ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Ibarra. Idazlea

«Liburuetan irakurritako hitzak nire baitan ditut»

Memoria eta kontrola landu ditu Ibarrak 'Ostadar 7310' liburuan. Egungo arazoei buruz aritu da, asmatutako planeta batean girotuta. «Zientzia fikzioa maite duten helduentzat ere bada».

IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Mekanikaria, bertsolaria eta idazlea. Ez du ogibide bakarra aukeratu Iñigo Ibarrak (Iruñea, 1974), eta lanbide batetik bestera jauzi egiten du egunerokoan. Hala ere, azkenaldian idazketa nagusitu da bere bizitzan, eta Ostadar 7310 (Denonartean, 2022) eleberria argitaratu berri du.

Nola igaro zinen mekanikaria izatetik idazlea izatera?

Mekanikaria naiz oraindik ere. Lanbide Heziketa egin nuen, eta unibertsitatera joan nintzen urtebetez, mekanika egin nahi nuelako. Hori ez zen posible izan, eta lantoki batean sartu nintzen. Gaur egun bertan jarraitzen dut. Idazketari dagokionez, ni beti euskaltzalea izan naiz; bertsotan aritzea eta idaztea gustatzen zait.

Nola hasi zinen bertsotan?

Beti izan dut bertsotarako gogoa. Bertso munduan sartuta egon nintzen, baina, arratsaldez lan egiten hasi nintzenean, utzi egin nuen. Sortzen jarraitu nahi nuenez, idazketa bideari ekiteko garaia zela erabaki nuen.

Zergatik?

Azkenean idazteko ez duzulako inor behar. Erronka gisa Aulkipeko Sekretuak liburua atera nuen 2014an. Orain liburu hori ikusten dut eta oso gorabeheratsua da; gauza onak eta txarrak ditu. Baina liburu horrek ausardia eman zidan pauso bat aurrera emateko. Eta hortik aurrera Kenavo, zaku bete urre eta orain Ostadar 7310 atera ditut.

Bertsolaritzak eragina izan du zure idazkeran?

Oso diziplina desberdinak dira. Era berean, asko idazteak hiztegia aberastea ekartzen du, eta bertsotarako errekurtso gehiago edukitzea. Bien arteko oreka norberak bilatu behar du.

Nolakoa da eleberri bat idazteko prozesua?

Niri gehien kostatzen zaidana eleberri bat idazteko ideia garatzea da. Behin argi dudanean zeri buruz idatzi nahi dudan eta nola idatzi nahi dudan, soka horretatik tiratzea besterik ez da. Baina ideia hori gorpuztea da zailena, eta hilabeteak eman ditut horretan. Azkeneko liburuaren kasuan, asko kostatu zitzaidan Ostadar hiria sortzea. Behin hori sortu nuenean, idazte prozesua oso azkarra izan zen.

Zer egiten duzu inspiraziorik gabe geratzen zarenean?

Ez zait gertatu. Hasieran pixka bat trabatzen naiz, baina behin nolabaiteko eskema dudanean, horri heltzen diot. Gertatu izan zait eleberria idazteko gogoa izatea baina orri zuriaren aurrean geldirik geratzea. Noiz hasiko naiz orri zuria zirriborratzen? Agian hemendik bost hilabetera.

Zergatik zientzia fikzioa eta ez errealitatea?

Zientzia fikzioa maite dudalako. Gizarte kontrolatu baten inguruan idatzi nahi nuen, memoriarik gabeko gizarte baten inguruan. Mahai gainean jarri nahi nituen gaur egungo arazo batzuk, baina asmatutako planeta batean girotuta. Gaur egun aldiro gezurren batekin egiten dugu topo. Gizarte ezjakina eta memoria urrikoa gara. Zientzia fikzioa iruditu zitzaidan horren inguruan hitz egiteko modurik egokiena.

Uste duzu gazte literaturak ospe txarra duela?

Bai. Nik ez nuen gazte literaturan argitaratu nahi, baina argitaletxe guztiek esan zidaten nire liburua genero horretakoa zela. Hala ere, zientzia fikzioa maite duten helduentzat ere bada. Badakit helduren batek liburua baztertuko duela gazte literaturaren sail batean agertu delako. Pena ematen dit.

Zure idazteko modua aldatu duen kritikaren bat egin dizute?

Bai. Aurreko liburuan erretorika asko erabiltzen nuela esan zidaten. Gauza bat esateko agian sei hitz erabiltzen nituen, eta esan zidaten: «Erakutsi nahi duzu zenbat dakizun, ala?». Ez dut holakorik nahi!

Nola mantentzen duzu hiztegi orekatu bat, beraz?

Hurrengo liburua sinplifikatzen saiatu nintzen. Ni euskaltzale amorratua naiz, eta, leku askotako hitzak hartu ditudanez, nire baitan ditut. Naturalki ateratzen zaizkit idazteko orduan. Aberastasunari eusten baina soiltzen joaten saiatu naiz. Ez dakit asmatu dudan, baina ni pozik nago emaitzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.