Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Orein arrak, norgehiagoka

Oreinen marrualdiaz gozatzeko bisitak egiten dituzte Gasteizko Salburua parkean udazkena iristearekin batera. Animalia horien ugaltzea da aldi honetako helburu nagusia.
Orein arrek orein emeak erakartzen dituzte orroekin eta adarrekin; adibidez, Gasteizko Salburua parkean.
Orein arrek orein emeak erakartzen dituzte orroekin eta adarrekin; adibidez, Gasteizko Salburua parkean. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko urriak 17 - Gasteiz

Norgehiagoka dabiltza orein arrak Salburuko hezeguneetan, Gasteizen. Behe lainoa da nagusi, eta ez da erraza haiek begiztatzea, baina orroak aise entzun daitezke. Nork izan indar handiagoa, eta nor nagusitu; hori da joko horren legeetako bat. Era horretan, emeak erakartzea dute helburu; naturaren legeak hori agintzen omen du, eta hala ei da oraingoan ere. Lehia bat izango balitz bezala, orein irabazleek, era batera esatearren, eme kopuru handienarekin ugaltzeko aukera izango dute denboraldi honetan.

Udazkenaren etorrerarekin batera izan ohi da orein arren marrualdi garaia, eta, horretaz gozatzeko, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bisitak antolatu ditu urrirako Salburuko parkean. Hamar pertsonako taldeak osatu ohi dituzte, eta bi aukera daude txangoaz gozatzeko: oinez edo bizikletaz. Atzo goizean egindakoan, ez zegoen bizikletarik, eta bertaratutako sei bisitariek oinez ekin zioten bideari. Ataria interpretazio zentroan hasi zen, eta Josu Galvez Calerok eman zituen azalpenak.

Hegaztien migraziorako funtsezko eremua da Salburukoa, Galvezen hitzetan, baina orain oreinetan jarri behar da arreta: «Hau da beraientzat garairik garrantzitsuena; urte osoan, bananduta bizi dira arrak eta emeak, beraien kumeekin batera, baina, orain, elkartzeko eta estaltzeko garaia da». Bidean aurrera egin ahala antzeman daiteke hori horrela dela, barneraino sartuta dagoen lainoak utziz gero, bederen. Gorpuzkerak eman dezake pista oreinetako bakoitza arra edo emea den jakiteko.

Jokabidea ere garrantzitsua da: emeek hautatzen dute arra, baina arra da emeak nora mugitu erabakiko duena. «Artzain txakur batek ardiak bezala», Galvezen esanetan. Era horretan, eremu bat bereganatzen dute arrek, eta emeak inguru horretara bideratzen saiatzen dira. Inguruan etsaien bat baldin badago, hura uxatzen saiatzen dira, eta helburua bat eta bakarra da: kopulatzea. «Arrak hautatutako eremuan hamar-hamabi eme inguru egon daitezke, eta denak estaliko ditu; are, emeak kitzikatzeko, arrek mingaina atera ohi dute, eta atzetik ere joaten dira, gero eta gehiago berotu daitezen».

Gidariak azalpen horiek eman bitartean, haur bat, largabistak erabiliz, alboan duen anaiaren xira distantzia batetik ukitu nahian dabil. Andoni eta Silvia gurasoekin joan dira bisitaz gozatzera. Salburua auzoan bizi dira, eta marrualdia bertatik bertara ezagutu nahi izan dute. «Ez da erraza izan goizean goiz jaikitzea, baina hemen gaude ». Haurren eran, prismatikoak dituzte soinean gurasoek ere, ilusio optikoaren engainuz edo, baina, beharbada, animalia horiek beraiengandik gertuago sentitzeko gogoz egongo dira.

Orein ar bat da bisitari horien guztien begiraden jopuntua. Bera da nagusi eremuan; beste bi noraezean dabiltza, inguruan, baina boterea duenak agintzen ei du sarritan, eta, oraingoan, bederen, horrela da. Galvezen arabera, adi egon ohi dira gau eta egun, etsairen bat, alegia, beste orein arren bat, eremua sar ez dadin. «Normalean, hiruzpalau ordu egiten dituzte lo, baina, marrualdian, hori ere ez dute egiten! Beraien lekua kontrolatzen dute, datorrena uxatzeko asmoz». Egun horiek gainditzeko, ea oreinek kafetegiren bat duten galdetu du Tarragonatik [Herrialde Katalanak] lagun batekin heldu berri den bisitariak.

Hala ere, gaurkoan, ez dirudi etsaiak joko gogoz daudenik. Gainera, ez omen da ohikoena borrokan hastea. «Liskarren bat egon daiteke batak ez badu bestearen eremua errespetatzen, baina ez da normalena, nekea eragin diezaiekeelako», adierazi du gidariak. Horren guztiaren jakitun, bertaratutako gehienek bat egin dute: «Hobe soltero egotea!».

Ikusi, ikasi eta errespetatu

Hasitako leku berean eman dio amaiera txangoari Galvezek, Ataria interpretazio zentroaren atarian, baina, bukatu aurretik, orein adar batzuk atera, eta bisitariek horiek ikusteko eta ukitzeko aukera izan dute. «Behealdetik hasita, lehen puntak borrokalari izena hartzen du; bigarrena, kontraborrokalaria da, eta, goialdean daude kriseilua eta koroa». Erantsi du adar horiek garezurretik ateratzen zaizkiela, eta belusezko estalki antzeko bat izaten dutela; behin hori eroritakoan ikus dakieke neguaren amaierara arte iraungo dien adajea.

Bertaratutakoak gustura dabiltza adar horiek ezagutzen, eta guztiek adierazi dute «pozik» daudela; nahiz eta behe lainoa egon, uste dute horrek ere eremuari «xarma» ematen diola.

Lilura hori mantentzeko, ordea, eremua zaintzea ere beharrezkoa da, eta hori azpimarratu du Galvezek: «Ikusi, entzun eta ikasi egin behar dugu, baina, betiere, errespetuz, ez dagoelako B planik; guztion artean lortu behar dugu elkarbizitza, ingurumenarekin bat eginda».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Fernando Rey itzultzailea eta Irene Vallejo idazlea, Iruñean egindako aurkezpenean. ©KIKE MORA

«Ahozkotasunari eginiko omenaldia ere bada»

Jakes Goikoetxea

Liburuen jatorriari buruzko saiakera atsegingarri, osatu eta arrakastatsu bat idatzi zuen Vallejok. Euskarara itzuli du Fernando Reyk, Pamielaren eskutik: 'Infinitua ihi batean'.
1 ©IDOIA ZABALETA / @FOKU

Urriaren azkenean, gaztaina etxean

Olaia L. Garaialde

Lehen, oinarrizko jakia zen gaztaina, baina, orain, gutxitan jaten da; esportatu egiten zen lehen, eta inportatu orain. Azken mendeetan, harremanak sortzen lagundu du. Batzuek historia ahaztu izan arren, badira gaztainari bizi berria eman dioten pertsonak, proiektuak eta ekintzak ere.

Uigurrek jasaten duten errepresioaren aurkako manifestazio bat, Hong Kongen, 2019ko abenduan. ©JEROME FAVRE / EFE

Uigurren etniako 71 kazetari preso ditu Txinako Gobernuak

Urtzi Urkizu

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute informazio eskubidearen kontrako «errepresio gogorra» dagoela gaur egun Txinan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.