Nondik tira ez duen korapiloa

Carmen Solorzano Sanchez
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Halakoa da gaur egun Lehen Mailako Arreta: korapilo erraldoia, zeinetan aurki ezina den tira egin eta urteetan zehar kateatutako dena askatuko duen haria. Duela urte batzuk sortutako korapiloak nahiko errazak ziren askatzen: burokrazia gehiegi, gehiegi betetako agendak, gaixoak artatzeko denbora murritza… Baina instituzioek ezer gutxi egin zuten horiek leuntzeko, eta gaur egun landare igokarien antzerakoak dira: kontrolaezinak, epe motzera begira behintzat.

Lehen Mailako Arretako egoera hain da larria eta konplexua, ezinezkoa dela titular bakar batean jasotzea. Instituzioak itsuan dabiltza adabakiak jartzen, baina epe motzerako tiritak besterik ez dira, eta, zoritxarrez, arazoen korapiloaren parte bihurtzen dira horiek ere, korapiloa are handiagoa eginez.

Sendagile falta dagoelako kexu gara orain, baina urteak dira estatistikek argi erakusten zigutela profesionalen falta izango genuela: izan ere, lankide asko eta askori merezitako erretiroa hartzea tokatuko zitzaien urteotan, eta belaunaldi-txandaketaren erronka ikusgai zen. Ez zitzaion arazoari aurre egin, eta korapiloa sortu zen, urteekin handitzen joan dena.

Bestalde, harritzen gaitu Lehen Mailako Arreta ez izatea, gaur egun, medikuntzako ikasleentzako espezialitate erakargarria; MIR azterketaren ostean plaza soberan ere gelditu dira aurten. Kasu honetan, ez da zuzena esatea arazoa ez dela saihestu, espezialitate honen ospe-galtzea zuzenean lotuta baitago instituzioen partetik jasotako tratu txarrarekin.

Elkargotik behin eta berriro salatu izan dugu azken urteetan sendagileak bete ezinezko agendak dituztela; karga burokratiko handia jasaten dutela; gaixo bakoitza artatzeko denbora ez dela nahikoa (eta horrek praktika klinikoaren inguruko segurtasun falta eragiten diela); urtero iristen diren egoiliarrei formakuntza emateko baliabideak falta direla, eta, azkenik, sendagile batentzat hain garrantzitsuak diren zenbait alderdi (formakuntza, ikerketa…) jorra ezinak direla testuinguru horretan. Horrek denak, dudarik gabe, zer ikusi zuzena du Lehen Mailako Arretaren erakargarritasun faltan, eta ikasleek beste espezialitate batzuetara jotzeaz gain, osasun zentroetan dauden sendagile ugari ere alde egin nahian dabiltza.

Korapilo zakarra dugu eskuartean, eta denbora eta pazientzia beharko dugu barruan dituen korapilo txiki denak askatzeko. Jostunik onenak beharko dira. Baina, batez ere, gogoa eta konpromisoa behar dira: lehenengo, gaur egun Lehen Mailako Arreta aurrera ateratzen duten profesional guztiak zaintzeko eta irtenbideak eurei entzutez diseinatzeko; eta, bigarrenik, gizarte bezala daukagun altxor garrantzitsuenetakoa indartu eta balioan jartzeko: gure osasun sistema publikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.