Pruden Gartziaren elkarrizketaz

2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Urriaren 11n elkarrizketa sakon eta mamitsua egin zion Pruden Gartzia idazleari BERRIAk. Abertzaletasunaz, euskal kulturaz eta, oro har, euskal arazoaz azken urteetan irakurri dudan onenetarikoa izango da eta, horregatik, elkarrizketari buruzko hausnarketa bat egin nahi dut, nire adostasunak eta desadostasunak adieraziz, gogoetak euskal komunitate libre eta euskaldun bat lortzeko prozesuan lagungarri izango direlakoan.

Horretarako, elkarrizketaren ideia batzuk aipatuko ditut. Lehenik eta behin, Pruden Gartziak Arantzazuri ematen dion garrantzia. Guztiz bat nator harekin puntu honetan. Zerbait nabarmentzekotan, Arantzazun zeuden askatasuna eta izpiritu kritiko eta askatzailea nabarmenduko ditut. Gainera, askatasun hori egoteko frantziskotarrek egindako lana aipatu behar da derrigorrean. Arantzazuri eta frantziskotarrei argi eta garbi aitortu behar zaie, beraz, diktadura militarraren garaian eta geroxeago ere euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren alde egindako lan itzela. Gure gizarte laiko honetan, Arantzazu bezalako tokiak behar ditu geure euskal komunitateak gero eta libreagoa, gero eta euskaldunagoa eta gero eta humanistagoa izaten jarrai dezan.

Baditugu foro bateratzaile batzuk izan daitezkeenak: UEU, Durangoko Azoka, BERRIA, Argia, Jakin… baina, zoritxarrez, artikuluaren beste puntu batean azalduko ditudan arrazoiengatik, batzuetan ez dute funtzio aglutinatzaile hori bete. Hitz batean, guztien sentsibilitatea errespetatuko duten foro askatzaileak behar ditugu gaurko Euskal Herrian, eta, agian, berriro eman beharko diogu Arantzazuri behar duen aitortza.

Bigarrenik, euskal kulturak nolakoa izan beharko lukeen dioen elkarrizketaren puntuaz hitz egin nahi dut. Prudeni emango diot hitza: «Euskal kultura nahi badugu, denok eroso sentitzeko moduan planteatu behar dugu». Erabat ados nago horrekin, baina gaur egun ez dira helburu horiek lortu, eta gaiaz gogoeta batzuk egin nahi ditut. Gauza bat argi dago: abertzale, euskaltzale eta, oro har, progresisten artean zegoen askatasunaren aldeko borroka bateratua une batetik aurrera, trantsizioaren garaian esango nuke, pitzatzen hasi zen eta, ondorioz, batasun hori gero eta txikiagoa izan zen. Antagonismo handiak egon ziren borrokalari euskaldun eta abertzaleen artean eta fenomeno horren arrazoia aztertu behar dugu. Prudenek oso ondo dioenez, «ezin dugu planteatu batzuk beste batzuen kontra eskemaren arabera, ze horrela planteatzen badugu, ez da izango kultura bat; sektore jakin baten kultura izango da». Arazoa oso ondo planteatzen du, baina arrazoi batzuk azaltzea falta zaio: zergatik sortu ziren antagonismo horiek abertzale, borrokalari eta euskaldunen artean?

Horretarako, borroka armatua, besteak beste, aipatu behar dugu. Hasieran euskaldun guztiontzat, baita niretzat ere, borroka zilegi eta askatzailea zena, une batetik aurrera ekintza arbuiagarriak, askotan gaitzesgarriak eta, edonola ere, euskaldunok ondo ulertzen ez genituen ekintzak egiten hasi zen, eta borrokalari bat baino gehiago ETAren kontra jarri zen. Eta, mesedez, inork ez dezala gaizki interpretatu nik esandakoa: ez diot inolaz ere ETAri izan zuen zentzu askatzailea ukatuko, eta euskal kontzientzia berpizteko egin zuen lana goraipatu behar da betiere, baina une historiko batetik aurrera etikaren kontrako ekintzak egin zituen,inolako esplikaziorik —ezta etika iraultzaile baten izenean ere—ez zuten ekintza armatuak egin zituen, eta haren jarduera armatuak ez zuen borrokalarien arteko batasuna eta indarra sortzen lagundu.

