Patxi Zabaleta

Euskararen Liburu Zuria 'biz'

2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Euskararen Akademiak, Euskaltzaindiak, 75 urte bete zituenean oihartzun handiko liburu bat argitaratu zuen: EuskararenLiburu Zuria izenekoa.Liburu hura bederatzi gizonek idatzia izan zen (Mitxelena, Pagola, Aguirrebaltzategi, Intxausti, Villasante, Lekuona, Larrañaga, Barandiaran eta Satrustegi), eta Jose Luis Lizundia buru zuen beste bost gizoneko taldeak koordinatua. Esanguratsua dirudi, gainera, aipatutako autore gehienak teologiako doktoreak edo lizentziatuak zirela gogoratzea.

Euskararen Liburu Zuria ondorioak ateratzen dituen atal batean bukatzen da. Ondorio horietan Bigarren eta Hirugarren liburuak aurreikusten dira; eta bakoitzari, gainera, bere xedea eta egitaraua ipintzen zaio. Hitzez hitz esaten da «bigarren liburu bat gaur eguneko euskararen erabilkera linguistikoaz darraikioke» eta «hirugarren liburu bat euskararen normalizapenari buruzko ihardunketa plan posible baten aurreprojektua darraikioke». Aurreikusitako bigarren liburuak «gauregungo euskararen erabilkera linguistikoa» landuko omen zuen; eta hirugarrenak, berriz «euskararen normalizapenari buruzko plan posible baten aurreprojektua».

Garai hartan oraindik Aitorren Hizkuntz Zarra abestiaren oihartzunak entzuten ziren eta erronka «akademikoa» euskara bizimodu modernorako tresna egokia egitea zen; hau da, euskararen estandarizatzea edo batasuna. Hori da euskal gizarteak lortu duena, horretarako protagonismoa Euskaltzaindiari aitortuz, estaturik ezean. Euskaltzaindiak gainera ekimen bereziak bultzatu eta babestu izan ditu denboran zehar: Bai Euskarari, bertsolariak, ikastolak, euskalduntzerako eta alfabetatzeko ahaleginak gau-eskolak zirenetatik hasita… Ez ziren zehazki egiteko akademikoak, baina ez zegoen beste nork eginik, lege arazoak zirela, edo beste gabeziaren bat zela eta. Bestalde, Bai Euskarari, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaraz bizi, Euskaraldia… bezalako kanpainak, helburuak eta leloak, nahiz aintzat hartzekoak izan, bestelako estrategia eta aldarrikapen batzuekin osatzen dira; adibidez, hizkuntzen berdintasuna eskaria; askoz prosaikoagoa eta hotzagoa badirudi ere.

Jakina den bezala, ordea, ez da liburu zuriaren jarraipenik izan; ez dira aurreikusitako bigarrena eta ezta hirugarrena ere egin. Agian hobe horrela, gaur egungo erronka nagusiak eta premia gorenak guztiz ezberdinak baitira. Halere, beharrezkoa dirudi Euskaltzaindiaren ehun urte hurrena igaro ondoren, gogoeta egitea euskararen etorkizunari buruz ez ezik, baita Euskaltzaindiaren zereginei dagokienez ere. Ezin da ahaztu asmo hutsean gelditu ziren bigarren eta hirugarren liburu zuri haiei aurreikusitako asmoen artean, oraindik burutu gabeko asko daudela, adibidez gramatikaren arloan, baina batez ere, eman diren urratsak eta lortu diren helburuakez ezik aurrean ditugun erronka berriak eta beharrezkoak zaizkigun ideia eta estrategia berriak zehazteko.

Iaz, edo hobeki esateko 2018/19 biurtekoan zehar, Euskaltzaindiak 100 urte bete zituen. Efemeride hori ospatzeko eta aprobetxatzeko- hainbat ekitaldi antolatu eta burutu ziren asmaketa maila eta arrakasta ezberdinez. Bestalde, euskarari buruz, eta gehienetan euskararen alde, egunero argitaratzen dira gure artean artikulu, saio, azterketa eta ekintza ugari eta anitz. Ezin zaie ahalegin eta ekimen horiei meriturik ukatu, baina XXI. mendeko lehen herena bukatzera abiatu garen honetan, lehengo eta orain arteko helburuak, xedeak, leloak eta batez ere, estrategiak berrikusi, osatu, eraberritu eta egokitu beharrean gaude.

