Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

IRITZIA

Zortzimilakoak eta euskal literatura

James Joyceren <em>Ulises</em>-ek mendea bete du aurten.
James Joyceren Ulises-ek mendea bete du aurten. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Joxemari Iturralde - Idazlea

2022ko irailak 29

Lehengo batean, Madrilgo kritiko literario batek, gaztelerazko aldizkari batean idazten ari zela, Henry Fielding-en Tom Jones nobela ingeles ezagunaren argumentua kontatzen zuen. Badakit hau ez dela egin behar inoiz, zioen umoretsu, baina eleberriaren amaiera kontatuko dizuet. Eta txiste modura, amaitzen zuen: Eta gainera, aprobetxatu egingo dut: azkenean Akiles hil egiten dute, don Kijote hiltzen da, eta Gilberte ezkonduko da Saint Loup-ekin.

Modu asko daude edozein lekutako literaturaren egoera aztertzeko, modu asko daude jakiteko nola doan literaturgintza halako herri edo kultura batean. Eta modu horietako bat da kontuan hartzea eta zehaztea, beste hizkuntzetatik itzuli diren liburuak, arretaz begiratuz liburu horien kopurua, itzulpen horien kalitatea eta baloratuz, betiere, nolakoak diren itzulitako obra horiek.

Literatura unibertsalak, Historian zehar, baditu maisulanak, baditu punta-puntako liburuak, dudarik ez. Urtetan eta mendetan zehar iraun dute liburu horiek, eta beren kalitatea ez da ahitu; areago, klasikoak direnez, zenbat eta gehiago irakurri liburu horiek, orduan eta aberatsago egiten gaituzte, beti berria den zerbait erakusten baitigute eta, belaunaldiak joan eta belaunaldiak etorri, sakon iltzatuta geratzen dira gizakion gogoan betirako. Literatura unibertsalaren mundu ezin zabalagoan, argi eta garbi gailentzen diren obra horiei, maisulan klasiko horiei zortzimilakoak deitu geniezaieke, nahiz eta liburu bikain horiek Himalaian dauden hamalau mendiak baino askoz gehiago izan.

Liburu zoragarri horien artean, zortzimilako klasiko bikain horien artean daude, zalantzarik ez, kritiko literario madrildar horrek aipatzen zituenak artikulu horretan. Hala nola, Homeroren Iliada eta Odisea; Miguel de Cervantesen Don Kixote Mantxakoa, Marcel Proust-en Denbora galduaren bila... Erreparatu kritikoak aukeratu zituen maisulan horiei eta... ederki gaude, esan nuen ene artean, lau liburu punta-puntako aipatu ditu, eta bakar bat ere ezin lezake irakurri irakurle euskaldun batek bere hizkuntzan, hau da, euskaraz. Apika, norbaiti harrigarria egingo zaio, baina gaur arte eta orain erabiltzen dugun euskara batua aintzat hartuz, ez dugu euskaraz aurkituko Homero, Cervantes eta Prousten liburu horiek taxuzko itzulpen batean. Ezin da sinistu. Horrek ematen du ezagutzera, esan bezala, literatura baten egoera. Kasu honetan, literatur euskaltzaleek ezin dituzte irakurri maisulan hauek beren hizkuntzan, eta zuzenean jo beharko dute gaztelerara, frantsesera, ingelesera, edota auskalo zein hizkuntzatara... Iliada eta Odisea ez daude oraindik euskaratuta —ezagutzen dut eta irakurri nuen Juan Kruz Igerabidek egin zuen Odisea obraren bertsioa, ona baina egokitua eta oso laburtua, ez osoa. Izenburua bera ere aldatu zion eta Ulises izena jarri liburuari—. Don Kixote Mantxakoa maisulanak ez dauka oraindik gaur mereziko lukeen itzulpen euskaratua. Duela berrogeita hamar bat urte, Pedro Berrondok bikain, zoragarri itzuli zuen Cervantesen eleberria, baina garai hartako bere euskaran. Horrekin moldatu gara orain arte. Duela hogei bat urte Hiria argitaletxea saiatu zen Pedro Berrondoren itzulpen hori euskararen batasunera ekartzen, eta txalogarria izan zen saio hori, baina, zoritxarrez, lau liburuki horiek akatsez josita daude, hasieratik amaieraraino. Beste saio hobearen esperoan gaude. Eta zer esan Marcel Prousten Denbora galduaren bila obra gaindiezin horri buruz? Ba, ezer gutxi, zoritxarrez: zazpi liburu direla eta bat besterik, lehena (Swann-enetik), ez daukagula euskara batura itzulita; bikainki, hori bai, Joxe Austin Arrieta Ugartetxeak egindako lan mardulari esker. Behin baino gehiagotan esan diot berari ea noiz animatzen den bigarren liburuarekin... —Badakit Jean-Baptiste Orpustanek hiruzpalau jada euskaratu dituela, baina ez daude euskara batuan jarriak, bere zonaldeko hizkeran baizik. Norbaitek egin beharko luke liburu horiek euskara batura pasatzeko saioa, hainbesteko lan eskerga ahalik eta gehien zabaldu dadin sikiera denon ulermenerako—. Aurten dira ehun urte Marcel Proust jaio zela, eta idazten ari naizen liburu baterako, eta ezin gusturago, berrirakurri ditut Denbora galduaren bila obraren zazpi tomoak, baina zoritxarrez soilik lehena irakurri izan dut euskaraz, beste seiak gozatzeko salto egin behar izan dut gaztelerara. Edozein idazlek, egoera normal batean, arazorik gabe irakurtzen ditu maisulan horiek bere hizkuntza propioan, eta ikusten denez, euskal literaturaren kasuan oraindik ere ezinezkoa zaigu ariketa hori egitea, beste hizkuntzetako literaturazaleentzat hain arrunta dena, bestalde. Ikus daiteke, beraz, euskal literaturaren egoera ez dela guztiz ona, aipatzen ari naizen alde honetatik begiratuta behintzat. Hizkuntza batetik bestera saltoka ibili beharra, zure hizkuntzan ezin dituzulako aurkitu maisulan horiek, zortzimilako horiek, seinale txarra da, eta literatura baten egoera nolakoa den, bere tenperatura zein den garbi aski adierazten digu.

