ATZEKOZ AURRERA

Arzak patroia, Arzak maisua

BCC Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute Juan Mari Arzak. Haren ekarpena eskertu dute, eta bere ezagutza partekatzeko izan duen eskuzabaltasuna goratu.

Aizega eta Arzak, eta atzean Elena Arzak, Berasategi eta Subijana. M. ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Plater berean jakinduria eta eskuzabaltasuna proportzioan erakutsi eta jankide guztiak modu horretan asebetetzea ez da edonoren esku dagoen errezeta. Izarrek adina balio dute lehen urteko ikasleen begirada ameslariek: «maisua» esan diote, «ni hemen egotearen erruduna», azaldu diote, «milesker dakizun guztia banatu eta ez ezkutatzeagatik», eskertu diote. Eta sukaldarigai gaztez eta sukaldari sonatuz inguratuta jaso du Juan Mari Arzakek BCC Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendapena.

Mantalak antolatuta, Euskal Gastronomiaren Topaketa egin zuten atzo BCCn, eta omenaldi hunkigarria jaso zuen bertan Arzakek. Bigarren aldia da norbaitek izendapen hori jasotzen duela —2012an Luis Irizar izendatu zuten ohorezko patronatukide—, baina lehen aldia da patronatukide sortzaile batek horrelako izendapena jasotzen duela. Omenaldian izan dira, hain zuzen, patronatukide horiek: Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak, Martin Berasategi, Diego Guerrero eta Pedro Subijana; eta Fagorreko, Eroskiko, Martikoko eta Aztiko ordezkariak.

Gastronomia Zientzien Fakultateko auditoriumean izan da ekitaldia, eta zutik jarrita eta minutu luzez Arzaki txaloka aritu dira hara bildu direnak. Han izan dira, besteak beste, Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusia, Vicente Atxa BCCren Patronatuko lehendakaria, Eneko Goia Donostiako alkatea, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua eta Guille Viglione Dimension agentziako presidente eta zuzendari sortzaile exekutiboa.

Azken horren hitzartzeak piztu ditu ikusleak, Arzak marka zer den azaltzen saiatu baita Viglione: «Marka zer zen ere ez genekienean, marka sortzailea eta enbaxadorea zen Arzak. Juan Mari, bere horretan, marka bat da. Markak bereizi egiten baitu, eta marka iritsi egiten baita». Interneten egindako bilaketa baten emaitza jarri du adibide gisa, eta bildutakoen irribarrea eragin. «Oso esaldi argigarriekin egiten duzu topo: 'Halakorik ez dute Arzakenean ere egiten', 'Ez da Arzak, baina maitasuna jartzen dio', 'Inkesten Arzak da morroi hori', 'Bideojokoen Arzak da beste hura'...». Horixe aitortu baitio Viglionek Arzaki: «Markak sortu baino lehen, kalitatea neurtzeko eta konparatzeko marka gisa hasi zen bere burua eraikitzen, eta hori oso konplikatua da: kalitatearekin identifikatzea sekula egon ez zaren jatetxe bat».

Oholtzara igo dira BCCko lehen eta bigarren mailako ikasleak,sukaldetik irtenda, une batez. Haien begiradaz eta errekonozimenduz inguratuta jaso du saria Arzakek. Ez du adierazpenik egin momentuan. Bideo batean eskertu du omenaldia: «Nire familia eta Arzakeko lantaldea oso eskertuta gaude. Duela 11 urte lortu genuen BCC irekitzea, hasierako ideia hari forma eta gorputza ematea. Ohorea da horren denbora gutxian BCC orain dena izaten lagundu izana».

Mikel Urdangarin abeslariaren kontzertu batekin amaitu da ekitaldia, eta Mahaia kolektiboko sukaldari eta ekoizleek eskainitako bazkariarekin Euskal Gastronomiaren Topaketa. Urdangarinek Kidea eta Munduari begiratzeko modu bat abestiak jo ditu. «Askotarikoak direlako munduari begiratzeko moduak, eta horien artean bat zurea, Juan Mari», esan dio Urdangarinek Arzaki. Arzak patroiari, Arzak maisuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.