eta «handietan handia» izandako batek ez baitu inoiz bere herria umezurtz uzten, haren dohainek jantzita baizik. Esan dira esan beharrekoak, ondo merezitako laudorioak, eta denborarekin, patxada handiagorekin gehiago ere aipatuko dira, ez alferrik, Joan Mari Torrealdai pare bat belaunaldiren erreferente izan baita.

Haren figura erraldoia deskribatzeko esan direnetan hutsune bat nabaritzen dut, niri ozena egiten zaidana, bere garaian izan zuen oihartzun eta eraginagatik batik bat. Hezur-muinetan agertutako minbiziak eraman du azkenean, Espainiako polizien kalabozoetan nozitutako torturen ondorio, bere iritziz, bere psikiatraren iritziz eta ezagutu izan dugun guztion iritziz. Horretan, zalantza gutxi. Hala ere bada Juan Marik jasan zuen beste min zaharrago bat. Ezin dela aipatu gabe pasatzen utzi iruditu zait. Ez dezagun nondik gatozen memoria galdu.

«Euskal Prentsaren proiektuaren» lehen egunerokoa, Euskaldunon Egunkaria, ez da oraindik jaio. Ama kolektiboa haurgintza-minetan dago, eta hara eta hona dabiltza, bilerak egiten, nekaezin, laster jaioko den haurra euskararentzat eta Euskal Herriarentzat ondare estrategikoa izango dela jende ezkorra konbentzitu nahirik. Ama kolektiboak hiru diplomatiko ezin hobeak dauzka, haurra itxuraz eta ez erabateko pobrezian jaio ez dadin: Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe eta Joan Mari Torrealdai. Hirurak hilak, azken biak gaitz larriz.

Hurrengo bi aipamenek adieratzen dute Juan Mari minez asaldatzen zuten bi adibide: Joseba Arregiren hitzak Gasteizko Parlamentuan, Ajuria Eneako Itunaren bidetik sartu ezean, jaiotzear dagoen egunkariari dirua ukatuz, «azpijokoa» egitea eta «zurikeriatan ibiltzea» leporatu ondoren: «Eusko Jaurlaritza ez dago bi euskal egunkari laguntzeko. Bateratzerik ematen ez bada, beraz, Egunkaria Sortzen proiektuak ez du Jaurlaritzaren babesik izango». (1990-VI-29). Esan beharrik ez dago baledizko «beste» kazeta hura Egunkaria ez sortzeko amarrua besterik ez zela izan. Amatiñoren hitzak irratiko saio batean: «Lehengo lepotik burua. Egunkaria Sortzen delako taldeak sortaraziko omen duen egunkariari lehendanik gaztelaniazko beste hainbati gertatutakoa jazoko omen zaio, hau da Carlos Santamaria, Martin Ugalde, Joan Mari Torrealdai eta era horretako izenez baliatu promozioa egiteko eta gero 'geratu behar duen eskuetan geratzeko'». (Eguna, 1990-VI-14).

Are mingarriago Juan Mari Atutxaren hitzak: Ertzaintzak ETArentzat zerga iraultzailea jasotzen ari omen ziren bi gazte atxilotu zituenekoak, haietako bat Egin-eko eta Egunkaria-ko publizista: «Ertzaintzaren ekintza honek agerian utzi du ETAren sarearen eta HBko mundurako hain garrantzitsuak diren Mahai Nazionala, Egin eta Egunkaria eta LABen artean dauden bat etortze esanguratsuak». (EE, 1992-II-4).

Adierazpen horiek, alegia egunkaria nazionala, anitza, zabala, independentea izango zela zalantzan jartzeak, eta ETArekin zerikusia zuela aditzera emateak, min eramanezina sortzen zien hirurei. Gero Audientzia Nazionalak eta poliziak borobildu zuten.

Donostiako Zapatariene tabernak hitz egiterik baleuka, ozen entzungo genuke zein tamainatako minarekin etorri ohi ziren hirurak garai hartako Jaurlaritzarekin egindako bileretan entzundako arrazoiak entzunda eta idatzitakoak irakurrita. Kontu zaharrak diren arren, ez dezagun nondik gatozen memoria galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.