Amets bat dut

2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Laquan McDonald, Freddie Gray eta George Floyd dira, hurrenez hurren, Chicagon (2014/10/20), Baltimoren (2015/04/12) eta Minneapolisen (2020/05/25) AEBetako poliziak erabateko zigorgabetasunarekin azken urte honetan erail dituen herritar beltzen izen-deiturak.

Hilketen irudi lazgarri haiek oilo ipurdia jarri ziguten geure burua supremazistatzat ez dugunoi, eta, bidenabar, gogorarazi ziguten oraindik ere indarrean dela Martin Luther Kingek 1963an Washingtonen For Jobs and Freedom martxaren amaieran 250.000 lagunen aurrean lau haizeetara egin zuen aldarri historiko hura: «I havea dream».

Hamarkada berean isiotu zen herri hau euskaratik eraikitzeko grina, eta, horren haritik, gau-eskolak eta gerora euskaltegiak sortu ziren. Harrezkeroztik Aturritik Ebroraino egindako bidea ez da nolanahikoa izan, irakasleon jarduna nahiko baldintzaturik egon baita zein administrazioren pean egokitu zaigun lan egitea. Fruituak, bestalde, begien bistakoak dira; izan ere, 40.000 ikasle inguru matrikulatzen dira urtero zazpi herrialdeetako euskaltegietan. Edozelan ere, nago euskalduntze-sektoreko profesional gehientsuenok bete gabeko ametsak ditugula.

Nik amets egiten dut ikasleak euskaldun eta ez agiridun bihurtzea xede izango duen euskaltegi sare batekin. Pozez hartzen dut ikasleak B1, B2, C1… dena delako agiriaz jabetzen direnean, baina, gisa berean, atsekabea sentitzen dut euskaltegiko atetik irten eta berehala ikaskideekin erdara hutsean ikusten ditudanean, euskara lantzen elkarrekin ordu askoan egonda ere. Zertan ez gara asmatzen ari oraingo euskalduntze-ereduan?

Amets egiten dut guztizko doakotasuna bermatuko duen ikaste-prozesu batekin, hasi eta bukatu arteko ibilbide osoa debaldekoa izango dena, inolako dirurik aurreratu beharrik gabe eta inolako agiririklortzeko premia barik. Ez al du euskara ikasteko eskubiderik sosik ez duen herritarrak? Zer balioesten du egungo diru-laguntza sistemak? Titulu akademikoa eskuratzea? Zertara bideratzen ari gara ikasleak?

Amets egiten dut urtero ez entzutearekin euskara irakastea gogoko duen enegarren irakasleak euskaltegia utziko duela ikastetxe edo institutu batera joateko, lan-baldintza duinak lortze aldera. Prekaritateak milaka aurpegi ditu: bat euskaltegien sektorean dago. Noiz aterako ote du Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, tiradera barru-barruan aspalditik gorderik duen helduen euskalduntzea arautzeko proposamena?

Amets egiten dut euskaltegien geroa auzitan jarriko ez duten erakundeekin. Batzuek zalantzazko etorkizuna omen dute, udalentzat garestiak omen direlako; beste batzuek, berriz, garaian garaiko finantzaketa-proposamenaren zain egon behar dute, hurrengo ikasturtean ekonomikoki bideragarriak izango diren jakiteko. Noiz baztertuko ote dute administrazioek euskaltegien etorkizuna erabakitzeko irizpide ekonomiko hutsa? Honezkero, euskaltegien lana zokoratzeko adinako kale-erabilera al du euskarak?

Amets bat, behintzat, bete egin zait. Beti sinetsi dut elkarlanean eta, zorionez, Euskaraldia dugu berorren adibiderik adierazgarriena. Ziur naiz bigarren edizioan ere berriro frogatuko dela herritarrak eta erakundeak eskutik helduta joatea ezinbestekoa dela herri gisa ditugun erronkei arrakastaz heltzeko. Edozelan ere, ariketa masiboaren mozkorraldiak ihes egiten didanean, jarraitu egingo dut pentsatzen nola zabaldu dezakedan nire mezua egunkari honetako irakurleez harago, zer bide ditudan lankideek, sindikatuek, agintariek eta, oro har, herritarrek, nire ametsekin bat egiteko, eta nola konbentzi ditzakedan euskararen eragileak oroGoogle Calendar egutegian hitzordu bat lot dezaten, euskalduntzearen egoeraren korapiloa behin betiko askatzeko.

Bien bitartean, zilegi bekit ametsetan jarraitzea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.