ETAz esaten dudana ezker abertzaleari buruz ere esan dezaket. Bateratzaile izan litezkeen eta izan ziren zenbait plataforma eta erakundetan, ezker abertzaleak izugarrizko indarra hartu zuen, eta, gaur egun, plataforma horiek ez dira izan beharko luketen bezain pluralak. Adibidez, niri asko gustatzen zait UEU baina, egiaztatu ahal izan dudanez, oso zaila da bertan ezker abertzalearen kontra hitz egitea; orain dela zenbait urte, behintzat, gertatzen zen hori. BERRIAren kasua korapilatsuagoa izan daiteke, baina ez dakit euskaldun guztiok behar dugun plataforma zabala izatera iritsi den, borondate oneko pertsona bat baino gehiago (Martin Ugalde, Torrealdai… ) saiatu den arren. Ez nago hain ziur, eta egun batean BERRIA irakurtzen dugun euskaldunok horretaz lasai eta beldurrik gabe hitz egin beharko dugula uste dut. Laburbilduta, ezin izan dugu denok eroso sentitzeko moduko euskal kultura bat eraiki.

Horrekin lotuta, beste hirugarren ideia bat ere aipatu nahi dut: bi komunitateen gaia. Hemen ez nator bat Pruden Gartziak dioenarekin, eta hitz gutxitan esaten saiatuko naiz. Horrela dio Prudenek, kazetariak bi komunitateen auzian ETAren rola zein izan zen galdetzen dionean: «Abertzaletasun politikoak integraziorako aukera eman zuen. Hemen, integraziorako aukera zen, azken finean, borroka antifaxista batekin identifikatzea. Espainiatik etorritakoak antifaxistak baziren, nahiko erraz identifikatzen ziren euskaldunekin. Giro horretan gustura sentitu zitezkeen eta, gainera, ez zuten euskara ikasi beharrik».

Bai, egia da hori guztia eta, planteamendu horren arabera, bi komunitateen arazoa desagertuta egongo litzateke, baina gauza bat esatea ahazten zaio Pruden Gartziari: horrek garai batean besterik ez zuen funtzionatu, hots, ETAren borroka faxismoaren kontrakotzat eta Euskal Herriaren askatasunaren aldekotzat jotzen zutenean euskaldunek eta kanpotik etorritakoek. Fenomeno horrek trantsiziora arte besterik ez zuen iraun. Geroago, ñabardura asko egin beharko liratekeen arren, funtsean, hau gertatu zen: euskaldun asko, eta zer esanik ez kanpotik etorritako pertsonak, hasi ziren ETAren kontra jartzen, eta erakunde armatuak zuen faxismoaren kontrako zentzu askatzaile hori galdu zuen jende askorentzat; eta ez zen etorkinak euskal borrokan integratzeko inolaz ere lagungarri izan.

Bai, denok dugu buruan Jon Paredes Txiki borrokalari handia, 1975eko irailaren 27an Otaegi eta beste hiru antifaxistarekin batera Francok fusilatutakoa, baina hori frankismoaren kontrako eta Euskal Herriaren aldeko borroka askatzailean gertatu zen. Geroago, gero eta gehiago zabaldu zen bi komunitateen arteko arrakala, eta gaur egun egoera horretan jarraitzen dugu. Euskal komunitatea eta erdal komunitatea gero eta urrunago daude elkarrengandik — ez bakarrik ETAren borroka armatuarengatik, argi esan nahi dut hori—, kanpotik etorritakoek ez dute euskara eta euskal kultura bereak direla sentitzen eta ez dute gure euskal mundura hurbildu nahi, ezagutzen ere ez gaituztelako. Ez dakit euskal abertzaletasuna baztertzailea edo integratzailea den, baina argi dagoena da ez duela jakin Euskal Herrian dauden sentimendu desberdinak elkarrengana hurbiltzen.

Bukatzeko, guztiak Pruden Gartziari egindako elkarrizketa irakurtzera eta horretaz hausnartzera deitzen ditut, guztiontzat oso aberasgarri izango delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.