ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Gonzalez eta Eider Urkola. Txiotesia lehiaketako irabazleak

«Zientziarekiko interesa pizten lagun dezake Twitterrek»

74 ikertzailek hartu dute parte bosgarren Txiotesia lehiaketan. Ohi denez, erronka nork bere tesia sei txiotan azaltzea izan da. Gonzalez eta Urkola izendatu dituzte lehiaketako garaile.

BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Twitterrek 280an du ezarria txio bakoitzean idatz daitekeen gehienezko karaktere kopurua. Hertsia da muga, eta, zenbaitetan, zaila da esan nahi den hori hitz gutxitan adieraztea. Ordea, bada muga horien barrenean eroso sentitzen denik ere. Ainhoa Gonzalez (Gasteiz, 1991) eta Eider Urkola (Villabona, Gipuzkoa, 1994) ikertzaileek ederki jakin dute beren tesiak sei txiotan laburtzen, eta epaimahaiak Txiotesi lehiaketako garaile izendatu ditu. Txiolari ulergarrienaren saria irabazi du Gonzalezek, eta originalenarena jaso du, aldiz, Urkolak.

Zerk animatu zintuzten lehiaketan parte hartzera?

AINHOA GONZALEZ: Aukera bikaina iruditu zitzaidan dibulgaziorako. Lagungarria da jendeak ulertzeko laborategietan zer egiten dugun.

EIDER URKOLA: Lehendik ere ezaguna nuen erronka, eta beti iruditu zait interesgarria. Ohituak gaude lanak kongresuetan azaltzen, edo artikuluetan, eta hau guztiz desberdina da: arinagoa eta etxekoagoa.

Zein da gakoa tesi bat sei txiotan laburtzeko?

A. G.: Nik argi izan nuen ideia garrantzitsuenak aipatu beharko nituela soilik, oso modu sinplean.

E. U.: Buelta asko eman dizkiot sare sozialaren beraren funtzionamenduari. Uste dut oso ongi jakin behar duzula haria nola bideratu. Izan ere, ahal den gehiena esan behar duzu, ahal den gutxienarekin.

Gonzalez, Zelula estromal mesenkimalen eragin immunomodulatzailea sustatzeko bioinspiraturiko hiru dimentsioko sistema funtzio aniztunak du izena zure tesiak. Zer dago izen mardul horren atzean?

A. G.: Zelula amen efektu terapeutikoa sustatzen duten matrizeak diseinatu ditugu, laburki esanda.

Hitzez gain, elementu multimediak erabili dituzu txioetan. Premiazkoak dira ulergarri egiteko?

A. G.: Bai. Oso inportantea izan da irudiak eta bideoak gehitzea. Bestela, ezinezkoa litzateke, adibidez, aipatu ditudan gaitz batzuk azaltzea.

Urkola, Andrei Zviagintsev zinema zuzendariaren inguruan ari zara tesia lantzen. Zergatik?

E. U.: Hark zuzendutako Leviathan filmak arrastoa utzi zidan. Ez dakit maitemindu nintzela esatea ez ote den gehiegi, baina egunak eman nituen pelikula horri bueltaka. Oso zinema politikoa da; entretenitu ez ezik, hausnartzera dei egiten du.

Originaltasuna goraipatu dute epaileek zure txioetan, ariketa bat proposatu baitiozu irakurleari.

E.U.: Pentsatu nuen hitzezko azalpenetara mugatzea nahiko hutsala izango litzatekeela. Galdera asko sortuko nituen, eta erantzun gutxi.

Sare sozialak bozgorailu eraginkorrak dira zientzia dibulgatzeko?

A.G: Bai. Lagundu dezakete zientziarekiko interesa pizten. Gainera, uste dut jendeak oro har uste duela zientzia zailegia dela, teknikoegia. Horrelako egitasmoek uste horiek aldatzeko balio dute, nolabait.

E.U.: Bai, guztiz. Tresna aparta dira zientzia zabaltzeko.

Zenbat txio beharko zenituzkete tesi baten atzean dagoen eguneroko lana deskribatzeko?

E.U.: Askoz gehiago. Prozesu luzea da, eta iluna eta bakartia ere bai. Izaten da halako argi izpiren bat, noizbehinka, baina gogorra da. Sei txio baino dezente gehiago eskatuko nizkioke Twitterri, baita txio bakoitzean onartzen duen karaktere kopurua hirukoizteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.