ATZEKOZ AURRERA

Lagunen besarkada

Hilario Arbelaitz eta Zuberoa jatetxea omendu dituzte Basque Culinary Centerren. Komunitate gastronomikoaren eta bere sukaldearen epelean ikasi zutenen aitortza jaso du: «Erreferentzia da».

Arbelaitz anaiak, BCCko ikasleek sinatutako jakatxoarekin. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Janaren goxoa eta tratuaren epela. Tratuaren goxoa eta janaren epela. Egiteko modu bat, eta ekiteko modu bat: sustraiei heltzeko modu bat, fruituak loratzeko modu bat, eta ikasitakoa erakusteko modu bat. Hori guztia da Hilario Arbelaitz, eta hori guztia da Zuberoa jatetxea. Merezi zuten tamainako aitortza, eta tamainako agurra. Eta horixe da eman diotena: lagunen besarkada erraldoi bat. «Ez nuen hainbeste merezi», esan du Arbelaitzek, baina horretan ez diote arrazoirik eman.

Hilario lagun artean jarri diote ekitaldiari izena, eta horixe izan da haren izana. Euskal sektore gastronomikoko 250 kide baino gehiago bildu dira: sukaldariak, ekoizleak, industria gastronomikoko kideak, komunikabideetako ordezkariak, eta Eusko Jaurlaritzakoak. Arbelaitzek alboan izan ditu Basque Culinary Centerreko patronatua osatzen duten zenbait sukaldari: besteak beste, Pedro Subijana, Eneko Atxa, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Diego Guerrero eta Elena Arzak. Baita Zuberoa jatetxeko sukaldearen epelean ikasitako ikasle ohiak ere: hala nola Gorka Txapartegi, Dani Lopez eta Aizpea Oihaneder.

Arantxa Artza kazetariak gidatu du ekitaldia, eta guztiei eman die hitza. «Pasioaren bidea irakatsi digu. Ispilu hoberik ezin nuen izan», esan du Martin Berasategik. Loreak izan dira denak, baina Pedro Subijanak atera dio «akats handi bat»: «Umilegia izan da. Nik beti esan izan diot: 'Ez ezazu zeure burua kokatu ez zauden toki batean. Zu abangoardian eta berrikuntzan zaude. Zu beti izango zara guretzat hiru izarduna'».

«Sukaldari egiten gaituena»

Bideo batean jaso dituzte ekitaldian egoterik izan ez duten hainbat lagunen adierazpenak; tartean, Juan Mari Arzakenak: «Biblia izan da Zuberoa, eta laguna Hilario. Sekulako pena eman zidan utziko zutela esan zidanean. Sostengu bat joan zait». Eta Elena Arzak alabak hartu du hitza ekitaldian, eskaera berezi bat eginez: «Iparrorratza izan da, oinak lurrean jarri dizkiguna, eta nongoak garen oroitarazi diguna. Eta berriro esango diot: inoiz jan dudan pralinezko soufflerik onena Zuberoakoa izan da. Emango didazu errezeta; baietz, Hilario?». Ikusleen barreak, eta Eneko Atxaren hausnarketa: «Euskara bada euskaldun egiten gaituena, Hilario da sukaldari egiten gaituena».

Andoni Luis Adurizek 20 urte zituen Zuberoan hasi zenean. «Gauza asko oroitzen ditut, baina nabarmenduko nuke sukaldeko leihoa irekita egoten zela beti, toki unibertsal bat zela hura. Leteri buruz hitz egiten zigun Hilariok, baina Pavarottiri buruz ere bai».

Aizpea Oihaneder 1995ean hasi zen Zuberoan. Bera zen sukaldera iristen zen lehen ikaslea, baina ordurako lanean ari ziren han Hilarioren ama eta izeba. «Euren edabeak prestatzen ari diren bi sorgin ziren. Sekulako oparia izan zen hura ezagutzea». Eta ikatzezko sukaldea ere bai: «Hura pizten ikasi arte ez nuen amore eman. Iruditzen zitzaidan ikasten ez banuen ez nuela sekula Hilariorekin sukaldaritza hura jasoko».

Gorka Txapartegik Zuberoako sukaldea ezagutu zuen, baina Oiartzungo auzoetako jaiak ere bai: «Kozinatzen ikastera joan nintzen, eta balioak ikasi nituen. Sekulako oparia egin diguzue, pertsona hobeak izateko». Eta behin loreak botatzen hasita, Dani Lopez sukaldariak bere jatetxean botatzen dioten lorerik onena aipatu du: «Ez dago hoberik, bezeroak nire plater batek Zuberoa oroitarazten diola esatea baino».

Ramon Rotetaren eskultura bat, BCCko ehun ikaslek sinatutako jakatxo bat, eta txaloka eta zutik jarritako lagunen beroa izan ditu opari Arbelaitzek, eta bere bi anaiak igoarazi ditu eszenatokira amaieran. «Bestetan baino urduriago nengoen. Omenaldi hau berezia zen, etxekoena zelako», aitortu du Arbelaitzek.

Eta hemendik aurrera, zer? Alaia Martin herrikideak esana bere azken bertsoan: «Iturriozko baserri zaharrena dago isila/ platerak jasota daude, mahaiaren gainean silla/ orain hartzazu atseden, segi izaten umila/ zoaz zapore berri eta dastatze berrien bila/ eskuzabala izan zara, eta amesten abila/ osagai onenekoa eta zaporez biribila/ zure bitzitza gutixi goxo bat izan dadila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.