Donostiako Alde Zaharra: 'requiem'

2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Pio Barojak Memorietan oroiminez aipatu zuen, bere haurretan Donostiako Konstituzio plazan zeuden denda guztiak gogoan zituen arren, ordurako gehienak aldatuta zeudela. Dionisio Azkue Dunixi-k ere horrenbeste egin zuen Mi pueblo, ayer liburuan.

Neronek ere antzekoa egin nezake, Konstian jaio eta urte askotan bizi izan bainintzen bertan. Gogoratzen ditut Justaren mertzeria, Arturo Etxeberriaren Antigoaleko objektuen denda, barojatarren inprimategia, ondoan zegoen Jose Luis Barojaren liburu denda (geroago Lagun izango zena), Rekarteren aroztegia, arrietatarren bitxien tailerra, Isabel Urkiaren koadro denda, lahuertatarren fruteria, Berroeta ahizpen arropen denda... Eta ezin ahaztu arkupeetan egunero baratzeetako jenero saltzaile kokatzen ziren Martutene, Astigarraga, Igeldo edo Ibaeta aldeko emakume baserritarrak: Agustina, Ixabela, Sebastiana, Maritxu txikia...

Egun Konstian ez da baserritarrik, eta esandakoetatik soilik tabernak geratzen dira. Lokal batzuk Udalak hartu ditu bulegoetarako eta, bi kenduta (bat turismoari eskainia), beste guztiak taberna edo tabernetako biltegi bihurtu dira.

Erakunde publikoek antolatu izan dituzte gai honen inguruko jardunaldiak: oso garrantzitsuak omen dira hurbileko saltokiak auzotarren bizitzarako. Gure biloba Mateo eta Nikolek, hauek ere Konstian jaio eta bizi direnek, ezin esango dute Barojak, Azkuek edo neuk bezala. Jaio zineten lekuan zein denda zeuden? «Komertzioaren Basamortuan sortu ginen», erantzun beharko dute.

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak lan eskerga egin du, arlo honetan eta bestelakoetan gertatzen diren gehiegikeria guztiak salatzen. Urteak dira gehiegikeria hau arautegietan aitortua dagoela: auzoa saturatuta dago tabernez eta horren ondoriokoez. Zer egin dute udalaren arduradunek? Autobonboa bai, bestela, egitez eta hutsez saturazioa areagotzen lagundu: batzuetan ez ikusiarena, besteetan baimen bereziak... Alferrik izan dira auzotarren kexuak honek dakarren euren bizitzako kalitate degradazioa salatzen. Gero eta okerrago goaz. [...]

Turismoaren kode etikoa

Turismoaren kode etikoa sinatu du Euskadik. Dudarik baduzue, entzun egunero goizez Euskadi Irratia. Horrela jarraitzen du iragarkiak: Turismo hobeago batek gizartea hobetu egiten du. Errespetua bisitatzen gaituztenengan, berdintasuna, tolerantzia, ingurumenaren, gure kulturaren eta ondarearen babesa. Bikaintasunaren eta pertsonen eskubideen sustapena. Gustu txarreko txantxa ematen du horrelako testu txar, gezurtero eta neurri gabea behin eta berriz entzunarazteak gure irrati publikoan. Prestatu duenak uste izan behar du entzuleak baboak garela, bestela ez baita ulertzen beltza zuria dela sinistarazteko horren ahalegin grazia gabea. [...]

Turismoa gripea bezalakoa da. [...] Ez da dudarik: osasunarentzat kaltegarria da. Ehunka milioi pertsona munduan batetik bestera mugitzen eta tankera guztietako kontsumoak, bereziki energetikoak, handitzen, ez dute alarma klimatikoa baretzeko mesede egiten, kontrakoa baizik.

Donostiako Parte Zaharra turismoaren birusak gripatuta dago aspaldi honetan. Eta ondorioz, biztanleak gaixorik, larri. Zer kontatuko zuen gure alkateak Madrilen klima aldaketaren batzarrean? Han erakutsi omen zuen Donostiako plan berezia, zein da? Auzo honetan zabor eta zarata guztia biltzea, biztanleak uxatzea, desmasa guztiak egiteko libertatea ematea? Horrela besteetan lasaitasunez biziko dira? Antxoak bagina, biomasa aztertuko lukete eta arrantzarako debekua aginduko; hartz panda bagina, babestu egingo gintuzkete, neurri benetan eraginkorrak erabakiko, isun benetakoak jarriko... Auzo soilak gara, ordea. Ordezko asko daude beste barrioetan ere. Irudipena dut gure auzo honetatik biztanleak bota nahi gaituztela. Hobeto moldatuko lirateke berrehun bat figurante baleude. Gainera, horrek lanpostuak sortuko lituzke.[...]