Jendarte eleanitza gara dagoeneko XXI. mendeko lehen heren honetan, pertsona eleanitzez osatutako gizartea, alegia. Hizkuntza zuzenbidea eta eskubideak eta hizkuntza ofizialen —edo ofizialak beharko luketenen— arteko berdintasuna dira aurreran ditugun erronkak. Adibidez, ertzainek, erizainek, maisuek edo administralgo publikoko langileek erdaraz (frantsesez eta gazteleraz) jakin behar dutela ez du inork dudan jartzen, baina euskaraz ere jakin behar izatea diskriminazioa delako argudio faltsua legeetan, jurisprudentzian, politikarien pentsaeran eta, zoritxarrez, gizarte osoan sakonki sartzea lortu dute zapalkuntzaren pentsalariek. Gaztelera edo frantsesa jakin behar izatea diskriminaziotzat aitortzera inor ausartuko ez litzatekeen bezala, iraingarria eta zuzengabea da euskaraz jakin behar izatea diskriminaziotzatjotzen duen argudio zapaltzailea. Ortografiak diskriminatzen al du ba? Edo matematikak? Edo diren hainbeste eta hainbeste teknikek? Hizkuntzen berdintasuna aldarrikatzea lehen mailako xedea da dagoeneko eleanitza den eta gero eta gehiago izango den gizarte honetan. Ez da helburu maitagarria edo modan jartzeko erraza, baina ikuspegi horretatik eraiki beharko da estrategia berria.

Euskaltzaindiari berari ere premia larrikoa bihurtu zaio bere egitura eta egitarauak eguneratzea. Genero berdintasuna atzera ezinekoa da; are gehiago, euskal kultura, irakaskuntza eta literaturako protagonismoak urrats hori eman duelarik; zentzu horretan, batasunaren arrakastako froga eta eskaparatea den euskal literaturan dagoeneko gehiengoa diren emakumeak, ezin dira erakundeetan gutxiengo hain nabarmenean utzi. Euskal gizarteak ez luke ulertuko horretarako aldatu behar diren arauak eta jokabideak ez aldatzea. Aldi berean, garai bateko bilera irekiak berreskuratuta, euskaltzain urgazle eta ohorezkoei hitza emateak aberastu egingo bailuke erakundearen jarduera, arlo akademikoetan beti tentazioa eta arriskua den endogamia uxatuz eta gardentasuna areagotuz.

Euskaltzaindia zerbitzu publikoko erakundea bezala aitortu eta antolatu behar da; kanpotik eta barrendik. Euskararen hiru lurralde administratibo-politikoetan egoitza bana edukitzeak —eta ez soilik ordezkaritzak, orain bezala— itxura egokiagoa ez ezik, onura eta izaera publikoa duen erakundearen irudia emango luke. Iruñean eta Baionan Euskaltzaindiak benetako egoitzak behar ditu, eta hori gaur egungo bitartekoekin ahalbidekoa da.

Gainera, Euskaltzaindiak euskararen irudia eta ezagutza nazioartean hedatzeko ahaleginak areagotu beharko ditu. Xede horretan Azkue Biblioteka eta Artxibategiari euskal biblioteken biblioteka izaera eskuratzen saiatu beharko luke; zera, euskarazko sorkuntza guztien azalpena nazio-artean emateko eta errazteko xedeaz, biblioteka eta artxibategi nazionalik ez daukagun herri honetan. Baina horretarako, jakina, krisialdiak guztiz murriztuarazi zituen jokabideak aldatu egin beharko lirateke.

Biz? Zergatik biz? Nolatan ulertu biz?

Euskarak Europan zehar utzi dituen arrastoen artean euskal eta nafar erregeen patronimikoak daude; zera, iz, itz, ez, etz, es deklinatuz, leinua adierazten zuten ikurrak. Horiei ere, gurasorik eta aitarik gabe uzteko zorian diren honetan bihoakie bi aldiz eta aldi biz nire omenaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.