ATZEKOZ AURRERA. Mirari Martiarena. Umorista

«Hasieran hotz egongo dena berotu nahi dut, pixkanaka»

'Kontrazala' bakarrizketa egingo du etzi Mirari Martiarena umoristak, «azalean gelditu gabe». Liburuaren Egunean izango da, eta, hain zuzen, horren gainean egingo du umorea.

JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako Gipuzkoa plazako terraza batean eserita. Eguzkiak gogor jotzen du. «Bi ebaki deskafeinatu, mesedez». Barre algarak dira nagusi hasiera-hasieratik, «denari punta» ateratzen baitio barrez Mirari Martiarena umoristak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986). Bakarrizketa bat egingo du etzi, 12:30ean, Gipuzkoa plazan bertan: Kontrazala. Azalean geratu gabe berotu nahi du giroa, eta badu horretarako beharrezkoa den tresna: umorea.

Labur-labur. Zer kontatuko duzu bakarrizketan?

Liburuaren Eguna izanda, irakurle gisa sortzen diren pentsamenduei buruz arituko naiz. Irakurleok idazleak nola imajinatzen ditugun, adibidez. Umorez begiratuko diot horri, «betaurreko umoreekin». Badirudi urtean bitan bakarrik erosten ditugula liburuak: Liburuaren Egunean eta Durangoko Azokan. Horrelako kontuak ekarri nahi nituzke hizpidera, eta, batez ere, ongi pasatu nahi dut idazleei eta liburuei buruz hitz egiten.

Zergatik kontrazala?

Liburu bat hartzen dugunean ohitura dugulako kontrazalari begiratzekoa beste ezeri baino lehen. Liburuaren laburpena joan ohi da hor, baina baita irakurlea harrapatzen duen zerbait ere. Izenburuak dion bezala, kontra egin nahi dut, baina azalean geratu gabe hitz egin. Aitortuko dut, hala ere, azken momentuan aukeratutako izenburu bat dela.

Gaurko egunkariko kontrazala da elkarrizketa hau bera ere!

Egia da! [barreak]. Atzetik hasten gara beti irakurtzen!

Nola egiten da umorea literaturaren inguruan?

Irakurtzeko modu asko daude, eta bakoitzari atera dakioke punta, gainera. Liburuak azpimarratzen dituen jendea dago, liburuak erosi eta irakurtzen ez dituena, irakurketan ez galtzeko orrien izkinak tolesten dituztenak, orri markatzailea erabiltzen dutenak... Horrelako gauzei erreparatu nahi diet, jendeak lotu dezan bere burua irakurle horietakoren batekin, «ni hau naiz» edo «ni beste hura» esanez.

Zenbat iraungo du?

Hogei bat minutu.

Ez da erraza izango jendeari barre eginaraztea hogei minutuan...

Ez da, ez. Eta oholtzatik igartzen dapublikoarekin konektatu duzun edo iritsi zaren haienganaino. Batzuetan lortzen duzu, eta beste batzuetan ez. Lortzen duzunean ez zara munduko onena, eta lortzen ez duzunean ez zara munduko txarrena. Hasieran hotz egongo den hori berotu nahi dut, pixkanaka. Horixe izaten da politena.

Pandemia dela eta, jendeak beharko du umore dosi hori, ezta?

Bai. Aspaldi ari gara nabaritzen jendeak barre egiteko gogoa duela, pandemia ez den zerbait entzutekoa. Horretarako tresnarik onena umorea da. Lasaitasuna ematen du, gorputzaldia aldatzeraino. Hala ere, nahiz eta hasi garen pandemiaz pixka bat ahazten, oso presente dago batzuengan oraindik.

Aspaldiko partez maskararik gabe ikusiko duzu publikoa, gainera.

Bai, garai polita da esperimentatzeko. Bi urtez egon gara publikoa maskararekin ikusten, eta umoristoi bereziki, maskara horien atzeko irribarrea kendu digute.

Jarri behar zaio hesirik umoreari?

Berez, ez. Kontua da badaudela mugak. Are gehiago, muga horien barruan, badago jendea umorea egiteagatik epaiketa izan duena. Noski, norberak kontziente izan behar du nondik, nori eta zeri buruz egiten duen umorea. Lehengoan, Bea Egizabalek esan zuen umorea arma indartsua dela, eta harekin nago: ahalduntzeko balio du, indartzeko balio du, baina baita min emateko ere. Aho biko arma dela esango nuke; mugak jarri behar ez zaizkiona baina neurtzen jakin behar dena.

Hau bakarrizketa izango da, baina aritu zara Idoia Torregarairekin ere. Babesa ematen dizu oholtzan beste norbaitekin egoteak?

Bai, eta are gehiago Idoiarekin. Oso polita da harekin sortzen den energia; oso osagarriak garela esango nuke. Elkarrekin aritzeak izugarri indartzen gaitu. Denbora dezente pasatu da azkenekoz bakarrik aritu nintzenetik, eta horrek ematen dit halako bertigo bat. Erronka gisa hartu dut, baina gozatzera noa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.