Eskualde batzuetan debekatu dituzte tabernetako terrazetan berotzeko kokatzen diren perretxiko berogailu handi horiek, kutsagarriak direlako. Gaia hemengo prentsan agertzean, Ostalaritza Federazioko ordezkari batek esaldi ponposoa bota du: «Tabernetako terrazak babestu behar ditugu, gure kulturaren parte direlako». Horren kontra aritzea gure sozializatzeko moduaren aurkako erasoa da. Nik bestelako kultur moduak ezagutu ditut gure kaleetan, tabernek azken urteotan fagozitatu dituztenak: esaterako, euria ari zuenean, ez bustitzearren, oinezkoak etxeen fatxaden ondotik ibiltzea. Egun ezinezkoa, tabernek jarri dituztelako mahaitxo eta aulkiak. Auzotarra busti dadila edo aterkia eros dezala.

Tabernetan sozializatzeko aspaldiko ohiturari buruz asko esan genezake. Nagusiek, langileek eta bezeroek elkar ezagutzen zuten, bakoitzak oso modu desberdinak zituen denean (dekorazioa, pintxoak, edariak, orduak...), auzoek elkar topatzen zuten horietan... Oraingo Alde Zaharreko tabernen kultura hori al da? Errespetua bisitatzen gaituztenengan berdintasuna, tolerantzia, ingurumenaren, gure kulturaren eta ondarearen babesa. Bikaintasunaren eta pertsonen eskubideen sustapena. Hori alde zaharreko biztanleei kontatzea iraina da. Herri honetan Justizia egiteko sistema txukunik balego, auzoarekin egin digutena auzitara eraman liteke. Eta irabazita legoke. Baina hemen ez. Alferrik baita.

Egun gutxi barru donostiarren festa handia iritsiko da: San Sebastian eguna. Santua berpiztuko balitz, ziur aski hiriari izena aldatzea eskatuko liguke. Bere sinesmenak defendatzeagatik martirizatu eta akabatu baitzuten. Egungo donostiarrok gure patroiak adinako sinesmenik ez dugu, baina danborradaren hotsa sumatuz gero, fede berri bat pizten zaigu nonbait eta, horren izenean, edozein gehiegikeria zaigu barkagarri.

Parte Zaharrean eta zer esanik ez Konstian bizi bazara, hobe duzu gau horretan kanpora joatea. Bestela, tapoiak belarrietan injertatuta eta pilulak hartuta, suerte apur batez, lortuko duzu lau ordu laurdenez lo egitea. Ez laurak jarraian noski, hori luxua izango litzateke morroientzat. Hogeita sei Danborrada plantatuko zaizkizulako etxe azpian egun eta gau osoan zehar. [...] Danbor hotsak mistizismorako eta zirrara espiritual kolektiboetarako bidea errazten omen du. Tradizioaren izenean, orain gutxi sortutakoa bada ere, edozein babokeria da santu. «Urtean egun bakarra da eta!», diote donostiar askok, beste auzoetan bizi direnak noski. Egun bakarra, bakarra da eta zazpi, dozena-erdi. Kontabilitatea egiten hasiz gero, ordea, bakar hori biderkatu egiten da: Santo Tomas, Euskal Jaiak, gabon zaharra, Aste Nagusia, udako asteburu guztiak, lanegun asko... Horren ondorioz, azken boladan beste ranking batean kotizatzen hasi gara: ordu txikietako borrokak.

Badakizue non bizi zareten! Hori ere askotan entzuten dugun esaldia da. Horixe dakigula, horregatik kexatzen gara. Eta ez dugu Requiem-ik nahi. Auzo bizia izateko geurok egiten dugu ahalegina, egunero. Erakunde publikoei inguru minimoa bermatzea eskatzen diegu. Eta beste donostiarrei errespetua.

Udalak hainbeste urte pasatu ditu bide onik egin gabe eta goi-goikoa omen da etortzekoa arazoak bideratzera, Eusko Jaurlaritza. Parte Zaharra inguru monumentala izendatu du. Ikusteko gaude zer eragin izango duen. Irratietan ere entzun izan da: Euskadi, auzolana edo Lehenengoa, pertsona. Gurean ez, orain arte behinik behin.[...]

Parte Vieja donostiarra, ¿qué tienes que tanto atraes? Periko Ugalderen habaneraren hasiera zen. Moldaketa eguneratua: Zer duzu inbertsio taldeak hainbeste erakartzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.