Luze hitz egin daiteke gai honi buruz, baina amaitu behar, eta zera besterik ez dut esango oraingoz: aurten betetzen ditu ehun urte beste zortzimilako batek, beste maisulan handi batek. Izan ere, 1922an kaleratu baitzen James Joyceren Ulises eleberri bikaina, zoragarria. Zorionez, hau bai, liburu hau ezin hobeto dago euskaratua Xabier Olarrak egindako itzulpen ederra dela eta. Berari esker, orain edozein literatur euskaltzalek aukera du zortzimilako hori igotzeko, hots, irakurtzeko, eta irakurriz, gozatu eta aldi berean, ikasteko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, 2 itzulia: Baiona

Abian da azken aurreko finalaurrekoa, Baionan

Olatz Enzunza Mallona

Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia ariko dira bertsotan, Ainhoa Larretxea Agirrek emandako gaiekin.

<b>Amurrioko saioa.</b> Joan den larunbateko saioa, Amurrioko Bañueta kiroldegian. ©GARI GARAIALDE

Iristen aurren, eta joaten azken

Miren Mujika Telleria

Baionan jokatuko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko bigarren saioa. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da. Aulki, soinu eta foku; pronto izango dira den-denak ordurako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zein da, baina, horren atzean dagoen inurri lana?
Indar Trabesen lehen kontzertua fikzioan irudikatzen, herenegun, Mutrikuko Venezia diskotekan. ©JON URBE / FOKU

Itoiz taldearen lehen printzak

Jone Bastida Alzuru

Doxa ekoiztetxea eta Larraitz Zuazo zuzendaria Itoiz taldeari buruzko pelikula bat prestatzen ari dira, dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitzen dena. Mutrikun izan dira filmatzen.

Ekoetxea Urdaibaik hizkuntza indigenen erakusketa bat jarri du ikusgai. ©Monika del Valle / Foku

Hizkuntza jasangarriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Busturiko Urdaibaiko Ekoetxeak erakusketa batean bildu ditu 11 hizkuntzatan emandako testu batzuk eta haien euskarazko itzulpenak: 'Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen'. Abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahalko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...