«Bizigaitzago» den mundu bati jarritako musika elektronikoa

Gaurtik larunbatera bitarte egingo dute musika elektronikoaren Dantz jaialdia, Donostian. Berrerabilpena izango dute ardatz aurten

Jaialdiaren arduradunak eta erakundeetako ordezkariak jaialdiaren aurkezpenean, Donostian. BERRIA.
aitor biain
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Jatorrizko formatua berreskuratuta dator musika garaikide eta elektronikoaren Dantz jaialdia aurten. Seigarren urtez egingo dute, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, inoizko jendetsuena eta «anbiziotsuena» izatea espero dute. Izan ere, pandemia aldikoekin alderatuta, ibilbide, edukiera eta esperientzia handiagoa izango baitu aurtengoak. Gaur hasi eta larunbata bitarte, alor horretako Euskal Herriko nahiz nazioarteko musikariek beteko dituzte Donostiako bazterrak.

Jaialdiaren egitarauak musika elektronikoaren aldaera ugari biltzen ditu, baita formatuak ere. Nina Kraviz DJ errusiarra, Red Axes bikote israeldarra eta FJAAk bikote alemaniarra izango dira jaialdian parte hartuko duten artista ezagunenak, baina guztirahogei artista baino gehiago ariko dira. Horien artean dago, esaterako, Aitor Etxebarria musikari gernikarra; musika elektronikoaren munduan El_Txef_A ezizenarekin aritzen da, eta Euskal Herriko DJrik ezagunetariko bat da.

Dantz Point ekitaldia izango da jaialdiaren abiapuntua gaur arratsaldean. Emanaldi bana eskainiko dute Loreak, Miravalles eta Orphidal DJ-ek Kursaaleko terrazan. Bihar goizean, berriz, DJ eta musika ekoizpen ikastaroak eskainiko dituzte Tabakaleran, eta herri bazkaria egingo dute eguerdian (izena eman behar da [email protected] helbidean).

Arratsaldean, ostera, doako DJ saioak izango dira Nestor Basterretxea plazan eta Kutxa Kultur Klubean. Iluntzean, The Two Mamarrachos eta FJAAKren kontzertuak izango dira, eta Modulor, Dans eta Neskaren emanaldiek itxiko dute eguna.

Balioen transmisioa

Miramongo anfiteatroan izango dira larunbateko ekitaldi nagusiak, edukiera mugarik gabe aurten. 17:00etan hasiko dira kontzertuak, eta gauerdira bitarte musika elektronikoa lantzen duten artistarik ezagunenak ariko dira bertan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, autobus zerbitzu berezia jarriko dute Tabakaleratik Miramonera joateko.

Jaialdia 2017an sortu zuten, eta, harrezkero, «kultur marka» eta «proiektuen laborategi» ere bihurtu da Dantz, antolatzaileen hitzetan. Gizarte ikuspegia eta balioen transmisioa dira, hain zuzen ere, jaialdia bereizgarri egiten duten ezaugarrietako bi, eta horren erakusgarri dira ondare artistikoari lotutako Dantz Point ekitaldia, Dantz Academy egitasmo hezitzailea eta ehunen jasangarritasuna sustatzea helburu duen Dantz Wear proiektua.

Bada, aurtengo egitarauak ere ideia horietan sakonduko du. Gero eta gehiago sortu eta xahutzen den garaiotan, hondakinak berrerabiltzeak duen balio gehigarrian egingo dute azpimarra, baina kasu honetan, musikara ekarrita. Hori baita musika elektronikoaren funtsa, «gero eta bizigaitzagoa» den munduan doinu zaharretatik berriak sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.