ATZEKOZ AURRERA. Raul Lopez Martin. Diseinatzaile grafikoa

«Entzierroa kaos kontrolatu bat da, pintura mihisean nola»

2023ko sanferminak iragarriko dituen kartelaren egilea da Lopez Martin. «Txikitako amets bat» bete duela dio artistak, «kartelgintzaren Oscar sarien» parekotzat baitauka Iruñeko lehiaketa.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Eskarmentu handia du Raul Lopez Martinek (Barakaldo, Bizkaia, 1971) kartelgintzaren esparruan. Haren sinadura daramate, besteak beste, Bilboko 2001eko Aste Nagusia, Soriako inauteriak (Espainia) eta Tafallako, Barañaingo eta Altsasuko jaiak (Nafarroa) iragartzeko afixek. Hala ere, aitortu du «ilusio berezia» egin diola Iruñeko lehiaketa irabazi izanak.

Ikusi gehiago: Entzierroaren irudi batek iragarriko ditu aurtengo sanferminak

Zerk egiten du berezi sanferminetako kartel lehiaketa?

Niretzat, bizi osoko amets bat betetzea izan da, txikitatik neukan ilusio bat. Kartelgintzan hasi nintzenetik, dozenaka jaialdi eta festetako afixak diseinatu ditut, baina hau beste maila batean dago. Bizi osoan film laburrak egin dituen zuzendari batek Oscar saria irabazten duenean sentituko duenaren pareko zerbait da. Funtsean, kartelgintzaren Oscar sariak dira hauek.

Zer iruditu zaizkizu gainerako kartelak?

Aurten oso maila ona ikusi dut finalista guztien artean. Bereziki gustatu zait eskaintza oso zabala izan dela ikustea: kartel klasikoak, modernoagoak, estilo eta teknika askotakoak...

Zer irudikatu nahi izan duzu zure kartelarekin?

Lanaren izenburua Unea da, eta horixe islatu nahi izan dut: entzierroko une bat. Istant bizkor bat, begiak kliskatu eta desagertzen den horietakoa.

Epaimahaiak nabarmendu du zure lanak «freskotasuna, dinamismoa, tentsioa eta indarra» dituela. Horrelakoak dira sanferminak zuretzat?

Sanferminak bainoago, entzierroa bera. Entzierroa abiadura da, ezinegona, urduritasuna, indarra... Kaosa da, funtsean. Kaos kontrolatu bat. Hori irudikatu nahi izan dut kartelean, pintura mihise gainean zipriztinduta: bat-batekotasuna, espontaneotasuna... baina kontrolpean. Teknikan ere nabari da hori: kartela analogikoki margotua dago, pintura mihise gainean botata, baina gero teknika digitalak erabili ditut irudia osatzeko eta txukuntzeko. Kaosa kontrolatzeko, alegia.

Hasieratik argi izan zenuen kartelaren kontzeptua?

Ez. Batzuetan, argi izaten dut oinarrizko ideia, baina, oraingo honetan, kostatu zitzaidan kontzeptua fintzea. Koaderno bat aldean daramat beti, eta ikusten dudana apuntatzen dut hor: ideiak, zirriborroak... Jendeak aulki bat ikusten duen tokian nik bolumenak ikusten ditut, formak eta ehundurak. Hortaz, buelta asko eman nituen kartel hau egin aurretik ere, behin-behineko bertsio asko baztertu nituen, harik eta entzierroaren esentzia islatzen nuela sentitu nuen arte.

Aurretik aurkeztu al zinen lehiaketa honetara?

Bai, askotan. 2019an azkenekoz, baina, horren aurretik, behin baino gehiagotan aurkeztu nintzen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, baina ez nuen lortu irabaztea.

Zer falta izan zitzaizun orduan?

Oso zaila da galdera horri erantzutea. Sanferminetako kartel lehiaketak maila handia du aspalditik, nazioarteko profesional ugarik parte hartzen dute, eta zailtasun erantsia du: zure lana epaimahaiari gustatu behar zaio, baina herritarren botoak ere jaso behar ditu. Hortaz, erakargarria izan behar du denentzat, eta hori oso zaila da, askotan epaimahaikideek eta herritarrek ikuspegi kontrajarriak baitituzte.

Horretan pentsatuz diseinatu zenuen aurtengo kartela?

Bai. Jendeak erraz identifikatzeko moduko irudi bat nahi nuen, zuria, gorria eta beltza. Noizbait saiatu izan naiz diseinu apurtzaileagoak aurkezten. Gogoan dut behin Play izeneko kartel bat aurkeztu nuela: erabat zuria zen, eta erdian, bideo irakurgailuen play botoiaren triangelutxoa ikus zitekeen, gorriz margotua. Ideia polita iruditu zitzaidan, baina ez nuen irabazi, eta, gainera, norbaitek ideia plagiatu zidan handik urte batzuetara.

Barakaldon jaio zinen, baina Lizarran bizi zara 6 urte zenituenetik. Sanferminzalea al zara?

Ez bereziki. Gaztetan, kirolaria nintzen [Izarra futbol taldeko jokalaria izandakoa da], eta horrek apur bat aldendu ninduen parrandatik. Guraso izatearekin batera hasi nintzen sanferminak gehiago gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.