Beldurra, emakumetik emakumera

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Herri ekinaldi legegile bat abiatu dugu baldintzarik gabeko oinarrizko errenta bat sortzeko, eta sarri entzuten ditugu proposamenaren egokitasunari buruzko eztabaidak. Proposamenaren bideragarritasun ekonomikoak ez —hori jada frogatuta baitago—, baizik auzi filosofikoago batzuek pizten dute eztabaida, aldaketei aurre egiteko moduak.

Lerrootan zera azpimarratu nahiko nuke, zenbait feministak oinarrizko errentari jartzen dizkioten eragozpenak, emakumeentzat ustez izan ditzakeen ondorioengatik. Beharbada, honelako galderak planteatuko dituzte: oinarrizko errenta bat edukita, emakume batzuek etxean gelditzea erabakiko ote dute? Errenta horrek ez ote du are gehiago sustatuko zaintza lanak emakumeen gain uzteko joera? Zaintza lanak zein prekarioak diren, hots, zein gutxi ordaindu eta baloratzen diren jakinda, emakumeek ez ote dute nahiago izango soldatapeko lana utzi, edo hartatik aldendu?

Ez ditugu 900 euro eskatzen; ez dugu diru kopuru bat eskatzen, ezta limosna bat ere. Dirua bitarteko bat da, ez helburu bat. Eskubide unibertsal bat aitortzeko eskatzen dugu guk: duin bizitzeko eskubidea, pobreziaren atalasetik gorago dagoen oinarrizko errenta batekin bizirik irauteko eskubidea. Ba al dago eragozpenik emakumeok erabakitzeko autonomia handiagoa izan dezagun, erabakitzen duguna edozer dela ere? Ez al gaude prest horretarako?

Orain ez bada, noiz?

Langabezia %20ra, %30era edo robotizazioaren eraginez —aurreikusitakoaren arabera— %40ra iristen denean?

Hamar urte barru, sufragio unibertsalak ehun urte beteko ditu. 1931ko urrian, emakumeok boto eskubidea lortu genuen. Berrogei botoren aldearekin baino ez. Gizonak nahiz emakumeak zeuden emakumezkoen boto eskubidearen aurka egindakoen artean, baina lortu genuen. Bozkatzeko eskubidea lortu genuen, nahi genuena bozkatzekoa, ez ondo bozkatzekoa, ezta ezkerraren alde bozkatzekoa ere; bozkatzeko eskubide unibertsala lortu genuen, besterik gabe. Eztabaidak piztu ziren, eztabaida ugari, eta gauza bera gertatzen da orain bizitza duina izateko eskubidearekin; hau da, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta bat izateko eskubidearekin.

Sufragio unibertsalaren aurka egin zutenak ez ziren ikasketarik gabekoak edo emakume aktibistak; hain zuzen, Victoria Kent (1898-1987) agertu zen haren aurka, Espainiako lehen emakume abokatua eta Alderdi Errepublikano Sozialista Erradikaleko kidea. Hau zen Kenten diskurtsoaren oinarria: haren esanetan, emakumeak ez zeuden prest boto eskubidea gauzatzeko. Uste zuen aldaketa atzeratzea zela onena; izan ere, bazitekeen emakumeek eskuinaren alde bozkatzea, Elizak haiengan zuen eragina ikusita, eta hori eragotzi beharra zegoen. «Espainiako emakume guztiak obreroak balira, unibertsitatean denboraldi bat emana balute, eta kontzientziaz aske balira, gaur, Kongresuko kide guztien aurrean zutitu eta emakumeentzat boto eskubidea eskatuko nuke. Baina, oraintxe bertan, preseski aurkakoa eskatzeko zutitu naiz, nire espirituaren ausardia guztiarekin». Kenten hitzak dira, eta bai Margarita Nelkenek bai Hildegart Rodriguezek ere babestu zituzten hark esandakoak. Hain justu, Nelkenek ere emakumeen boto eskubidearen aurka egin zuen, haren iritziz «emakumeak halako ardura bat hartzeko prestatu behar» zuelako. Gizon batek, Miguel Unamunok, hauxe salatu zuen 1931ko urriaren 4an El Sol egunkarian argitaratutako artikulu batean: «Klero erregeladun zein sekularrak konfesatokietatik Espainiako emakumeak gobernatzen dituela dioen apeta historiko maskulinoa» zera zen, «Primo de Rivera diktadoreak egun batean aipatu zuen maskulinitate haren apeta histerikoa».

Orain, herritar guztiek bizitza duina izan dezaten bermatzeko eskaera bat aurkeztu da Legebiltzarrean, baldintzarik gabeko oinarrizko errentari dagokiona. Eta eskaera hori oraintxe onartzea nahi dugu; ezin dugu itxaron. Ezin gara emakumeek gaizki erabakitzearen beldur izan.

Noiz arte egon behar dugu zain? Emakume guztiek ikasi eta unibertsitatera joan arte? Horrek erabateko ahalduntzea ziurtatuko ote liguke? Edo emakume guztiak emantzipatu arte itxaron behar genuke?

Nor ote gara gu erabakitzeko emakumeak noiz dauden prest, bizitza duinerako eskubidea gauzatzeko eta baldintzarik gabeko oinarrizko errenta jasotzeko? Noiz egongo dira prest emakume guztiak oinarrizko errenta ondo, arduraz eta emakumearen emantzipazio egokiaren mesedetan erabiltzeko?

Amelia Valcarcelek honela zioen RTVEren Mujeres en la historia: Clara Campoamor dokumentalean: Campoamorrek «printzipioetan oinarrituz defendatzen zuen emakumeen boto eskubidea, ez haren ondorioetan oinarrituz». Guk gauza berbera esan dezakegu orain.

Ezinbestekoa da baldintzarik gabeko oinarrizko errenta defendatzea; printzipio unibertsaletan oinarritzen da, eta emakume feministok ezin dugu haren aurka egin emakumeentzat ustez izango dituen ondorioetan oinarrituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.