Subijanak justizia errestauratiboa lortzea jarri du helburutzat

Iñaki Subijanak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidente kargua hartu du. Pandemiarako «araudi zehatz bat» eskatu die legegileei; auzitegiei, berriz, «argi» azaltzeko erabakien irizpideak

Subijana, Biurrun eta Lesmes, atzoko kargu-hartze ekitaldian, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun

Iñaki Subijanak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidente kargua hartu du. Garbiñe Biurrunek pasatu dio lekukoa, lan horretan hamar hilabetean behin-behinean aritu ostean. Subijana magistratu progresistak Juan Luis Ibarra ordezkatuko du, hark erretiroa hartu duelako. Kargua hartzeko ekitaldia atzo egin zuten, Bilbon. Bertan, hainbat helburu finkatu zituen; besteak beste, justizia errestauratiboa eta elebiduna lortzea. Subijanak gazteleraz egin zuen hitzaldi osoa; euskaraz egindako hitz bakan batzuk izan ezik.

Bere jardunerako bederatzi xede zehaztu ditu. Justiziak «biktimei eragindako bidegabeko kaltea erreparatzeko ereduen» aldeko apustua egin behar duela iruditzen zaio. Bide horretan, justizia errestauratiboaren alde egin du Subijanak, bai zigor eta espetxe arloan, baita arlo juridiko zibilean, familiarrean, komertzialean, administratiboan eta sozialean ere. Zigor eta espetxe arloan, bi helburu lor daitezkeela uste du: «Pertsonak berriz elkarrekin konektatzeko beharrak betetzea; hala nola eragindako bidegabeko kaltearen erantzukizuna bere gain hartzea eta kalte horren erreparazio materiala eta emozionala, ahalik eta mailarik handienera iritsi arte eta justizia publikoaren aginduak betetzea, eragindako bidegabekeria aitortuz eta horrek eragindako desoreka konponduz».

Justizia elebiduna izatea ere jarri du jomugatzat, «epaitegiekin eta auzitegiekin komunikatzen diren pertsonen hizkuntza eskubideen erabilera ahalbidetzeko». Bide horretan, garrantzitsua iruditzen zaio epaileei euskara ikastea erraztea.

Genero bazterketako kasuetan, justiziak babestu egin behar duela azpimarratu du. Horrenbestez, hainbat neurri bultzatu nahi ditu Subijanak: biktimei prozesuan dituzten eskubideen inguruko informazio hobea ematea; biktimak ez birbiktimizatzeko, epaileei eta auzitegiei horren inguruko jakintza ematea; emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegien instalazioak egokitzea... Gainera, «pertsona ahulenentzat» ere eskuragarria izango den justizia bat nahi du Subijanak. Hori lortzeko, hainbat aldaketa proposatu ditu: besteak beste, arauz kanpoko funtzionaltasuna atzemateko laguntza teknikoa izatea; informazio «argia, erraza eta ulergarria» eskaintzea pertsona horiei; eta ebazpenak eta sententziak erraz irakurtzeko egokitzea.

Haurrei eta adinekoei ere begiratu nahi die Subijanak. Umeei dagokienez, ekintza judizialak haien egoerara eta garapenera egokituta egin daitezen nahi du, adituen laguntzarekin, haien intimitatea babestuz eta ulertzeko moduko hizkera erabiliz. Helduenei dagokienez, berriz, beste neurri batzuen artean, endekapenezko gaixotasunetarako erantzun zehatzei modua ematen dieten dinamikak ahalbidetzea nahi du.

Indartu nahi duen beste puntu bat digitalizazioa da. Izan ere, justiziaren alorrean horren beharra ikusten du: «Eztabaidaezina da —eta osasun pandemiak argi utzi du— justizia sistemak txertatuta dagoen gizartearen garapen teknologikora egokitu behar duela».

Justiziak hezkuntza sistemarekin eta unibertsitate sistemarekin elkarlanean aritu behar duela ere iruditzen zaio. Justizian heztea eta halako programak sendotzeko beharra aipatu du, beste hainbat helbururen artean, justizia sistemaren futzionamenduaren «oinarrizko ezagutza» izateko. Azkenik, beharrezkoa iruditzen zaio justiziak gizartearekin konektatzea, eta ezinbestekotzat jo du justizia demokratikoa izan dadin gizartearekin etengabeko komunikazioa mantentzea, besteak beste, epaitegien eta auzitegien funtzionatzeko modua ezagutaraziz.

Arau zehatzen eskean

Ezin zen bestela izan, eta pandemiak baldintzatu zuen kargua hartzeko ekitaldia. Subijanak hizpide izan zuen COVID-19aren pandemia, eta legegileengana eta auzitegiengana zuzendu zen: «Araudi zehatz bat» eskatu die lehenengoei; bigarrenei, berriz, «argi» azaltzea gobernuen murrizketen inguruan hartutako erabakiak justifikatzen dituzten irizpideak. Gisa horretara, «nahasketak» eta «gizartearen desorientazioa» saihestu nahi ditu.

Subijanak, kargu hartzeko ekitaldian, ondoan izan ditu Garbiñe Biurrun Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidentea eta Carlos Lesmes Espainiako Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea. Biurrunek hitzaldi erdia euskaraz eta erdia gazteleraz egin du, eta esan du beretzat «ohorea eta ardura» izan dela hamar hilabetean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidentea izatea. Pandemiak bere jardunean eragina izan duela azpimarratu du, eta hark azaleratutako «gabeziak» ere hizpide izan ditu; baliabide digitalen eta teknologikoen falta, kasurako. Halere, denbora horretan epaileek egin duten lana nabarmendu du. Gainera, Subijanarekin, auzitegiarentzat «sasoi handi bat» izango dela uste du. Lesmesek, berriz, Subijanaren «jarrera kontziliatzailea eta moderatua» azpimarratu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.