Bermea ala abantaila?

Zenbait kargu publikok duten foru izaera pribilegio bat dela uste dute askok. Ohiko auzitegietan epaitu ordez, auzitegi nagusietan epaitzen dituzte forudunak. Hego Euskal Herrian, Gernikako Estatutua eta Nafarroako Hobekuntza erreformatu beharko lirateke figura hori kentzeko.

Eusko Legebiltzarrekolegebiltzarkideak EAEko Auzitegi Nagusian epaitu behar dituzte. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Forudun izatea polemika iturri bilakatu da azkenaldian. Figura juridiko hori pribilegio modura ikusi du zenbaitek, eta, begiratu batean, hala eman dezake. Askoren iritzian, forudunen egoera berdintasun printzipioaren aurka doa; batez ere, justiziaren aurrean herritar guztiak ez direla berdinak pentsatzeko bidea zabaltzen duelako eta lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen dituelako. Beste batzuen aburuz, ordea, berme edo babes bat da; inolaz ere ez pribilegio bat.

Baina zer esan nahi du forudun izateak? Definizioz, arau juridiko berezien agindupean dagoen pertsona da foruduna. Funtsean, esan nahi du ohiko legeak ezarritako auzitegi berezi batean epaitu behar direla forudunak, auzitegi arruntetan epaitu beharrean. Esate baterako, Espainiako Konstituzioaren 71.3 artikuluaren arabera, diputatu eta senatarien aurkako auzietan, Espainiako Auzitegi Goreneko zigor arloko sala izango da eskudun, eta auzitegi berean epaituko dira Espainiako Gobernuko presidentea eta ministroak, 102.1 artikuluak zehazten duenez.

Parlamentarien eta bestelako zenbait kargu publikoren estatutuetan ere badago jasoa foru berezia. Euskal Herrian, forudunak dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako parlamentariak, Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan ardura gorenak dituzten politikariak, eta bi erkidegoetako epaileak, fiskalak eta arartekoak. Baita polizia guztiak ere. EAEn, Gernikako Estatutuan araututa dago figura hori, eta, Nafarroan, Foru Hobekuntzan. EAEko eta Nafarroako Auzitegi Nagusietan epaitzen dituzte forudunak. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hautetsiek ez dute halakorik —Frantziako Estatuko gobernuko kideak soilik dira forudun—.

Espainian, forudunen kopuruak ez du parekorik Europako beste herrialdeekin alderatuta: 2.000 politikari eta 15.000 legelari inguru eta estatuko segurtasun indarrak kontuan hartuta, 250.000 baino gehiago. Espainiako erregea eta haren senitartekoak ere forudunak dira. Inguruko herrietan ez da batere ohikoa foru berezi hori. Frantzian, Errepublikako presidentea, lehen ministroa eta gainerako ministroak baino ez dira forudunak. Portugalen eta Italian, berriz, presidentea da forudun bakarra. Ohikoena da, baina, forudunik ez izatea: hori da Alemaniaren, Erresuma Batuaren eta AEBen kasua, esaterako.

Espainian figura hori mugatzeko urratsa egin nahi dute. Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak egin du proposamena, hautetsien forua konstituziotik kentzeko, betiere hautetsi moduan egiten duten jardueratik kanpoko kontuengatik epaitu behar badituzte. Oro har, alderdi guztiak agertu dira alde, baina nori kendu, nola eta noiz egin, horretan ez dira ados jartzen.

Alderdiak, ados

Zergatik daude forudunak hain gaizki ikusita gizartean? Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuak argi du erantzuna: «Herritarrek ez dutelako konfiantzarik forudunak epaituko gaituzten auzitegietan». Espainiako Konstituzio Auzitegiak 1997an kaleratutako epaian zioen forudun izatea tresna dela Gorte Nagusien zein botere judizialaren independentzia instituzionala bermatzeko. Ordea, Biurrunek uste du errealitatea oso bestelakoa dela. Izan ere, estatuko goi auzitegiak dira gehien «politiza» daitezkeenak: haien magistratuak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aukeratzen ditu, eta kontseilu horretako kideak, halaber, alderdi politikoek izendatzen dituzte.

Hego Euskal Herriko alderdiak ere ados dira foru berezia desagertzeko beharrean. Horretarako, baina, Gernikako Estatutua eta Nafarroako Hobekuntza erreformatu beharko lirateke. EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eraman du figura hori kentzeko eskaera, legez besteko proposamen batean. «Pribilegio bat da, eta desagertu behar da», azpimarratu du Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkideak. Koalizioak estatus berriaren testu artikulatua idazteko ardura duen adituen batzordeari eskatu dio egin ditzala lege aldaketak forua testutik kentzeko. Goirizelaiak azaldu du forudun guztiak desagertzearen aldekoa dela koalizioa, «demokraziaren ikuspuntutik zentzurik ez duelako» eta legearen aurrean berdintasun printzipioa urratzen duelako. Azaldu duenez, egun badaude «bestelako tresna» batzuk berme gisa erabili daitezkeenak, hala nola adierazpen askatasuna edo bortxaezintasuna.

Eusko Legebiltzarrean hainbat aldiz eztabaidatu dute gaia. Azkenekoz, joan den legealdian, 2016ko ekainean. Orduan, talde guztiek aho batez eskatu zuten forudunaren figura desagerrarazteko, eta, era berean, horri bide emateko lege erreformak abiatzeko galdegin zioten Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. «Jeltzaleok beti defendatu dugu zorroztasunez heldu behar diogula gaiari, bestelako ereduei erreparatuta eta akordioa bilatuta», azaldu du David Latxaga EAJko legebiltzarkideak. Haren ustez, foruduna izatea «ez da pribilegio bat, ezta eskubide berezi bat ere», baina figura horren «erabilera oker batek» gizarteak «zigorgabetasunarekin» lotzera eraman du. «Populismo oker bat dago gaiari buruz».

Nafarroako Parlamentuko talde guztiek ere begi onez ikusten dute foru berezia kentzea. «Anomalia demokratiko hutsa da», azpimarratu du Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak. Uste du ez dela «bateragarria» berdintasun printzipioarekin eta ez dela «onargarria» botere guztia Auzitegi Gorenaren esku uztea. Martinez forudun guztiak kentzearen aldekoa da, baina onartu du Foru Hobekuntzaren erreforma bat egiteak «zaildu» egiten duela prozesua.

«Foru izaerak disfuntzioak sortzen dizkio justiziari»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.