Kataluniako hauteskundeak. Elkarrizketa. Susanna Segovia. Catalunya en Comu-Podemeko diputatua

«Bietan behar dira prozesu konstituziogileak: Espainian eta Katalunian»

Segoviak uste du osteguneko hauteskundeetan Rajoyrena izan dela porrotik handiena; «Oso gogoan hartu beharko lituzkete emaitzak, eta hausnarketa egin Madrilek Kataluniako arazoari heltzeko moduez».

BERRIA.
jon olano
Bartzelona
2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Susanna Segovia (Badalona, 1973) Catalunya en Comu-Podemeko parlamentaria izango da abiatzekoa den agintaldian. Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da, baina urte askoan ibili da kooperazioan; Ekuadorren bizi izan zen hamabi urtez herri partaidetza prozesuak sustatzen Kataluniako Lankidetza Agentziarekin. 2014an egin zuen bat Barcelona en Comurekin.

Zer analisi egiten duzu hauteskundeen emaitzez?

Ez dira hauteskunde normalak izan, aintzat hartuta nola deitu diren: 155. artikuluarekin, hautagaiak kartzelan zirela... Kanpaina bera ere anormala izan da. Emozioetan eta sentiberatasunean oinarrituta egon da, bi blokeetako alderdiek baliatu dute hori beren intereserako. Hauteskunde plebiszitarioak zirela baieztatu da; 155 versus DUI, hori zen kontua, eta ez horrenbeste independentzia bai edo ez. Hori hausten saiatu gara gu, kanpainan bestelako gaiak aipatuz, eta uste dugu neurri batean lortu dugula; Ciutadansek gizarte politikaz hitz egin izana da horren erakusle. Absurdoa da, zerbitzu publikoen pribatizazioak babesten dituztenean. Makineria mediatikoa ere aipatu beharra dago, ez baitute 155.a eta DUIa baino aipatu.

Ordezkaritan zuen parean zeuden beste bi alderdien aurrean, esan daiteke eutsi egin diezula. PP 11tik hirura eta CUP hamarretik laura pasatu dira. Zuek 11tik zortzira.

Argi dago Mariano Rajoyrena izan dela porrotik handiena; Espainia gobernatzen duen alderdiak Kataluniako Parlamentuan hiru diputatu izateak agerian uzten du arazo bat duela. Oso gogoan hartu beharko lituzkete emaitzak, eta hausnarketa egin Madrilek Kataluniako arazoari heltzeko moduez; izan ere, agerian geratu da berriz ere herritarren %47 independentziaren alde daudela eta herritar horiei ezin zaie 155.aren bidez erantzun.

CUP urrunegi joan dela esango nuke, independentzia jarri dute beste ezeren aurretik, ezkerreko politika sozialen gainetik, eta hori zen bere ikurretako bat.

Kritiketako bat izan da 155 eta DUIaren arteko distantziakidetasuna.

Nik uste dut ez dela distantziakidetasunik izan. Madrilek beste modu batean erreakzionatu behar zuen, hasieratik bukaera arte esan zitzaion judizializazioaren bidez ez zuela ezer lortuko; errepublikaren aldarrikapenaren bezperan bestelako jarrerak erakutsi behar zituzten, bereziki sozialistek eta Madrilek. PSOE Madrilen bermea izan da Kataluniaren kontrako borroka honetan. Argi esan dugu hori, esan dugun bezala ez zela alde bakarreko independentzia aldarrikatu behar.

Zuen botoak Espainiaren batasunaren aldekotzat jo behar al dira?

Gure programan jasotzen dugu autogobernua hobetzea nahi dugula eta aldebiko harremana nahi dugula Espainiako Gobernuarekin. Bietan behar dira prozesu konstituziogileak: Espainian eta Katalunian. Guk argi eta garbi esaten dugu bakarrik ez dugula aurrera egingo, erreferendumak hitzartutakoa behar duela izan; eta, behin galdeketaren inguruko itun nazionala adosten denean, orduan zehaztuko ditugu gure aukerak, argi izanda konfederazioaren bidea defendatu dugula, azkenean besteak bezalakoa izango den beste estatu bat sortzea defendatu baino gehiago.

Zein aukera daude Madrilen?

Lehenengo aldia da Madrilen 80 diputatu daudela erabakitzeko eskubidea defendatzen. Sozialistek birpentsatu beharko dute zein izango den euren etorkizuna, Katalunian eta estatuan. Pedro Sanchezek Rajoyrekin hautsi nahi zuela esanez irabazi zituen primarioak, eta orain beraren alboan jartzen da argazkietan. Elkarrizketa eta erreferenduma da bidea. PSOE proposamen horretara mugiarazi behar ditugu.

Erkidegoetako bozak ez dira zuen habitat naturala?

Blokeen dikotomia horretan jarraitzen dugun bitartean, guretzat oso zaila izango da emaitza onak erdiestea. Ciutadansen botoa arbuio boto bat izan da. Udal kode batean bestelakoak lirateke emaitzak. Askok esaten zieten gure ahaldunei; Bartzelonarakoetan bai, baina hauetan ez, zeren nik independentzia nahi baitut. Generalitatea, baina, hori baino gehiago da, errepublika edo monarkia aldarrikatzeko balkoi bat baino gehiago da. Autokritika ere egin behar dugu, ulertarazi behar diogulako jendeari gizarte politikak non erabakitzen diren.

Prozesu konstituziogilean parte hartzeko prest al zeundekete?

Kontua da prozesua estatu berri baten edo errepublika berri baten sorrerarekin lotzen dela, eta, niretzat, prozesuak zer estatu eredu edo herrialde eredu nahi dugun eztabaidatzeko izan behar du. Herri eztabaida horretan sinesten dugu. Eta ez soilik Katalunian. Madrilen ere egin behar da. Ezin da giltzarrapoa beti itxita eduki; sozialistak ausartu behar dira irekitzen, baseetatik ere eskatu diote hori, 78ko giltzarrapoa irekitzeko prozesuetan egongo gara gu; Konstituzioa gaur egungo gizarte pluralera egokitu behar dugu, ez baita 40 urteko diktaduratik atera zen gizarte bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.